‘Baztañola’, ez arras oraino

Paskual Rekalde Irigoien

Apirilaren 10ean, Amaia Apalauzak Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa liburua aurkeztu zuen, Iruñean. Nafarroako ipar-mendebaleko Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu ibarretako euskara bildu eta aztertu du egileak eta Mendaur bilduman argitaratu, Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmenaren barnean.

Erdigune linguistiko horren ezaugarriak alde batera utzirik, Amaiak liburuaren Atarikoan idatzi dituen hitz hauei erreparatu diet:

(…) liburu hau prestatzeak atzera begira jartzeko eta ordukoak berriz bizitzeko eta berritzeko aukera eman digu, eta galdera nagusi bat etorri zaigu burura: zergatik? Doktore-tesi batek motibazio bat behar du beti atzetik. Motibazio akademiko bat, jakina, baina baita motibazio pertsonal bat ere –bai gure kasuan, behinik behin–, Iruñeko alaba izanik, aspaldi ohartuak ginen euskara mota bat erabiltzen genuela ikastolan, eta beste bat gure gurasoen jaioterrietan, Goldaratzen eta Betelun.

Hitz horien hariari tira eginez, Amaiak aurkezpenean erran zigun Nafarroako hizkerak ongi samar aztertuta eta deskribatuta daudela, dela dialektologia-ikerketen bidez, dela hiztegi eta corpusen bidez, eta azterlan horietan erakusten den euskara ez dela eskuarki adin batetik beherakoen artean aditzen. Gaineratu zuen, orobat, hemendik aitzina segur aski bertze mota bateko azterlanak eginen direla eta azterlan horiek bertze euskara bat erakutsiko dutela.

Bera bezala, bertze aunitz ere ohartuak gara euskara ezberdina egiten dela herrietan, hirian, eskolan, komunikabideetan, administrazioan… Erraten ahal da hondar berrogei urte honetan gure hizkuntzak aldakuntza haundia izan duela eta segur naiz hemendik aitzina ere aldatuko dela, hizkuntzak ez direlakoz aldagaitzak.

Nolanahi ere, aldakuntza hori ez da motela gurean, mendian ziztu bizian eta maldan beheiti amilka doan harriaren parekoa baizik. Orain arte gure mintzoa nolakoa izan den parte haundi batean jakinik, komeniko litzaiguke aztertzea sistematikoki zer nola mintzo garen, zein diren aldakuntza horren zergati nagusiak (gaztelaniak eta frantsesak mendekaturik bizitzea[1], eskola[2]…) eta egoera aldatzeko zer egiten ahal dugun, maiz aski ilea lazteko moduko mintzo zakarra entzuten dugulakoz.

Arlo honetan ohikoak diren azterlanez gainera, komeniko litzateke sare sozialetan erabiltzen dugun euskal hizkera aztertzea, hortxe egiten baitute bat, gurean, etxean ikasitako euskarak, eskolan ikasitakoak, gaztelaniak eta batek jakin zer gehiagok[3].

Honat ekarri dudan Baztan aldeko kontakizun hau egiazkoa da, izenak eta tokiak asmatutakoak badira ere. Testuan nahasteka ageri dira maileguak dauden-daudenean emanak, erdarakadak edo kalko oker modukoak[4] (letra lodiz emanak), eta ahozko baztanera zuzen samarrean emandako esaldiak (gehienak)[5]:

—Gabon!! Zer modu?
— Ongi. Eta zu?
Ongi erran beharko.
(…)
—Miguel Zubieta ezagutzen duzu?
Urdezuikoa?
Ez. Elizondokoa, Orabideko pelukera batekin esposatua.
Jobar, ez dakit pelukera hoi nor den, ez naiz botatzen nor den. Ta biardut zaotu seguro gañera!
(…)
Azkenian ikesi dut nor den. Zaotzen diot pilla bat bere amai, Jexuxa.
Ongi da.
(…)
Eguzkitan egoteko denbora ederra…
Bai. Ni ere egon biar dut iduzkien. Ya kolorea artzen dugun pittet.
Badakizu adinean goiti goazenok komeni dugula hezurrendako.
Zembat tuzu bada?
Zuk baino batzuk gehiago.
Nik baño aunitz geiago ez… Nik ya 43. Bueno oñiken 42.
Nik baten batzuk gehiago. Aurten 48 egin behar.
Ungi gaten tuzu.
Entseatzen gara geure burua zaintzen.
(…)
—Semeak ongi dituzu?
—Bai. Batek 17 urte tu ta bertzeak 14. Zaarrenarekin komediek, la edad del pavo izein de doike.
Pasatuko zaio.
(…)
—Zer gisa atzoko afaria?
Atzo arras majo, Gorramendin ginuen afarie, lagune bat badut arat ezkondue ta gustora. Bakarrik goizik torri nitzen, zertaz semea eske ganbiar nuen Urritzatera ta atzo neri tokatzen zaiten.
Orduan, semeak harrotuak…
Ay amaaa!! Eztakit, etxetik kampo denak sainduek.
Gazteak dira, gu ere izan ginen. Nobiaren bat izanen du.
Bai, pastu zen. Ez dut uste nobiaik baduenik.
Xori aunitz buruan.
Unek benpim bai!! Egunero berakin uyuke. Ta lenago aski mutiko trankile zen, baño orain… Aggg! Main nion itsesaikin…
Para ezazu behien azpiak ateratzen edo baratzean laian…
Orai arte beien azpiek atratzen patzen nuen atsaldetan, baño orain atra tugu beiak belaire.
(…)
—Gabon. Futbola ikusten?
Alaxe da bada, bi semeakin ta Amatxi aserre novela kusi naiez. Ta zuri gustetzen zaizu futbola?
Ez sobera. Gainera, Bartzelonakoak galtzen ari dira…
Ni ere ez naiz batre zalia, gañera naiz antibarcelonista…
Orduan madrilzalea…
—(…)
Gan den astian lagun batek il zuen potro bat, ta jobar boltsa batzuk karri zituen… Ufff… Ezta posible yatia. Badakit ona dela ta aragi garbie baño…
Gauza bera pasatzen da zerrikumearekin… Berekotxek ederrak hazten ditu, ezta?
Eztakit… Garestiek benpin bai… Nik gan zen urtian 3 erosi nition ta 2 ilebete baño gutiagokoa 60 euros zu… etxian azteko gero neguen iltzeko. 60 euros bakoitza.
Zerrikumeak, zer dira urrezkoak? Zuri dirua ikusi…
Bai, bai, seguro dirudune aurpegia kusi zatela. Ja, ja, ja… Min ederra man zaten sakelian!
Pentsatuko zuen Errekakoek dirua ausarki!
Seurooo!
(…)
—Ibiltzen dituzu neguko zirrikak autoan?
Nik gan zen astian bi rueda berriek patu nition ta kristoren prezioa. La ospa!
(…)
Non iteizu lan orai?
Iruñen. Maistrua naiz, euskara irakasten dut.
Orduen kontuten ibili biarko dut iskribitzeko orduen. Nere faltak!!! Ja, ja, ja… Eskuaraz kostatzen zait, eztakit Hkin edo h gabe biarden. La ospa!

Letra lodiz emandakoen artean, bereziki harrigarria egin zait ez naiz botatzen nor den esaldia. Esaldi hori konprenitzeko jakin behar da bota aditzak baduela adiera berezi bat Baztan aldean (bederen)[6]. Da motako aditza da, erori-ren parekoa. Gaur den egunean ere arruntak dira «Kasu eman! Botako zara» moduko esaldiak. «Ez naiz kontu ematen/konturatzen nor den» arruntagoak dira.

(Urteak) ungi gaten tuzu-k zer erran nahi duen jakiteko, argi izan behar da gan (<joan) aditza hor eraman dela, «los llevas bien» edo antzeko zerbait. «Itxura ona duzu» arruntagoa da, nolanahi ere.

Bertzalde, zaotzen diot pilla bat bere amai arrunta da gaur egun gazteen artean; helduagoek «ezagutzen dut aunitz bere ama» edo «aski ongi ezagutzen dut bere ama» erranen lukete.

Eta, azkenik, (afaritik) bakarrik goizik torri nitzen, zertaz semea eske ganbiar nuen Urritzatera ta atzo neri tokatzen zaiten. Honako honetan kontua ez da afaritik bakarrik eta goizik itzuli zela etxera semearen bila joan behar zuelako baizik eta goizik etorri/itzuli behar izan zuela etxerat semearen bila joan behar zuelakoz.

Hemen paratutako kontakizuna ez da baztañolaren muturreko adibidea, esaldi gordinagoak entzuten direlakoz han eta hemen. Beharbada hemendik urte batzuen buruan ez gara batere harrituko halakoak eta makurragoak entzutean.


[1] «(…) espero izatekoa da kontaktuan dauden hizkuntzek elkarri eragitea. Kontaktu adina eragin-kasu gerta litezke teorikoki, eta hainbat historikoki, baina bada bat, tipikoa: (eskuarki bestela ere nagusi den) talde nagusi baten hizkuntzak, desoreka nabarmenez, beste menderatuago bati eragiten dionekoa». (Juan Garzia, 2005, Kalko okerrak; 14. or.).

[2] Bakoitzari berea! Euskara kultura-hizkuntza bilakatu eta eskolan sartzea eta euskarazko telebista, irrati, aldizkari eta egunkariak izatea baitezpadakoak izan dira Baztan aldeko herri haundixkoetako haurrak euskalduntzeko, batik bat transmisioa ahuldurik edo ahultze bidean zegoen tokietan.

[3] Eskualdeko blog eta webgune anitzetan nahasteka ageri dira euskara batua, tokian tokiko hizkera (fonetismoz eta laburduraz betea) eta baztañola edo euskara batuaren, baztaneraren eta gaztelaniaren arteko nahaskia.

[4] Juan Garziaren arabera (2005, 15-21), «(…) hizkuntza batek beste baten eredutik berera egokitzen duen egiturari esaten zaio kalko (…). Kalko horietako batzuk “(…) okerrak dira. Alegia, premiarik gabe jotzen dugu batzuetan erdararen imitaziora, abantaila baino kalte handiagoz. Abantailarik eza, hain zuzen, premiarik ezaren ondorio garbia da. Kaltea, berriz, euskararen sistemari egiten zaiona da, erdararenaz nahasten baita, autonomia eta baliagarritasuna galtzeko bidean jarriz».

[5] Bi pertsonaren arteko elkarrizketa: lehena, euskara batu samarrean idatzia, eta bertzea, letra etzanean emana, etxeko euskara erabiltzen duen eta “eskuaraz iskribitzea kostatzen zaion” norbaitek idatzia.

[6] OEH: bota 11. (G-nav, AN-gulina-5vill, B, BN-lab-ciz, S). Ref.: EI 267; Iz Als; Gte Erd 66, 67, 69. (Intrans.). Caerse. “Bota in da, se ha caído” Iz Als. “Kaderan gileko aldera bota zen (B); se cayó hacia atrás, gilen gañera bota zen (B)” Gte Erd 67. “Aurra bulkatu du ta bota da (B)” Ib. 69. Baserreka beiti ondoraño juan zen, emen bota an itzulipurdi; alde guzietarik joa, ubeldua, larrutua eta ezindua. FIr 147. An ikasi zuen, bere laguna gaizki zauritua bide madarikatu artan bota zela. 148.