Iñigo Aranbarri
Garena gara, eta hizkuntza ez zaigu arrotz. Lexikoan zein lokuzio bidean, geuk bezala, historiaren zakarrak batzeko usadioa baitu mintzairak.
Hala, ez da harritzekoa gazteleraz «no lo haría ni por todo el oro del mundo» hori sugelindera sugandila subekandela buztana baino biziago ibiltzea egun ere. Nola ez ba, katedraletako, parrokietako, edozein elizatxotako errataulak urre orriz apainduta ageri bazaizkigu. Bistan denez, hauek ez dira ez Almaden-etik, ez Rio Tinto-tik, are gutxiago Asturiasko haran berdetako zulo beltzetatik atereak.
Urre gorria mintzora ekartzea, zintzoak izan gaitezen, ez da espainolen kontua soilik. «Non bene pro toto libertas venditur auro» dio Cervantesek On Kixoteren sarreran, Horazio aipatzen ari delakoan; orain urte parrasta bat Dubrovnikeko harresietan, Lovrijenaceko gotorlekuan zizelkatua ikusi nuen lelo bera. Nolanahi ere, beste garai bateko oihartzunak dakartzan moldeak dira, aberastasuna Pizarroren baratzean zegoenean, Potosiko meatzetan. Mantxako kaparearekin bagabiltza, ikasiko dugu zer den «valer un Potosí», baita non duen honek zuztarra ere: «Santxo, sendagarri honen handitasuna dela eta ontasuna dela, ordaindu behar banik, Beneziako altxorra edota Potosiko meatzak guti lituzkek hire sarirako; har ezak heuk dadukaan neurearen kontu eta ezar ukaldi bakoitzeko jo-saria» (eusk: Eneko Iñarrondo).
Esan gabe doa, espainolak ez dabiltza bakarrik lokuzio inperialen abentura honetan. Kitxueraz Sumaj Orcko deritzon eremutik aldendu gabe, «ce n’est pas le Pérou» esaten da frantsesez zer edo zer ez denean zoratzeko modukoa; eta Peru balio, «ça vaut un Pérou!», zerbait handia, miragarria, txundigarria denean. Gazteleraz bezalaxe. Ingelesek, aldiz, bakoitzari berea, itxuraz gurago ekialdeko tea mundu guztiko urrea baino: «not for all the tea in China».
Xelebrea da. Euskaldunok konkistatzaile espainol bipil ere izan gara, kontratupeko soldadu frantses, indio-kalitzaile bezain urre biltzaile eta bilatzaile nonahi, gaur arte, eta harriaren gorria mihipean eramanagatik, Baionan ditugu inon izatekotan gure Potosi-Peruak. Hala jaso zuen Azkuek Nafarroan egun grabazio berriei esker berriro ere jendearen ahotan den «Gure haurraren haur ona! Balio luke Baiona» hori.
Baiona bakarra dela munduan, ez naiz ni izango hori ez dela egia dioena. Urola aldean, Bilbon egon izan da Baiona, ordea. «Bertan Bilbo!» esan izan da begien aurrean gauza zoragarriren bat azalduz gero. Baita «bertan Paris!» ere. Zein urruti inondik ere Potositik.
Eta hau dela uste dut joera nagusia; alegia, bipolarrak garela elebidunak garen neurrian. Gazteleraz edo frantsesez gabiltzala, Fray Juan de Zumarragaren, Urtsuaren, Legazpiren seme-alabak gara geure Potosí, Pérou, eta abarrekin. Euskaraz, ez gara haien laurdenik ere. Gure adierazkortasuna ez da behialako loria militarretan bermatzen.
Ahal bagenu, ez ginateke urruti:
«LAB pone una pica en Nafarroa»
Ez zen ez ABCn, ez La Razónen, ez Diario de Navarran atera, gazteleraz ari naizela ohitu ezin naizen moldeak salatzen duenez. Eginek, bere estilo liburuari jarraiki, ikusi zuen «Nafarroa» behar zuela, baina ez, erregular, «poner una pica en» horrek duen itzala, Perun edo Potosin ez, baina Albako Dukearen apatxaren pean, Flandriako lur hezeetan sartzen dena sast.
Egia da, urrutiko zaigu, baina bidean gara. Kirola da, seguru asko, maila sinbolikoan bada ere, mozkorraldi militarraren antzik handiena duen jarduera, gerraren sublimazio jostaria. Eta hortxe da:
«Athletic-ek Old Trafford konkistatu du».
EITBren webgunean irakurriko duzue azkenaldian telebistan eta irratietan hainbeste zabaldu den egituraren adibide hau. El conquistador del fin del mundo saioak izango duen zerikusirik, jakizu. Gehiago, badaude. Blogetan asko: «Realak Vicente Calderón konkistatu nahi du». Baita kirol mundutik kanpo ere: «Santo Tomaseko azoka nagusiak Konstituzio plazako eta Alde Zaharreko mugak gainditu ditu eta Erdialde osoa konkistatu du» (Noticias de Gipuzkoa).
Beti ikasten euskalduna.
Orandik pixka bat falta dugu, hala ere, gure auzoak harrapatzeko. El Correo Españolena da perla:
«El Athletic ya se prepara para ‘la batalla del Ebro’».
Galanta da. Zer eta Club Deportivo Mirandesen kontra jokatu behar zuelako.
Bitartean, geure xumean, hor gabiltza Potosiko garai bateko itzalen ametsetan, bateko «urrezko gola» eta besteko «urrezko aizkora», bide egile. Horrelako maixu-maistrekin, laster harrapatuko ditugu.
«Homologazioa» deitzen den hori.