Gorriak, gorriminak eta eskarlatak

Isabel Etxeberria Ramírez

Eleberri bat euskaraz sortua ala itzulpena den jakiteko aztarnez idatzi zuen Angel Errok blog honetan (I eta II) duela ez asko. Auzi benetan interesgarria plazaratu zuen, nire iritzian. Ba al da alderik euskarara itzulitako testuen eta euskaraz sortutakoen hizkeren artean? Hala bada, zein dira bataren eta bestearen bereizgarriak? Eta zer adierazten digute bereizgarri horiek? Hainbat ikuspuntutatik eta alderdi askori erreparatuta azter daiteke gaia: nolakoa den lexiko-aukeraketa testu batzuetan eta besteetan, zenbatekoa lexiko espezializatuaren erabilera, nolakoa konplexutasun sintaktikoa, zer-nolako  garrantzia duten euskalkiek eta zer-nolakoa euskara batuak, zenbateraino den jatorra eta zenbateraino artifiziala batzuen eta besteen hizkuntza, zenbateraino berritzailea eta zenbateraino kontserbadorea…

Gaian sakondu nahian, zenbait alderaketa eginak ditut euskarara itzulitako eta euskaraz sortutako literatur testuen artean, Ereduzko Prosa Gaur corpusa probaleku hartuta, eta emaitza bitxi eta adierazgarriak lortu ditut zenbaitetan.

Egin dezagun saio xume-xume bat, testu batzuen eta besteen ñabardurarako, xehetasunerako eta espezifikaziorako joera neurtzeko. Azter dezagun, bada, zer maiztasunez erabiltzen diren testu batzuetan eta besteetan oinarrizko kolore baten izena eta zer maiztasunez kolore horren ñabardurak zehazten dituzten hitzak. Gure lehen adierazle multzoa, hortaz, gorri eta haren ñabardurak: gorri, gorrix/ska, gorrizta, gorrimin, gorrail, gorrikara, bermiloi, karmin(-koloreko), purpura, eskarlata, gorrindol eta granate.

EPGk eskaintzen dituen bi datu moten artean (liburu kopurua eta agerraldi kopurua), liburu kopuruari dagozkion emaitzak ekarriko ditugu testu honetara. Hau da, zenbat liburutan erabaki duen egile batek gorrimin hitza erabiltzea pertsonaia baten buru-zapia, aterkia edo autoa deskribatzeko; eta bazter utzi dugu, beraz, zenbat aldiz aipatzen den berriro testuan dena delako buru-zapi, aterki edo auto gorrimin hori[1].

Eta azken ohar bat. Liburu kopuruak konparatzen ari garenez, eta corpusean itzulitako liburuen kopurua eta euskaraz sortutakoena berdinak ez direnez (EPGk 111 itzulpen jasotzen ditu, eta euskaraz sortutako 176 liburu), faktore zuzentzaile bat erabili dugu datuak orekatzeko: itzulpenei dagozkien datuak bider 1,58 egin ditugu (176/111 zatitzetik lortua).

Hona hemen emaitzak:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

gorri

gorrixka, gorriska

gorrizta

gorrimin

gorrail

gorrikara

bermiloi

karmin(-koloreko)

purpura

eskarlata

gorrindol

granate

164,3

67,94

34,76

30,02

4,74

6,32

3,16

3,16

58,46

12,64

3,16

3,16

167

44

17

15

9

4

0

2

6

5

0

15

Emaitza batzuk erraz esplika daitezke. Bermiloi, purpura eta eskarlata itzulpenen corpusean gehiagotan agertzea mailegu izateari egotzi ahal zaio: erraza da pentsatzea itzultzaileek jatorrizko testuan hitz horien erdal aldaerak topatu dituztelako eman dituztela, automatikoki nolabait esateko, euskal bermiloi, purpura eta eskarlata[2]. Nolanahi ere, komeni da ohartaraztea xehetasuna edo ñabardura adierazten duten hitzak sarriago eta ugariago ageri direla, guztizkoei erreparatuta, itzulpenetan euskaraz sortutakoetan baino. Adiera oinarrizko edo neutroko gorriren erabileran oso txikia da bi corpusen arteko aldea: 164,32 itzulpenen corpusean, 167  euskaraz sortutakoenean. Ñabarduraren bat dakarten guztien baturak konparatuta, aldiz, handiagoa da aldea: 227 itzulpenen corpusean, 117 euskaraz sortutakoenean.

Antzera gertatzen da urdin eta berde koloreen multzoekin ere:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

urdin

oztin

urdinxka+urdinska+urdinsko

urdinkara

urdinarre

urdinantz

urdiño

zeru-urdin

itsas(o) urdin

urdin elektriko

(urdin) turkesa

(urdin-)anil

altzairu-urdin

arbel-urdin

150,1

0

22,12

22,12

0

1,58

1,58

9,48

3,16

1,58

12,64

1,58

1,58

1,58

146

0

20

5

0

0

0

1

0

1

2

1

0

0

Urdin oinarrizkoaren datuak: itzulitako 150,1 liburutan erabili da, eta euskaraz sortutako 146tan. Gainerako ñabarduren baturari erreparatuta: itzulitako 79 liburutan eta euskaraz sortutako 30etan.

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

berde

berdezka, berdexka, berdaxka, berdeska

berdekara

berdetsu

berdats

berdail

orlegi

botila-berde, berde-botila

esmeralda(-berde), (berde-)esmeralda

sagar(-berde)

oliba(-berde), (berde-)oliba

140,62

28,44

4,74

3,16

0

0

7,9

3,16

15,8

6,32

14,22

142

14

2

1

1

1

17

0

6

1

4

Berde oinarrizkoaren datuak: itzulitako 140,62 liburutan erabili da, eta euskaraz sortutako 142tan. Gainerako ñabarduren baturari erreparatuta: itzulitako 83,74 liburutan eta euskaraz sortutako 47tan.

Ikus dezagun beste adibide bat. Nolako joera ageri dute euskal eta erdal idazleek ehun motak zehazteko orduan? Edo, bestela esanda, zer ehun motaz janzten dituzte beren pertsonaiak, haien gortinak eta oheak, eta bestelako osagarriak? Hemen bilaketaren emaitzak:

Euskarara itzulitakoak

Euskaraz sortutakoak

flanela, franela

belus

satin, saten

muselina

popelina

poliester

nylon, nailon

tafeta

mahoi, mahon

feltro, fieltro

tul

pana (heg.), belus ildaskatu (ip.)

20,54

67,94

20,54

18,96

1,58

4,74

9,48

9,48

0

30,02

7,9

9,48

3

14

6

4

0

0

6

1

7

2

1

16

Emaitzek txantxarako eta ironiarako bide ematen dute, egiaz. Bi ehun motaren erabileran soilik gailentzen zaizkie euskaraz sortutako testuak itzulitakoei: mahoia eta pana / belus ildaskatua. Eta batek irudikatzen du euskal literatura Hamaika pausoko Daniel Zabalegiz beterik. Egia da badirela salbuespenak, eta Ramon Saizarbitoriak berak ematen digu horietako bat:

Soineko oso estu bat zeraman, berdea, belusezkoa zirudiena, eta galtzerdi zuriak, zilar koloreko marraren bat zutenak; oker ez banago, garai hartan modan egon zirenetakoak.

Eta hala ere, zergatik dira hain gutxi, itzulpenekin konparatuta, horrelakoak euskal literaturan? Hitzok adierazten dituzten errealitateak erdal idazle bati bezain ohikoak zaizkio euskal idazle (eta irakurle) bati: muselina espainolei, frantsesei eta abarri bezain ezaguna (edo ezezaguna) zaigu euskal hiztunoi. Eta muselina ehun mota bezalaxe muselina hitza ere.  Zergatik, orduan, erabiltzen dituzte maizago adiera-ñabardurak zehazten dituzten horrelako hitzak erdal idazleek euskal idazleek baino?

Bi corpusen osaera ahotan hartuta esplika liteke beharbada. Ereduzko Prosa Gaur datutegian eredugarritasunaren erakusle aukeratu diren euskal liburuak 700.000 hiztun inguruko hizkuntza bateko literatur ekoizpenetik hautatu dira. EPGn itzulpenen azpicorpusa osatzen duten liburuek, aldiz, iragazki oso garrantzitsu batetik pasatu behar izan dute EPGra iritsi aurretik: nazioarteko literatura guztien artean horiexek izan dira aukeratuak euskaratuak izateko. Bestela esanda, Matias Mugikaren libelo haren oihartzunak ekar daitezke esplikatzeko zer-nolako eredugarritasuna aitortu behar zaien testu batzuei eta besteei. Eta nolanahi ere, EPGn azalpen argirik ematen ez bada ere (Igone Zabalak horretaz idatzi du duela gutxi blog honetan), pentsatzekoa da corpus horretan biltzen diren testuak beren hizkuntza-eredugarritasunagatik izan direla hautatuak. Eta literatura, hizkuntza ere baden arren, beste gauza asko ere da.

Nire ustez azalpena soziolinguistikaren arloan bilatu behar dugu: diglosiaren eraginean. Hizkuntza pobretu egin zaigu erabilera mailan. Euskarak hitz horiek guztiak (gorrimin, purpura, urdinkara, berdexka, satin…) izan baditu. Eta ezagutu ezagutzen ditugu hiztun gehienok. Baina gure hizkuntza ekoizpenetan, baita maila jasoko literatur ekoizpenetan ere, ez ditugu erabiltzen. Euskarak baditu baliabideak, batzuetan guk uste dugun baino gehiago, eta hiztunok ezagutzen ditugu baliabide horiek, askotan guk uste dugun baino gehiago ere, baina lozorroan egoten dira gure baliabideen gordailuan, eta betiko hiruzpalau aukerekin moldatzen ohitu gara.

Galdera interesgarri bat eratortzen da hortik: lagundu al dezake itzulpengintzak hiztunen sena zabaltzen, lozorroan dauden baliabideak aktibatzen eta hiztunen pertzepzioa baliabide ezohikoetara ohitzen? Eta beste galdera are interesgarriago bat: laguntzen ari al da?


[1] Hautu hori eginez, beste informazio mota esanguratsu bat galtzen dugu, jakina: zenbat objektu deskribatzeko erabili duen egileak kolore-izen hori liburuan. Bi informazio mota esanguratsuren artean hautatu behar eta, goian aipatutakoaren alde egin dugu. Nolanahi ere, hitz bakoitzaren agerraldi kopurua ere aztertua dugu, emaitzak hona ekarri ez baditugu ere, eta datuek berretsi egiten dute liburu kopuruetan ikusten den joera.

[2] OEHn kontsulta eginda, antzeko joera bat ikusten da: bermiloi, purpura eta eskarlata itzulpenetan ageri dira gehienbat.

3 erantzun “Gorriak, gorriminak eta eskarlatak” bidalketan

  1. Isabel, oso interesgarria zure azterketa. Eta zure galderen erantzunari dagokionez, niri aspaldi iruditzen zait euskaldun askok eta askok “mila hitzeko euskara” (ingelesezko metodo baten izena bezala, “El inglés de mil palabras del profesor Maurer” erabiltzearekin planto egin dutela. Eta itzulpenaren harrera ikusita, galdetu Itzulpengintza ikasleei zenbatek irakurri duten euskaratutako literatura lan bat behintzat azken bi urteetan, eta nik lortutako emaitza aterako zaizi: batek ere ez. Eta, berriz diot, itzulpengintza-ikasleez ari naiz.

  2. Buruko min galantak izaten ditugu jantzi eta ehunkien izenak euskaraz emateko, batez ere garai bateko izenekin ari garelarik. Gogoan dut nolako ahalegina egin behar izan zuen Ana I. Moralesek Jane Austen-en garaiko jantziak, modak, zalgurdiak eta beste itzultzeko. Ez litzateke kalterako izango egun batez horiek guztiak corpus elebidun batean kontsultagai izatea, Sisiforen harria mendi tontorrera behin altxatzea nahikoa izan dadin.

    Gero, seguruenik, baten batzuk etorriko dira “harriya” edo “harriye” behar duela esaka (jatortasunaren alde), edo “harkaitza” edo “haitza” edo “arroka” behar duela (zehaztasunaren fabore).

    Hala ere, Arestik zioenez, “ni beti paratuko naiz harri-jasotzailearen alde”.

  3. Eskerrik asko, Koldo eta Iñigo, zuen iruzkinengatik.

    Esango nuke jatortasun/artifizialtasun binomio horrek baduela zenbait kasutan eragina gure hiztegiaren urritasunean. Eta, adibide zoro bat jarrita, idazle batek, eszena bat deskribatzean, pertsonaia bat dena delako objektu bat (betaurrekoak edo pistola) autoko guanteran edo salpikaderoan gordetzen edo uzten irudikatzen badu, litekeena da hiztegian begiratu eta gero iritzia aldatzea eta pertsonaia horrek ondoko eserlekuan uztea azkenean betaurrekoak edo pistola; eskularru-kaxa, aginte-mahaia eta altzamahaia aipatu behar ez izateko, hain zuzen.
    Baina ezin da beti gure mila hitzeko hiztegia horrelakoen bitartez azaldu. Gorrixka, gorrimin, berdexka eta tulen kasuan, zein da, ba, arazoa?

    Eta amaieran aurkezten dudan galdera dela eta, baikortasun inozo batek bultzatuta beharbada, baietz uste dut: itzulpenetako euskara ari dela, gutxi-asko, hiztunon sormenezko produkzioa aberasten, estilistikoki, lexiko mailan, sintaxian… Eta ados nago, Koldo: itzulpenen harrera askok nahi baino pobreagoa da (antzeko erantzunak jaso ditut nik ere antzeko galderak eginda). Baina, zuzenean ez bada ere, ekarpenak zeharka eta astiro iristen eta errotzen ari direlakoan nago. Idazleen bitartekaritzari esker, besteak beste. Eta komunikabideen bitartez (adiera zabal batean ulertuta): iritzi-artikuluak, blogak, agerkari digitalak… Interesgarria litzateke aztertzea zer bide egiten duten halako ekarpenek (datozen lekutik datozela) gizartean errotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude