Iratxe Goikoetxea Langarika
Nafarroako Parlamentuko zentsura mozioaren gaineko albistean, esaldi hau entzun nuen ostegunean: «Roberto Jimenez izan da iristean txistu gehien entzun duen bigarren parlamentaria». Atentzioa eman zidan, bi arrazoirengatik. Alde batetik, dena sailkatzeko eta zenbakitzeko dagoen joera horrengatik. Eta bestetik, esaldiaren egiturarengatik.
«Txistu gehien entzun duen bigarren parlamentaria». Zenbakitzeko beharrak harrapatuta ez gaudenok «Roberto Jimenezek ere txistu asko entzun du» edo holakoren bat esango genuke. Baina «bigarrena» dela azpimarratu nahi izanez gero, zelan esan? Txistu gehien entzun duten parlamentarietan bigarrena? Bigarren parlamentaririk txistukatuena?
Sailkatzeko joera hori ingelesetik zabaldu da, antza. Ingelesez, «the second-highest mountain» eredua erabiltzen da, eta gaztelaniaz eta frantsesez, horri jarraituz, «la segunda cima más alta» eta «le deuxième plus haut sommet» nagusitu dira, hizkuntzalarien gomendioak gorabehera[1]. Euskaraz, berehala hasi zen zabaltzen nire ustez okerra den eredu bat: «hirugarren hiri(rik) jendetsuena».
Badira zortzi urte egitura horren gaineko zalantza plazaratu nuela ItzuL zerrendan, batez ere -(r)ik partitibodun esaldiek eraginda. Superlatiboa egiteko -etan eta -etarik atzizkiak ere erabiltzen dira, eta ez dut uste inork «bigarren herrietan txikiena» edo «seigarren mendietatik altuena» esaten duenik. Zergatik partitiboarekin bai? Mezu hartan, bide horretatik aldentzen ziren bi adibide aipatu nituen. Bata, Eusebio Bengoa Akordagoitiak XX. mendearen hasieran Txinaz idatzitako artikulu batean irakurritakoa: «Ibai hau munduan dagozan handienetatik hirugarrena da». Eta bestea, Andoni Egañari entzuna: «Aurtengo txapelketan, bigarrena naiz zaharrean».
Ordurik hona, urak bide handia egin du, eta Wikipedia hazi eta kaskondu egin zaigu. 150 mila artikulutik gora ditu euskaraz, eta hainbatetan agertzen da zehaztuta elementu geografikoek zenbatgarren lekua duten munduan. Horregatik, aproposa iritzi diot egungo erabileraren erretratua egiteko. Apur bat arakatuta, denerik apur bat dagoela ikusi dut:
- Hego hemisferioko bigarren mendirik altuena da.
- Mexikoko bigarren mendi garaiena da.
- Munduko herrialdeetan seigarren handiena da.
- Europako hiriburuetatik hirugarren zaharrena da.
- Munduko mendirik altuenetan bigarrena da.
Zenbakiok ez dute zerikusirik agerpen kopuruarekin; desegokienetik egokienera antolatu ditut. Bosgarrena, aitzakiabakoa da, nire ustez. Baina esaldia korapilatzen denean, zenbateraino dira praktikoak egiturok? «Munduko mendirik altuenetan bigarrenean hasiko dute abentura»??? «Altuenetan bigarrena denean»???
Batzuetan, testuinguruak argitzen digu. Lasterketa batean «bigarren denbora egin du» esatea nahikoa den bezala, «munduko bigarren tontorra» edo «munduko bigarren potentzia» esanda ondo ulertzen da. Baina hori nahikoa ez denean, eta goiko bost ereduei helduta, non ipiniko zenukete egokitasunaren marra?
[1] Dena dela, badirudi gaztelaniaz eta frantsesez berri samarra dela egitura hori. Fundeuren Manual de español urgentek ingelesaren kalkotzat jotzen du eta konparazioa izenaren gainean egitea aholkatzen du: LA SEGUNDA MAYOR. Dígase «la segunda en tamaño, en importancia o en volumen». Frantsesez ere antzeko irtenbidea proposatu zitzaion Wordreferencen ingeleseko «second/third best/tallest…» egiturako ordaina galdetu zuen bati: «le troisième pays en superficie / de par la superficie / en importance…».