Hitz elkartuen idazkera eta erregistroak

Igone Zabala Unzalu

Aspaldian darabilt buruan hitz elkartuen idazkerari buruz zerbait idazteko asmoa eta Alfontso Mujikaren azken Alferrikako bikoiztasunak artikuluak pentsarazi dit oraingo hau une egokia izan litekeela. Hitz-elkarketa euskaraz oso erabide aberatsa eta emankorra delarik, edozein testutan egingo dugu topo hitz elkartuekin. Batzuek garrantzi handia emango diote hitz horien idazkerari eta, beste batzuek, aldiz, gutxietsi egingo dute kontua, ortotipografia kontu azalekoa dela argudiatuta edo. Euskara estandarrerako erreferentziazko araua eman zuen Euskaltzaindiak aspaldian (25. araua: Hitz elkartuen osaera eta idazkera) eta arau horretan zehaztu zuen nola idatzi hitz elkartu mota nagusiak eta «eratorpena > hitz-elkarketa > sintaxia» continuumeko beste zenbait elementu ere. Arauaren atal gehienetan idazkera bakarra finkatu zuen Euskaltzaindiak, bi ataletan izan ezik: batetik, Alfontso Mujikak bere artikuluan aipatutako –a itsatsien galerari dagokion atalean eta, bestetik, eguzki-lore eta sintetiko deritzen izen elkartuen idazkerari dagokionean. Bi atal horietan Euskaltzaindiaren araua ‘malgua’ dela esan dezakegu, aukera bat baino gehiago uzten baitie erabiltzaileei, eta arau malguek, erabiltzaileei ondo helarazten bazaizkie behintzat, garapen funtzionalerako tartea uzten dute.

Pragako Eskolako hizkuntzalari funtzionalisten gogoeta bati egiten dio erreferentzia, hain zuen ere, Haugen-ek[1], hizkuntzen estandarizazioaz ari denean. Funtzionalisten aldarrikapena da estandarrak aldi berean ‘egonkorrak’ eta ‘malguak’ izan behar direla, eta Haugen-ek honela lotzen du funtzionalisten ideia estandarizazio-prozesuekin:

«How stable and how flexible? In my model above, it is built into the tension between codification, which aims at stability, and elaboration, which requires flexibility.»

Euskaltzaindiaren 25. arauak badu zerbait egonkorretik eta zerbait malgutik. Izan ere, arau horretara heldu aurretik inkestak egin ziren hainbat diskurtso-komunitatetako erabiltzaileen artean, eta inkesta horien emaitzak kontuan hartu ziren araua finkatzeko orduan. Egindako inkestek agerian utzi zuten zenbait hitz elkarturen idazkeran batasuna oso nabarmena zela baina, beste zenbaiten idazkera, aldiz, estuki lotuta zegoela diskurtso-komunitate desberdinetako kideek erabiltzen dituzten erregistroekin. Jakina da oro har zientzialariek beti aldarrikatu dutela marratxoaren erabilera, hainbat segidaren desanbiguaziorako oso lagungarria baita. Bestalde, jakina da literaturaren eta kazetaritzaren munduan marra saihesteko joera nagusi dela. Ildo honetatik, Euskaltzaindiaren arauak lagundu du nahiko finkatuta zeuden idazkerak egonkortzen, adibidez, aposizioena edo koordinazio-elkarteena. Arauaren atal malguek ere lagundu behar zuten, nire iritziz, erregistro desberdinetako ohiturak eta estilo-arauak egonkortzen, baina iruditzen zait helburu hori ez dela guztiz lortu, agian arauaren transmisioa guztiz egokia ez delako izan, edota agian araua aplikatu behar zutenek (edo aplikatu behar zuten batzuek behintzat) ez diotelako erreparatu estandarraren kodifikazioaren eta lantze funtzionalaren arteko harreman estuari.

Hizkuntzaren erabilera orokorretan baliatzen den hiztegian ez dago okertzeko tarte handirik. Izan ere, modu batera zein bestera idatzita, arazorik gabe ulertuko ditugu telefono(-)zenbaki edo autobus(-)geltoki izen elkartuak. Erabilera apur bat espezializatuagoetan murgiltzen garenean, aldiz, jakina da eguzki-lore motako eta sintetikoen ataleko hainbat hitz elkartu anbiguoak izan daitezkeela, [izena + adjektiboa] egiturako izen-sintagmen forma bera baitute. Horren adibide ezagunak dira ondoko hauek:

landare parasito vs landare-parasito
tenperatura konstante vs tenperatura-konstante
molekula hartzaile vs molekula-hartzaile
gramatika zuzentzaile vs gramatika-zuzentzaile

Lau segida horiek erraz asko ager daitezke testu berean edo, alor bereko testuetan behintzat, eta garbi dago marratxoak laguntzen digula desanbiguazioa egiten. Beste kasu batzuetan, aldiz, konbinazio bakarra erabiltzen da, adibidez, gantz-azido edo buztin-mineral. Nolanahi ere, hitzaren esanahia menderatzen duenarentzat segida horiek anbiguoak ez badira ere, marratxoa oso lagungarria da hitzaren atzean dagoen kontzeptua ikasi behar dutenentzat. Norbaitek esan lezake, orduan, marratxoaren erabilera kontzeptuetara heltzeko beharrezkoak diren kasuetara mugatu beharko litzatekeela. Sistemaren egonkortasuna, ordea, ezinbestekoa da hiztunei komunikazioan laguntzeko. Testu mota jakin batzuk erabiltzen dituen diskurtso-komunitateak mendekotasunezko izen elkartuetan marratxoa erabiltzen duela jakiteak bermea emango digu landare parasito edo gramatika zuzentzaile segiden interpretaziora lehendabiziko irakurraldian eta ziurtasunez heltzeko. Berme hori gabe, zalantza izango dugu gramatika zuzentzaile erabili duenak zuzentasunari buruzko arauak ematen dituen gramatika batez ari den ala testuen gramatika zuzentzen laguntzen duen tresna batez ari den.

Nire argudio-ildotik erraz asko ondoriozta daitekeenez, ez nago ados zenbaitek Euskaltzaindiaren arauaz egiten duten interpretazioarekin, alegia, ez dut uste arauak uzten duen askatasuna edozein komunikazio-testuingurutan askatasun indibidualtzat har daitekeenik. Zientzia-testuetan, eta agian oro har testu akademikoetan esango nuke nik, testu horiek erabiltzen dituzten diskurtso-komunitateen estilo-arauak errespetatu behar ditugu, dagozkien erregistroetarako egokiak diren testuak idatziko baditugu behintzat. Bestalde, diskurtso-komunitate espezializatu horietan integratzeko helburua duten euskaldunei lagundu behar diegu hitz elkartuen idazkera-arauez jabetzen, adituen komunitateetako kide izango direnean testu egokiak sortzeko gauza izan daitezen.

Areago, gogoeta hau testuetan erabiltzen den hiztegia kodifikatzeko eginkizuna duten hiztegietara ere zabalduko nuke. Euskaltzaindiaren 25. arau malguak zientzialarien estilo-aukerak egonkortzeko bidea ireki izanagatik ere, Hiztegi Batuak erregistro horiekin lot ditzakegun sarreretan arauak onartzen dituen bi aukerak eskaintzeak ez du laguntzen zenbait hamarkadatan egon den batasuna egonkortzen. Ekar ditzagun hona espezializatutzat har ditzakegun Hiztegi Batuko zenbait sarrera esan nahi duguna hobeto ulertzeko:

atomo-zenbaki edo atomo zenbaki Kim.
argi-urte edo argi urte (luzera-neurria)

Ez dut uste era horretako sarreren kodifikazioak erregistro espezializatuetan finkatutako idazkera egonkortzen laguntzen duenik. Zehazki hiztegira bagoaz, kontua are larriagoa da, erregistro espezializatuetako erabilera nagusia kontuan hartu gabe, marrarik gabeko aukera baino ez baitu eskaintzen hiztegi horrek: atomo zenbaki eta argi urte hurrenez hurren. Antzeko beste sarrera askotan berdin jokatzen du Zehazki hiztegiak: eguzki zelula, eguzki energia, landare zelula, zelula mintzElhuyar gaztelania-euskara hiztegian, aldiz, marradun aukerak baino ez dira eskaintzen: atomo-zenbaki, argi-urte, eguzki-zelula, eguzki-energia, animalia-zelula, zelula-mintz. Egokiago deritzot azken hiztegi horren jokaerari artikulu honetan eman ditudan arrazoiengatik. Besterik da bi hiztegiok eskaintzen dituzten mintz zelular eta zenbaki atomiko bezalakoen kontua. Baina erlazio-adjektiboen gaia beste baterako utziko dugu.

Bukatzeko, ezin dut aipatu gabe utzi marra erabiltzeko ohitura ez duten zenbaitek giza daramaten izen elkartuetan marra jartzeko duten ohitura (giza-eskubideak). Euskaltzaindiaren arauak zehazten du horrelakoetan ez dela marrarik erabili behar (giza eskubideak) eta ez dago tartean zehaztasun konturik, inoiz ez baitira anbiguoak. Izan ere, lehen osagaian edozein aldaketa gertatzen denean, inolako zalantzarik gabe dakigu elementu hori hitz elkartu baten parte dela.


[1] Haugen E. (1983), The Implementation of Corpus Planning: Theory and Practice, In J. Cobarrubias & J.A. Fishman (eds.), Progress in Language Planning International perspective, 269-290, Berlin, Mouton.

3 erantzun “Hitz elkartuen idazkera eta erregistroak” bidalketan

  1. Jo-ta-sua ibili gara batua gora, naturaltasuna behera (edo alderantziz zen?) eta, bitartean, Igone Zabalaren artikulu eder hau aipurik gabe pasatzen ari zaigu.

    Eta pena handia da. Neuk gai horretaz ez dut iritzirik emango, oso teknikoa baita niretzat, baina pozik irakurri dut eta iruditzen zait ekarpen ederra egiten duela. Neuk behintzat zerbait ikasi dut.

    Oso pozgarria da horrelako artikuluak irakurtzea eta uste dut hori ere esan beharrekoa dela, besteak beste horrelakoak irakurrita jabetzen garelako, penak eta katramilak gorabehera, aurrera goazela. Hala uste dut nik.

  2. Testua azaletik eta presaka irakurrita (zertarako ukatu), iruditzen zait malgutasunaren alde egiten duzula eta, era berean, marratxoa jartzearen aldekoa zarela. Zilegi da. Eta eskertzekoa da argitasuna.
    Kontua da arauaren malgutasun horrek ez duela laguntzen nire ustez; euskaltegiko irakaslea naiz eta benetan esaten dizut gai honen beldur naizela, ikasleen marratxoa ‘noiz bai, noiz ez’ galderaren beldur. Izan ere, nik ere ez baitakit noiz jarri behar den ziurtasunez, ez bada inoiz araua buruz ikasten dudala!
    Zuk diozu: “(…) araua aplikatu behar zutenek (…) ez diotelako erreparatu estandarraren kodifikazioaren eta lantze funtzionalaren arteko harreman estuari”. Aurretik aipatu dudan horretan dago gakoa: hiztunok/erabiltzaileok ez dakigu marratxoa noiz jarri, eta segurtasun arazo horrek eragiten du behar baino gutxiago erabiltzea.
    Prudenek aipatu bezala, niretzat teknikoegia da, baina irakurtzekoen artean nuen artikulua, ea argirik bazekarren-edo, eta ez. Baina ez da zure ardura, uste dut akademiak zehaztu beharko lukeela erabaki hori.
    Hala ere, segi horretan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude