Aditza amaieran?

Juan Garzia Garmendia

Euskarazko esaldien hitzordenaz jardutean, badira bi kontu, inertziaz behin eta berriro aipatuak, okerreko usteetara daramatenak.

Lehenik eta behin, funtzio gramatikaletan oinarrituriko azalpen klasikoa: SOA hizkuntza da euskara, ala SAO hizkuntza?

Horrela, azalpenetik kanpo geratzen dira Subjektuaz, Objektuaz eta Aditzaz besteko funtzioak. Nire ustez, euskararen kasuan bederen, egokiago litzateke (nahiz eta gauza bertsua dirudien), kategoria guztiak aipatzea gehitxo izanik noski, objektua ere ez aipatzea. Hartara, Subjektua eta Aditza bakarrik aipaturik, objekturik ez (edo bai) baina (eta) bestelako osagai funtsezkoren bat duten esaldiak ere sartuko lirateke azalpenean; besteak beste, Mutila alfer samarra da bezalako esaldi arruntak, hots, predikatu-osagarriz eratuak.

Hala, funtzio gramatikalen araberako[1] oinarrizko hitzordenari dagokionez, euskara S(-)A hizkuntza dela esatea ezaugarri funtsezko bat aipatzea litzateke, baiki… hizkuntzaren tipologiari dagokionez. Euskararen joskera (kasu honetan, perpausen menderakuntza) postposizioetan oinarriturik egonik oro har, eta postposizioak aditzari lotzen zaizkionez, ia fisikoki eskatzen du sintaxiak, kasu askotan edo gehienetan, menderagailua erantsiko zaion perpausaren amaieran egotea aditza. Zentzu horretan, bada, ez dago zalantzarik oinarrizko hitzordenaz.

Jakina, perpaus guztiak ez dira mendekoak. Edo, beste modu –interesgarriago– batean esanda: mendeko perpausak esaldiaren parte dira, esaldiaren osagaietariko bat. Esaldi osoak, berriz, bi molde hauetariko batekoak dira (aditzik gabeko esaldiak alde batera utzita):

  • mendeko ez den perpaus bakuna
  • mendeko ez den perpaus konposatua [bere baitan osagai gisa darama(tza)na mendeko perpaus bat(zuk)]

Eta hemen dator bigarren kontua: gauza bat da esatea zein den mendeko perpaus mota gehienek (ia) ezinbestean bete beharreko oinarrizko perpaus-ordena (aditza amaieran), eta beste bat, oso desberdina, ea (perpausak baliatuz eraturiko) esaldiaren osagaiak berdin ordenatzen diren.

Izan ere, esaldian –eta mendeko izan arren esaldien ezaugarrietatik hurbil dauden mendeko perpaus mota batzuetan–, funtzio informatiboek agintzen dute funtzio gramatikalen gainetik, nahiz eta baden korrelazio estatistikorik bi funtzio moten artean. Esate baterako, mintzagai[2] funtzio informatiboa betetzeak erabakiko du non kokatuko den sintagma esaldian, baina aise ikus daiteke subjektu funtzio gramatikala betetzen duten sintagmek joera dutela, estatistikoki, mintzagai izateko.

Gure arteko eztabaidetan, bada, komeniko litzateke kontuok aldez aurretik argituak edukitzea, garbi gera dadin benetan zertan diren adostasun-desadostasunak. Horretarako, funtzio informatiboen gutxieneko ezaguera bat behar dugu, terminologiak terminologia. Hori, eta bi planoak –gramatikala eta informatiboa– bereizteko ahalegin zintzoa.

Bestela, betiko sokatira antzuetan gal gaitezke beste milaka urte batzuetan, zertaz ari garen ere sekula zehaztu gabe. Egizue aproba horri buruzko literaturan, eta ikusiko duzue nola lotu ohi den SOA/SAO kontu berez sintaktikoa, inolako bereizkuntzarik gabe, galdegaiaren kontu informatiboarekin (funtzio informatiboen berri ez dakienik ere ez da falta, horratik)…

Lasai, hala ere: ez dut garatuko hemen kontu hori xeheki. Horren ordez, neure ahalegintxoa egin nahi dut are mugatuxeago uzteko zein den gure arteko desadostasun- edo zalantza-esparrua, ez baita askotan dirudien bezain handia. Une honetan, (definizioetako) lotura-esaldietan dago, ia-ia, halako tirabira bakarra estandarra zaintzen dugunon artean; hots, Zer da gramatika? motako galderen erantzunezko esaldien hitzordena izaten da auzia.

Zehazkiago, ea abantailarik duen, estandar idatzian, Gramatika da… moldeko esaldietan formalki galdegaiaren lekuan doanari (definigaia) bere horretan mintzagai balioa emateak, galdegaia eskuineraturik. Ni ez naiz sartuko oraintxe horretan ere. Aditzaren kokapenari begiratuko diot, besterik gabe; zehazkiago, aditza perpausaren amaieran ematearen kontuari.

Berriz ere, lagungarri izango da ekuazioa sinpletzea: zein esaldi motak dute joera, egungo estandarrean, aditza amaieran ez kokatzeko? Ondoko zerrenda –behin-behineko, ireki– hau ikusita, ez dirudi gutxi izan behar dutenik.

Bada, horixe: kontuan har dezagula hori (ere) hitzordena-guduen beroenean ere. (Hala ere, nahiago duenak libre du noski, nigatik, aditza-beti-atzera/aditza-beti-aurrera talka-jokoan segitzea).

Aditza amaieran ez kokatzeko joera duten esaldi mota batzuk

GALDERAZKOAK

Ikusi (al) duzu zuk film hori?

Noiz ikusi duzu zuk film hori?

Bihar ikusiko al duzu zuk film hori?

HARRIDURAZKOAK

(Hamaika aldiz) Ikusi duzu, orduan, film hori ere!

Izan duzu, hala ere, film horren berri!

Badut-eta film horren berri!

EZEZKOAK

Zuk ez duzu, beraz, ikusi film hori.

BAI/DAGOENEKO GALDEGAIA DUTENAK

Ikusi dut (, bai/dagoeneko,) film hori.

Badut film horren berri.

Joango naiz (, bai,) film hori ikustera.

Banoa film hori ikustera.

EXISTENTZIA PREDIKATUZKOAK (bai galdegaia + izan/egon)

Bada(go) film bat ikusi behar zenukeena.

Izan da halako film bat edo beste aurten.

ADITZA GALDEGAI DUTENAK

Ikusi egin du, azkenean, filma.

Jakin daki horrek zinemari buruz.

GALDEGAI ENFATIKOA DUTENAK

Hamaika aldiz ikusi dut nik film hori.

IZAN/EGIN/EGON… ADITZEKIN ANTOLATUTAKO LOKUZIOAK

Uste dut ikusiko dudala film hori.

Merezi du film hori ikustea.

Dei egiten diot mundu guztiari film hori ikus dezan.

Garbi dago ikustekoa dela film hori.

Aditzera eman dute beste bi astez emango dutela film hori.

NARRAZIO-KATEAK

  Jakin dut film hori emango zutela; erosi dut txartela; ikusi dut, eta esango dizut egia:…

PERFORMATIBOAK

Debekatzen dut/da halako filmak ikustea.

Besterik gabe, hasiera ematen diogu zinemaldiari.

AGINDUZKOAK, ESKAERAZKOAK ETA PROPOSAMENEZKOAK

Ikus ezazu/dezagun bihar film hori.

Ikusi lehenbailehen film hori.

   (Esaten dizut) Ikusteko, ba, film hori.

Esango didazu, mesedez, zer iruditu zaizun film hori?

Ikusiko (al) dugu bihar elkarrekin film hori?

BEHAR/NAHI… ADITZ MODALEZ OSATUAK

Ikusi behar dut/duzu film hori.

Nahi nuke ikusi film hori.

AHALERAZKOAK

Egin nezake kritika gogor bat film horri buruz.

OSAGARRI JOKATUA DAUKATENAK

Esan/adierazi/jakin/ikusi… duzu bihar emango dutela film hori.

Agindu/eskatu nion bi sarrera eros zitzala film horretarako.

Jakingo du zer egin film horrekin.

OSAGARRI JOKATUGABEA DAUKATEN ASKO

Erabaki dut film hori ez ikustea.

Espero dut gogoko izatea film hori.

Ausartu naiz film hori ikustera.

Ikusi zaitut film horretarako sarrerak erosten.

Horra, bada, esaldi mota arrunt batzuk zeinetan aditza ez baitoa amaieran. Jakina, atzera etorri behar genuke aditzez amaituriko hitzordena oinarrizkora, baldin eta horietakoren bat honelako mendeko perpaus bihurtu nahi bagenu:

Ikusi zaitut film horretarako sarrerak erosten + -N bezala >

Film horretarako sarrerak erosten ikusi zaitudan bezala…

Zuk ez duzu ikusi film hori + -NEZ >

Zuk film hori ikusi ez duzunez…

Menderagailuaren arabera, gerta daiteke menderagailuak erdibiturik ematea mendeko perpausa, baina garbi dago ez dela hori gehienetan hitzordena kanoniko, prototipiko, neutro, oinarrizkoa. Hortxe, adibidez:

Zuk ez duzunez ikusi film hori…

Bestalde, halako asko ere naturalak direnez, horra gehitua beste sail handi bat –mendeko perpaus mota ez (guztiz) zurrunena– aditzez amaitzen ez diren perpausen zerrenda luzera:

zuk ez baituzu ikusi film hori

zuk ez duzula(ko) ikusi film hori

zuk ez duzularik ikusi film hori

Norbaitek pentsa dezake aipatzeke geratu den esaldi mota bat dela sailik zabalena (baliteke hala izatea) eta hor aditza amaieran doala erremediorik gabe, baina ez: baieztapenezko esaldietan ere ez dago indarrean inolako agindurik aditza amaiera joan dadin:

Zuk ikusi duzu film hori.

Zuk ikusi egin duzu film hori.

Ikusi egin duzu zuk film hori.

Film hori ikusi duzu zuk.

Film hori ikusi egin duzu zuk.

Ikusi duzu zuk film hori.

Aukeron artean, jakina, bada aditzez amaituriko esaldirik:

Zuk film hori ikusi duzu.

Zuk film hori ikusi egin duzu.

Baina horixe baino ez dira aditzez amaiturikoak: askoren arteko aukera batzuk. Areago, noski, osagai gehiago sartuz gero esaldian, ez baitira izaten batere naturalak mintzagai ugariko esaldiak.

!Zuk, gaur, denbora pasa, etxean, lagunekin, film hori ikusi duzu.

Ken dezagun, bada, burutik kontua: ez dago inolako legerik baieztapen-esaldiak aditzez amai daitezen. Informazioaren antolaerak erabakiko du nola ordenatzen diren osagaiak, eta mintzagaia(k) eta galdegaia baino ez dira joango aditzaren aurretik; gainerako osagaiak, aditzaren atzetik joango dira lasai asko.

Hala, beraz, teoriakeriaz zozo-zozo aditza beti amaieraratzen ez bada, kontu bakarrera dator estandar naturalak bizi duen ezbaia: ea zer kasutan komeni den galdegaia aditzaren atzean ematea.

Eta hori ere apur bat zehatz daiteke, bi polo seinalatuz eztabaida horretan:

  • Ahozkoan aukerako diren galdegai-eskuineratze guztiak edo gehienak idatzian ere egitea, iritzira, nahiz eta, intonazio bereziaren laguntzarik gabe, ez (hain) garbi geratu irakurketa zuzena zein den.
  • Idatzian nolabaiteko markaz irakurketa egokia ziur samar bideratzen duten eskuineratze estandarizatuak bakarrik erabiltzea.

Ez da esan beharrik ni bigarren jarrera horren alde nagoela, arrazoi teorikoengatik eta praktikoengatik. Gustura azalduko nituzke arrazoiok guztiok, baina luzeegi joko luke, eta uste dut funtsezkoena berez bistaratzen dela esanetik: irakurleak pauta ziur samar bat izan behar du testua irakurtzean, eta ez orain bat eta segidan bestea eta are kontrakoa, arbitrarioki.

Ahozkoa bere horretan islatu nahi bada, audioa behar.


[1] Izatez, funtzio gramatikalen azpian dauden rol tematikoak edo, bestelako izenez, rol semantikoak dira erabakigarriak. Esate baterako, aktantea. Hala ulertzen da, adibidez, Andoniri ardoa gustatzen zaio eta Andonik ardoa maite du esaldiek antolaera bera izatea, nahiz eta lehen esaldi horretan Andoniri aktantea datiboan joan eta ardoa subjektua izan.

[2] EGLUn mintzagai hanpatu esaten zaiona da nire terminologian mintzagaia: esaldiaren hasieran (abiapuntuko) hizpidea markatzen duena.

6 erantzun “Aditza amaieran?” bidalketan

  1. Ederra, Juan, eta oso didaktikoa.

    Zalantza bat etorri zait performatiboen kasuan, esaldia zuzenean aditzarekin hastean: “Debekatzen dut” ala “Debekatu egiten dut”? Dudarik ez daukat -ela osagarria hartzen dutenekin, ‘egin’ gabeko moldea iruditzen baitzait berezkoa halakoetan: “Agintzen dut argitara dadila…”.

    Debekuarenarekin batera, testu-mota bateko esaldi tipiko bat dut buruan: arau batean beste arau baten parte bat aldatzen denekoa: “Aldatu egiten da halako legearen 5. artikulua, eta honela…”. Hala behar duelakoan nengoen orain arte. Beste honetara ere berdin (edo egokiago)? “Aldatzen da halako legearen 5. artikulua…”.

  2. Eskerrik asko, Patxi:

    Uste diat bi kontu nahasten direla hor. -(e)la osagarriaren kasuan, galdegai izaten duk, garbi, performatiboa izan zein ez, aditzaren eskuinekoa. Performatiboetan, hala ere, hizkuntz-ekintzak dik lehenik nabarmentasuna: “Erabakitzen dut ZERA:”.

    Hala, esatearekin gauzatzen duk ekintza, eta hori aditza (edo aditz-sintagma hedatuxeago bat) esaldiaren hasieran emanez adierazten duk (mintzagairik bada, haren ostean, eten batez). Joskera horretan, ez dik lekurik “egin” gramatikalizatua sartuz aditz-partizipioa galdegaitzeak, ekintza baita nabarmentzekoa hor, eta ez aditzaren ideia (partizipioak biltzen duena).

    “Egin” agertzekotan zentzu betekoa agertuko duk, hala nola honelako lokuzioetan: “Dei egiten diegu langile guztiei…” (=Deitzen ditugu langile guztiak… / #Deitu egiten ditugu langile guztiak).

    Performatiboek perpaus osagarri bat gobernatu ohi dutenez, perpaus horrek ere badu karga informatiboa, bigarren esaldi baten balioa izaten baitu semantikoki (jokatua bada bereziki):

    “Agindu bat ematen dut + (hauxe:) Jai izan bedi/dadila itzultzaileentzat San Jeronimo eguna” > “Agintzen dut jai izan dadila…”.

    “Egin” sartuz gero, kendu egingo geniokek osagarriari (galdegai-)pisu hori, eta faltsuki kargatu aditz-partizipioa galdegaitasunez:

    “DEBEKATU egiten dugu egun horretan lan egitea [ez soilik GAITZETSI].

    Segi bizkor.

  3. Baieztapeneko esaldietan galdegaia (egiaz, ez dakit “galdegai” horrekin iruzkinaz ari zaren ala iruzkin hanpatuaz) aditzaren aurrean derrigorrez joatea ez zait iruditzen bide egokiena hitz ordenaren korapiloa askatzeko; nolabait, komunikazio-ahalmena beharrik gabe murrizten duelako.

    Bigarren jarreraren alde eginez gero, ahozkoan, intonazioari eta pausa prosodikoei esker, onargarriak diren hurrenkera asko debeku lirateke –eta, praktikan, dira– maila idatzian.

    Aukera sintaktikoak baztertu beharrean, ez litzateke hobe idatzizkoak baliabide aski izatea horiek guztiak modu ulergarrian ematekotan?

    Bestela, maila bien arteko aldeak jarraituko du handiegia izaten, eta idatzizko eredu “murriztuak” jarraituko du ahozkora hedatzen, batez ere esanak izateko idazten diren testuen bitartez (irrati-telebistetako saioak, hitzaldiak…).

    Zure arrazoiak ezagutzea, nahiz eta luzeegi jo, interesgarria litzateke oso.

    1. Eskerrik asko, Gilen, interesarengatik.
      Ondo iruditzen bazaizu, hurrengo post-ean saiatuko naiz zureari erantzuten, terminologiazko xehetasunetatik hasi eta kontuaren filosofia orokorreraino: ez bakarrik gaiaren luze-zabalerengatik, baizik eta interes orokorrekoa izan daitekeelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude