Mailak eta abar

Iñigo Errasti Aranbarri

Itziar Diez de Ultzurrunek gaur zortzi edo blogeratu zuen testuak Santi Leoneren zutabe interesgarrira eraman gintuen, eta egun horretako Santiren abisuak, akuilatzaile, beti kezka edo gogoetagai izan dudan auzi batera ekarri nau, zeharbidez bada ere. Euskara batuaren mailez ari naiz; jasoaz batez ere, baina ez goi mailaz bakarrik, behe mailak ere buruhauste dezente ekarri dit eta maiz.

Ibon Sarasolaren bizpahiru ideia gogorarazi zizkidaten bi testuok, beste inon ez baitut kontu hau hain argi eta garbi (gordinki eta zorrotz?) irakurri:

Eroan/eroale elektrizitate arloan erabiltzea, aldiz, ez zait hain ereduzkoa iruditzen, hitzok bizkaierazko tradiziokoak direlako, eta barka, baina bizkaitarrek berek badakite ez dela beren tradizioa gure literaturako gaina eta bikaina, gipuzkerazkoa ez den bezalaxe. Hortaz, tradizio horietako aldaerak ez dira egokienak hizkuntzaren goi maila eratzeko. […] Baina argi dago euskaldunen begientzat oro har, Iparraldeko tradizio zaharreko formak eta aldaerak badutela jasotasun bat hizkuntzaren goi maila eratzeko erabat egokia dena.

Euskara batuaren ajeak, 95. or.

Maila kontu honetan, esan behar dut euskara neutrotzat, gaur egun Bizkaia-Gizpuzkoetan idazten den batua hartu dudala; eta, hortaz, Nafarroa eta Iparraldeko hitzek goi marka erakutsiko dutela sartaldeko batuan sartu ez diren heinean. Nafar eta iparraldeko idazleek jakingo dute horrelako markari kasurik ez egiten. Hegoaldean baizik erabiltzen ez diren gaztelaniazko hitz berriei, aldiz, beh marka ezarri diegu.

Zehazki hiztegiaren sarreran

Lehenengo eta behin, esango nuke gaur egungo euskara neutroa gehiago dabilela, Juan Garziak oraintsu zihoen bezala, «gipuzkeraren inguruan» eta «bizkaieraren edo nafarreraren koloreaz janzten dela idazlearen arabera».

Uste dut goiko aipuek ondo adierazten dutela zer gertatzen ari den, neurri handi batean, gaur egun euskara batuan hizkuntzaren mailekin; alegia, badugula eredu estandar bat gipuzkeran oinarritua (eta hari eransten diola bakoitzak, nondik datorren, bere usaina); eta, horrekin batera, badugula, gutxi-asko, eredu jaso bat tankeratua, batez ere sortaldeko ekarpenek bihurtzen dutena jaso. Ez dut horren kontra ezer; hala dira gauzak, eta, orain arteko emaitzak ikusita, ondo irizten diet euskara batuarentzat egiten ari garen bideei. Alegia, eredu jaso eder askoa erakusten dutela, esate baterako, hala literaturan nola zientziaren zein administrazioaren arloan «ereduzkotzat» ditudan testuek. Eredu ulergarria eta baliagarria, gainera.

Hala ere, albo kalteek kezkatzen naute. Batetik, bizkaiera ikusten dut pixka bat lekuz kanpo, zeren, Sarasolak dioen bezala, haren tradizioa ez bada onena eta, Juani sinestera, gipuzkera bada estandarraren muina, eta, aldi berean, sartaldekoei hartzen badiegu eredu jasoa osatzeko gaia, non geratzen da sortaldekoon hizkera? Zer harreman dugu alde honetako hiztunok estandarrarekin eta maila jasoko euskararekin?

Bestetik, sortaldeko hiztunak egoera bitxi samarrean suertatzen-edo dira: goi markari kasurik egiten ez badiote ere, haien testuak, beste euskalki batekook irakurtzen ditugunean, jasoak begitantzen zaizkigu ezinbestean. Hala gertatzen zait, esate baterako, Santi Leonek aipatzen zituen hitz eta esapide askorekin edo Fernando Reyk, Siziliako dialektoa itzultzeko, Montalbanoren kasuei nafar ukitua ematen dienean. Nire ezjakina izango da kausa, baina hala da: kosta egiten zait testuok hizkera arrunt gisa interpretatzea.

Eta, azkenik, zer pentsatu handia ematen dit behe mailak ere, iruditzen baitzait erregistro horixe dela, paradoxikoki, literaturan-eta gutxien landu dena. Nondik osatu behar dugu erregistro hori? Gaztelaniatik hartutako hitz eta esapideetatik abiatuta? Ez, behintzat, euskalki jakin batean oinarriturik.

Jakina, bizkaitarra naizelako ikusten ditut kontuak horrela; ziur asko, nafarrak eta iparraldekoak beste iritzi batekoak izango dira. Eta gipuzkoar asko eta arabarrak ere, ez dago esan beharrik. Ez da nire asmoa euskalki jakin baten egoeraz kexatzea (bakoitzari dagokio bere euskarari behar duen thornuia ematea) edo, besteak hobeto daudela eta, lehen ere inora eraman ez gaituzten eztabaidak piztea. Bat da euskara, eta, garbi dago, denok gaude ontzi berean. Baina uste dut merezi duela gai honi buruz gogoeta egitea; denok elkarrekin bada, hobe, interesa komuna baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude