Joanes Haraneder (I): Garbiki eta fidelki

Iñigo Roque Eguzkitza

Aurreko batean, Erreformak eta Erromak itzulpenen arloan izaniko liskarrez aritu ginen, gogoan izango duzuenez. Ez zen, hala ere, su hura laster itzali. Horren lekuko dugu XVIII. mendearen erdialdera Joanes Haranederrek itzulitako Jesu Kristoren Ebanjelio Sainduiaren «Aitzin solasha».

Izan ere, sinesten lanak baditu ere, Itun Berriak ez zuen 1740. urtera arte izan euskarazko itzulpen «katoliko»rik. Kexu zen horregatik Haraneder Donibane Lohizuneko erretorea.

[…] Jainkoak haiñitz grazia bereziz seiñalatu izan dituen arren eskaldunak bere haur maiteenetarik batzu bezala, ondikoz orai arterainokoan nihor ez da izatu irakurtzerat eman izan daroenik bere Aita onaren Testamenta, eskararat, eskaldun guziek adi dezaketen lengoaiarat, itzulia; nihor ez da izatu bere Aita amulsuak utzi izan daroen ogia eskurat eman daroenik.

Ikusi dugunez, garai hartan papistak ez ziren oraindik itzulpen zale. Pentsa liteke, orobat, Haranederrek ez zuela Leizarragaren lanaren berri izango, bere itzulpena lehenbizikotzat, primiziatzat, hartzean. Ez, bada.

Egia da bada Joanes Leizarraga zeritzan Berakoizko aphez edo erretor zen batek noizbeit aspaldi inprimarazi izan zuela Testament berriko liburua, berak eskararat itzulirik;

Jakitun zegoen, beraz, Haraneder, eta, gainera, laster ohartarazten digu hura lan kutsatua dela, inondik ere.

[…] baiñan nola dohakabe hura, errelijione katholika eta egiazkoa utzirik ordukotz ja itzulia baitzen bera Kalbiñen sekta izurriztaturat eta haren heresia pozoatuaz kutsatua, ezin gelditu da bere obrari iretxeki gabe zenbeit lekhutan berak hartu izan zuen izurritik eta iretsi izan zuen pozoinatik; eta hala, beldurrez ezen, zenbeit arima fidelek bere gose izpiritualean liburu khutsatu hura azarkaturik, jan ustean bere Aitaren ogi phurutik, jan ez dezan gizon etsai eta dohakabe hark han barraiatu izan duen pozoatik ere […]

Itzulpena, hartara, ingurumari gatazkatsu hartan kokatzen du itzultzaileak. Giro hura du bultzagile, gainera. Hura eta apezpiku jauna.

[…] gure jaun Aphezpikuak, bere ardien salbamenduarentzat duen griñaz eta hek bazka on eta sainduetan erabiltzeko duen arduraz, desiraturik diozesa huntako zenbeit aphezek Testament berriko liburu sakratu hau eskararat garbiki eta fidelki itzul dezaten, entseiatu izan gare gure egin ahal guziaz haren handitasunaren xedea bethetzerat;

Apezpikuarekin batera, zenbeit aphez ere ahomentatzen ditu itzultzaileak, aditzera emanez bera ez zela bakarka aritu itzultze-lanetan. Eta, gisa berean, egiteko horretarako goiburua ere agertzen digu: garbiki eta fidelki itzultzea. Aurrerago, argituko du zer den garbiki hori, fidelkik ez baitu hainbesteko azaldu beharrik.

[…] eta hortarakotz, iretxeki izan gaizko lehia handi batekien Eliza Ama Sainduaz beregainki aprobatua Vulgata daritzan textuaren ez xoilki sensuari, baiñan oraiño egin ahal bezanbat letrari berari; eta letrari zorrotxki eta urratsez urrats jarraikiz, sensua gure lengoaian ezin ungi azarka daiteken lekhuetan, ez gare atrebitu gere burutarik deusere ematerat;

Ad sensum edo de verbo ad verbum dilema klasikoari muzin egin, eta bietan saiatzen da: zentzuari eta, areago, letra segidari ere eusten, batez ere zentzua gure hizkuntzan bete-betean ezin eman daitekeelarik. Azken batean, itzultzaile katolikoak ez du interpretaziorako eskurik, beretik ezin jar dezake ezer itzulpenean, erreformazaleek ez bezala, eta, hartara, zentzua ezin atzeman daitekeenean letraz letra itzultzea beste biderik ez du.

Aurreko paragrafo horretan, Haranederrek gaztigatzen digu Vulgata izan duela oinarri, eta nabarmentzen Elizak aprobatutako testua dela. Hurrengoan, aldiz, itzultzailea zordun ageri da bi frantses itzultzailerekin, Le Maistre de Sacy jansenistarekin (1613-1684) eta Aita Bouhours jesuitarekin (1628-1702), haiek ere autore aprobatuak baitira, eta, hartara, lagungarri bidezko eta onurazko, zentzu garbia eta naturala lortzeko; garbitasuna, beraz, zentzu ebanjelikoan hartu behar genuke.

[…] aitzitik baliatu izan gare Jaun Maitre De Saci eta Aita Bouhours textu hura bera franzeserat itzuli izan duten bi author aprobatuen baithan aurkhitu dugun laguntzaz, batean batari, bertzean bertzeari garraizkola, textu sakratu haren sensu garbia eta naturala gure lengoaian atzemateko gaitzenik diren lekhuetan batak edo bertzeak bide zelhaiena erakutsi izan darokun arauera.

Luma zorrotz bezain trebea izan zuen Haranederrek. Bai horixe! Hala ere, Itun Berriaren itzulpena luzaro egon zen gorderik, harik eta 1854an M. Harriet eta P.N. Dassance apaizek «artha bereziarekin, garbikiago, lehenbiziko aldikotzat agerrarazi» zuten arte, eta, orduan ere, lau ebanjelioak baino ez ziren bildu edizio hartan. Eskuizkribua, haatik, galdua da, eta, gaur egun, Uztaritzeko apaiztegi ttipiko Robin abizeneko apaiz baten eskuzko kopia «orraztua» baino ez dugu, baina horiek beste kontu batzuk dira.

2 erantzun “Joanes Haraneder (I): Garbiki eta fidelki” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude