Itzulpena eta interpretazioa

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Blog honetako jarraitzaileentzat uste dut interesgarria izan daitekeela jakitea, nire kasuan, itzulpenaz dudan ikuspegia asko (eta, ene ustez, onerako) aldatu duela interpretazio jardunak: bat-batean ulertu eta ulertarazi beharrak beste argi batez ikusarazi dit itzulpengintza, bai eta seguru aski aldatu ere lehenago neukan itzultzeko modua. Adibide batera etorriz, esandako arrazoi horregatik jarraitzen dut pentsatzen erdarazko «sostenible» kontzeptua adierazteko, ez direla egokiak ez «iraunkorra» ezta «jasangarria» ere, kasu bat baino gehiagotan eramaten nautelako zalantza izatera, kabinan nagoenean, segundu frakzio gutxi batzuetan erabaki behar dudanean dagokion baliokidea.

Duela gutxi gertatu zitzaidan EITBko zuzendariarekin: «EITB iraunkorra izatea da gure apustua» esan zuen, eta kabinan eternoak egiten zaizkizun segundo frakzio horietan zirt edo zart egin beharra zegoen, «televisión sostenible» edo «televisión duradera» artean. Telebista autonomiko asko desagertzeko zorian daudela jakinik, zentzuzkoa iruditzen zait oraindik ere zalantza, baina, orobat, banekien bigarren kontzeptua gutxiago entzuten dela era horretako pertsona baten ahoan, eta lehen itzulpena hautatu nuen, baita asmatu ere. Alegia, esperientziak lagundu zidan baliokide zuzena aurkitzen, eta ez hizkuntzak berak edota hizlariak erabilitako terminoaren zehaztasunak. Eta, zinez diot, ez zait gomendagarria iruditzen, terminologiari gagozkiola, unibokoak ez diren ordainak erabiltzea.

Egia esan, «EITB jasangarria izatea da gure apustua» esan izan balu, antzeko zalantza izango nukeen, beste arrazoi batzuengatik ordea, baina ondorio berbera aterako nuke, kasu horretan ere.

Antzeko zerbait gertatzen ari zait azken boladan «jabekuntza» hitzarekin, «empoderamiento» esateko hasi baita bolo-bolo ikusten, bai eta entzuten ere, idatzizko itzulpenaren eskutik, zalantzarik gabe. Baina hiztegietan begiratuz gero, «autoridad, hegemonía; toma de posesión» topatzen bada, nola jakin dezake interpreteak zertaz hitz egiten ari den hizlaria?

Ulermenaren kalterako iruditzen zait beti euskal jatortasun labela duten hitz gutxi batzuren bueltan ibiltzea kanpotik iristen zaizkigun kontzeptu berriak euskaratzeko, eta hiztunek jarrera akritikoz erabiltzea eztabaidarik gabe (berriz diot, hiztunek; ezen itzultzaileok baikara jarrera kritikoa agertzen dugun bakarrak, susmo hori dut, ba!).

Bukatzeko, esan dezadan interpretazioan gero eta gehiagotan topatzen ditudala antzeko adibideak, zehaztasunik gabeko lexiko eta esaldiak. Beste interprete bati gertatu zitzaion, adibidez, «euskarari eskainitako diru partida mizkina» zela itzuli beharra, gure Udal garrantzitsu batean; eta «mizkin» hitza behar bezalako zehaztasunaz erabiltzen duen euskaldunak, nik dakidala, «jale txarra» esateko erabiltzen du. Zinegotziak, ordea, «insuficiente» edo antzeko zerbait esan nahi zuen, baina interpreteak ezin du jakin hizlariak zer esan nahi duen, zer esan duen baizik.

Zuetakoren batek agian jakingo du zer gertatu zen, eta, bestela ere, oraintxe esango dizuet: interpreteak «la partida dedicada al euskera es mezquina» itzuli zuen, “jale txarra”z gain Orotarikoan datorren beste adiera bakarrarekin. Eta udalbatzarrean sekulako haserrea zabaldu zen, udal gobernuak adostua zuen zinegotzi horren zuzenketa bat bertan behera utzi baitzuten, hitz horren “gogortasuna”gatik. Jakina, zinegotziak berehala bota zion errua interpreteari, baina berdin-berdin geratu zen bertan behera adostutako zuzenketa. Eta pasadizo guztia prentsan atera zen, interpretearen larritasunerako. Eta, aldiz, egin zezakeen bakarra egin zuen lankide horrek, hitzek gure hizkuntzan duten adieran itzuli, eta ez hizlari zehazgabeak ustez eman nahi dion moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude