Arratia inguruko hiztegia

Eneko Bidegain

Duela zenbait egun Arratian izan nintzen, Begitu Arratiako aldizkariko kide batekin elkarrizketa bat egiten, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazioko graduko lankide batzuk euskarazko tokiko aldizkariak ikertzen ari baikara, Tokikom-ekin batera. Beste tokiko aldizkari batzuen gisan, aldizkari honek ere baditu urtero diru-laguntza ematen dioten irakurleak, kasu honetan Begitu-lagunak. Begitu-lagunek Zertu kultur elkartearen argitalpenak jasotzen dituzte eta zozketetan parte har dezakete. Eta horietako bat izan zen Arratia inguruko hiztegia. Asko eskertu nahi dut “Iñigo Begitu” (Iñigo Iruarrizaga), hiztegi horren ale bat eman didalako. Altxor bat da, eta eredugarria. Ez da berri-berria, 2011koa baita, baina ez nuen horren berririk.

Lan ikaragarria da, 11 urte iragan dituzte horretan lanean, Arratian irakasle diren Angel Larreak eta Juan Rekaldek, Zeanurikoa lehena, Zornotzakoa bigarrena. Ahozko elkarrizketa andana egin dute, idatzizko dokumentu pila bat aztertu dute. Emaitza sekulakoa da: Arratia eskualdeko 26.000 sarrera, hitz bakoitzaren definizioa (euskaraz), esaldi batzuk adibide modura, esaerak, hainbat sarrera kolorezko argazkiz lagunduta, edizio lan ederra… Horrez gain, onomastikari edota ezizenei buruzko atalak daude, gazteleratik euskararako lexiko bat, gramatikari buruzko azalpen atal bat. Sekulako lana, beste nehon egin den baino sakonagoa.

Eskualdeetako hiztegi gehiago badago Euskal Herrian, nahiz eta denak ez diren berdinak izaeraz, sakontasunez edo metodologiaz. Hemen osatu dut beste eskualdeetako antzeko hiztegien zerrenda bat:

Ez dakit zerrenda osoa den: horiek dira nik aurkitu ditudanak, eta norbaitek beste erreferentzia bat balu, eskertuko nuke iruzkinetan gehituko balu.

Interesgarria litzateke bilduma hau osatzea, gainerako eskualdeetako hiztegiekin ere, badelako oraino altxor anitz biltzeko. Arratian egin duten lana erreferentzia gisa harturik, ez litzateke txarra gauza bera egitea beste eskualdeetan ere. Gero, sarera egokitutako bertsio bat ere behar litzateke, denak plataforma bakar batean elkartuz, aurkezpen eredu berari jarraiki.

11 erantzun “Arratia inguruko hiztegia” bidalketan

  1. Aitor Arana era horretako hainbat hiztegi egina duzu:
    – Zaraitzuko hiztegia
    – Nafarroako Ipar-Ekialdeko Euskara (Irunberritik Aezkoaraino)
    – Ameskoako euskara hiztegia
    – Izarbeibarko hiztegia
    – Hegoaldeko goi-nafarrera: Elortzibarko aldaera hiztegia
    – Hegoaldeko goi-nafarrera: Ezkabarteko aldera hiztegia
    – Hegoaldeko goi-nafarrera: Iruñeko aldaera
    – Hegoaldeko goi-nafarrera: Artzibarko aldaera
    – Hegoaldeko goi-nafarrera: Txulapaingo aldaera
    – Hegoaldeko goi-nafarrera: Gesalazko aldaera
    – Nafarroako euskalkiak: Artaxoako euskara
    – Gesalatz eta Jaitzeko euskara. Diccionario castellano-vasco de Guesálaz y Salinas de Oro

    Zerrenda luzetxoa da, baina seguru baten bat aipatu gabe utzi dudala.

  2. Etxean dut aurrekoaren herrikide zen Martin Ugarteren hiztegia:

    – Legazpi barrutiko itzen bilduma

  3. Hemen beste hiru:
    -“Antzuolako hizkera”, Jone Larrañaga Igarza, Antzuolako Udala, 1998
    -“Bergarako euskera”, UNED-Bergara, 1988 (ez dator egile(ar)en berririk)
    -“Elgoibarko ahozko euskara”, Jesus Mari Makazaga, Euskaltzaindia, Iker-25, 2010

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude