Erlatibo jokatugabe baten gainean

Elixabete Perez Gaztelu

Gaurko gaia, berriz ere, hizkuntzaren erabilera batek niregan sortzen duen harridurarekin dago ezkondua.

Kontua da ikasleen lanetan hasia naizela gero eta maizago suertatzen ergatibodun perpaus erlatibo jokatugabeekin (horrela esatea badago). Hauen modukoekin:

Festa antolatutako enpresak dioenez

Antolatu aditz iragankorra bada, hor bezala, lehenago esperoko genuke erlatibizatua[1] objektu funtzioa subjektua baino; demagun, esanahia aldatuta, «Enpresak antolatutako festa arrakastatsua izan da». Eta arestiko perpausaren esanahiari eutsi nahi izanez gero, berriz, aukera arruntena, niretzat behintzat, adizki jokatuko perpausa litzateke: «Festa antolatu duen enpresak dioenez». Edo, kasu honetan behintzat, irtenbide lexikoa. Adib.: «Enpresa antolatzaileak dioenez» («Enpresa festa-antolatzaileak dioenez»?).

OEHko antolatu hiztegi-sarrerako hiru antolatutako erlatibo jokatugabeak horrelakoxeak dira, antolatu aditzaren erabilera iragankorreko objektu zuzenak.

Euskaltzaindiaren 2011ko perpaus jokatugabeen gaineko gramatikak ere, nahiz ergatiboak erabat baztertzen ez dituen, erlatibizatzeko eskalan aukera handiagoa ematen dio kasu absolutiboari ergatiboari baino.

a. Erlatibatzeko eskalari dagokionaz, erran daiteke perpaus erlatibo jokatugabeetan maiztasun eta erraztasun handiagorekin agertzen direla absolutiboan diren izen-sintagma erlatibatuak (3a), nahiz ergatiboan ere izan daitezkeen (3b):

(3)
a. Ez dut gauza onik pentsatzen [gizon haiek egindako] lanaz.
b. Ez dut gauza onik pentsatzen [holako lanak egindako] gizonez.

(EGLU-VII: 417)

Cidek ere Sareko Euskal Gramatikan perpaus erlatibo jokatugabeen deskripzio bera ematen du; absolutiboa (dela iragangaitzeko subjektu, dela iragankorreko objektu zuzen gisa) aiseago erlatibiza daiteke ergatiboa baino. Testu idatzien lagin bateko datu hauexek ere ematen ditu Estatistika txiki bat atalean:

-TAKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen portzentaje-banaketa: abs. (NOR) %98,76; erg. (NORK) %1,23.

Bada, parte hartu aditz-esapidea tarteko dela irudipena daukat ergatiboa, subjektua ari dela nagusitzen erlatibo jokatugabeetan (erlatibo jokatuaren eta parte hartzaile irtenbide lexikoaren kaltetan). Nire begi-belarriei bitxi samar egiten zaizkien hauen tankerakoetan:

Kontzertuan parte hartutako denei zorionak eman zizkien

Komunikazio ekintzan parte hartutako partaideen arteko komunikazioa nolakoa den aztertu

Pentsatuaz ez dela gure ikasleen jokamolde berezi eta bakarra, ohiko bidea egin dugu: antzeko adibideak beste corpus batzuetan bilatu. OEHko parte hartu hiztegi-sarreran ez dut adibiderik batere topatu aztergai dugun parte hartutakorenik. EPGn parte hartutakok prentsan 14 esaldi ditu, 11 artikulutakoak, eta liburuetan 10 esaldi (hirutan ez beste guztietan ergatibo erlatibizatuarenak) liburu banatakoak (lau itzulpen ere tartean) daude.

ETCko corpusean adibide askotxo daude; guztiak Argia, Berria, Egunkaria eta Goienkaria egunkari-aldizkarietakoak.

Elhuyarren Webcorpusean ere badaude gisa bereko adibideak: ikastetxeetako, udal-, lurralde– eta bestelako erakundeetako, era bateko eta besteko aldizkariegunkarietako, wikipediako, liburu bateko edo besteko…

Eta Googlen ere bai:

Alegia, orain datuon kopuruak sortu dit harridura, harritzen ninduen erabilera uste baino zabalagoa dela ikusi baitut. Harriduratik abiatuta beste urrats bat egiteko hauxe kanporatzera ausartuko naiz, jakinik ere ez dela ez erabateko ez artesirik gabeko azalpena izango.

Parte hartu subjektu ergatiboduna da, baina ez dirudi aditz iragankorra denik, iragangaitz inergatiboa baizik; alegia, kanpoko argumentua besterik ez duen, subjektu ergatiboa duen, baina objekturik ez duen (*ZER parte hartu) aditz-esapidea. Alde horretatik, aditz iragankorren murriztapen bera izango luke, alegia, eskalan ez luke aukera handirik subjektua erlatibizatzeko[2]?

Baina haiek ez bezala, objekturik ez izatean, iragankorren aukera ohikoena (objektua, absolutiboa) erlatibizatzerik ez dauka. Hortaz, zein aukera dauzka jokatu gabe erlatibizatzeko? Gainera, aditzaren «hurbileko osagarria» ere kontuan hartzen badugu («parte hartu ZERTAN»), ez dirudi alde honetatik ere oso erraza daukanik parte hartuk jokatu gabe erlatibizatzeko.

(45)
a. ?[Hitz egin dizudan] idazleak (izen sintagma erlatibatua instrumentalean izanki)
b. [Aipatu dizkizudan] idazleak

Adibide hauek ikusirik, ez da dudarik bigarrena anitzez argiago eta naturalago dela: aditz trantsitiboa erabiliz (aipatu) objektu zuzena erlatibatzen da (45b); hitz egin aditzarekin, berriz, adizlagun bat erabiltzen da aditzaren hurbileko osagarri ez dena (instrumentala): erlatibakuntza ez da hain erraza eta bortxatua bezala.

Oso garrantzi handia du puntu honek euskaran, erlatibatzeko eskalak askotan aditzen aukeraketa bidera baitezake. (EGLU-V: 193).

Horregatik jo dute hiztunok subjektu ergatiboa erlatibizatzera? Ez dakit.

Azalpen taxuzkoagoren baten eske, Lizardi etorri zait gogora, beti berezi harrapatu izan dudan harako «Leihoak itxitako jauregia / basoak iduri» Antton Valverdek ahoan duela. Baina hori ere beste baterako utzi beharko.

(Barkatu. Beharbada nire asmazioa besterik ez den harridura asti-lapur bihurtu zaizue).


[1] Erlatibizatu formaz baliatuko naiz, Hiztegi Batuaren proposamenari helduta, nahiz gramatiketan ez duten autore guztiek horrela erabiltzen. Sarrerako aipuak lekuko.

[2] Ez dut honenbestez esan nahi aditz-esapide guztiek, ezta «izena + hartu» osaerako guztiek modu bereko jokamoldea dutenik. Esate baterako, Zehazkik accidentado 1 adj (persona) (istripuan) min hartutako, kolpatu(tako) itzultzen du, baina bistan da bi aditz-esapideon ezaugarri tematiko eta semantikoak ez direla gisa berekoak: min hartu duenak ez du min hartzean egile edo eragiletasunik (min hartzearen ‘jasailea’ edo da) eta parte hartzeak, berriz, nolabaiteko egiletasuna eskatzen du. Sarreran gai asko utzi ditugu alde batera, hau ere bai.