Juan Luis Zabala Artetxe
Ezin da ukatu, begien bistakoa da: gazteen artean oso zabaldua dago batutik ihes egiteko joera. Ez bakarrik hitz egiterakoan, baita idazterakoan ere; ez bakarrik lagunartean, baita jendaurrean ere. Euskaraz libre eta bizi aritu nahi dutenean batutik ihes egin beharra sentitzen dute askok, antza denez. Kasu batzuetan justifikatuta egon daiteke, baina nik ez diot batere susmo onik hartzen joera hori izaten ari den zabalkundeari.
Guztiz ados nago Santi Leonék Estua artikuluan esandakoarekin: «zenbaitetan, batua baino gehiago, euskara estua irakasten dela» uste dut nik ere, eta horrek aurkako erreakzioak sortzen dituela. Baina estutasun hori, bere larrian, zailtasun gehitua dela iruditzen zait, ez gazteek batutik ihes egiteko duten motibo nagusia.
Ezagutza falta da, nire ustez, benetako motiboa, sustraian dagoen arazoa. Gordin esanda: analfabetismoa. Kasu gehienetan batutik ihes egiteko joera analfabetismo maila larri baten ondorio zuzena delakoan nago, eta ez ondo ikasitako arau batzuen zorroztasunaren aurkako protesta ironiko, errebelde eta transgresorea. Adierazkortasun gabezia baten ondorioa dela, alegia, adierazkortasuna indartzeko ahalegin bat baino gehiago.
Azken egunotan horren ezagun egin zaigun Aske Gunearen inguruko hasierako agerraldietako batean, atxilotzeko ordena emana zitzaion gazteetako bat entzun nuen, irratiaren bidez, gisa honetako zerbait esaten: «Ez diegu erraza jarriko guri eramatea» (etzana neuk eraitsi dut, jakina).
Jar daitezkeen milaka adibideetako bat baino ez da. Beste askotan ere pentsatu nuena pentsatu nuen berriro neure artean: Euskal Herriaren independentziaren alde hainbeste emateko prest dagoen gazte batek, euskaraz hitz egiten eta idazten ondo ikasteko aukera izan eta gero, mikrofono baten aurrean horren akats oinarrizkoa egiteak ez al du porrot ikaragarri bat jartzen agerian? Eta porrota aipatzerakoan, ez naiz ari horrela mintzo zen gazteaz, jakina, gizarte osoaz baizik.
Koldo Mitxelenak esana omen da gazteak bere duela, gutxienez eta ezinbestean, arrazoi biologikoa. Gazteentzako errietak, mehatxuak eta zigorrak lekuz kanpo daude beraz. Azken batean, euskara inguruko erdaren ondoan menperaturik daukan diglosiaren ondorio okerretako bat baino ez da lehen aipatu dudan analfabetismoa. Batua jakiteko eta batuaz gozatzeko, batua lagun sentitzeko eta ez etsai, euskara ondo jakitea komeni da lehenik, eta gero batua eguneroko tresna izatea, edo ohikoa bederen. Gaur eta hemen horrek zorte edo/eta ahalegin handiegia eskatzen du. Oso jende gutxik daukan zortea edo/eta oso jende gutxik egiten duen ahalegina.
Batuari eta batutik ihes egiteari buruz twitterren eztabaidatzen hasita, Ander Lipusen erantzuna jaso nuen behin: «Adibidez, Maskarada bat batueraz entzutea, eta ez xiberutarrez. Hori bai izango litzatekeela aztertzekoa!», bota zidan, nik batutik ihes egiteko joera gero eta zabalduagoa aztertzekoa zela esan nuenean. Zer pentsatua eman zidan Lipusen komentarioak. Eta pentsatu nuen: zergatik ez? Ez al da tristeagoa maskarada eta pastoraletako aktore askok euskara batua denik ere ez jakitea? Ez al litzateke hori —Zuberoako maskaradak eta pastorala euskara batuan— euskararen hizkuntz egoera zeharo sendo baten adierazgarririk ziurrena, ukaezinena, behin betikoena?
Batutik ihes egitea ez da berez txarra. Baina nik gazteak batutik ihesi jolasteko gogoak eramanak nahi nituzke, ez arrotza zaien batuaren beldurrak larrituak.
Txillardegi parafraseatuz, bera ere ados izango zelakoan: batuarekin ere, ez dakit euskararik izango den etorkizunean; baina baturik gabe seguru ezetz.