Salaketak

Iñaki Segurola

Itzultzaileentzat jarritako toki batean ez dakit ongi ematen duten ipuin soziolinguistikoek, baina gogoa hartaraino lerratu zaidalarik, holakoxea beharko du gaurkoak.

Hizkuntzei buruzko salaketak egiten dira hemen eskuarki errotulazioagatik, paisaia linguistikoa deritzanagatik, erakunde publiko nahiz pribatuen jarduera erdaldunagatik eta holakoengatik. Denok dakigu, ordea, hizkuntza baten bizian gehien inporta duena jendea dela, jendearen edo herriaren aho-mihitan zer dabilen eta entzuten den; orduan ni beti harritu izan nauena eta neure buruari ixilka galdetu izan diodana da ea zergatik ez den sekula egin salaketa edo protestarik zuzen-zuzenean jendearen, herriaren edo herritar soilen kontra. Harritu naiz eta ixilka galdetu, baina sekula inoren aurrean holako deus esatera ausartu gabe, bai baitago hor zentzuzkoa ez dirudien zerbait, edo erokeria usainen bat esplikatzen ez dakidana. Eta hala ere, arrazoiaren beste mutur batek lehengoa esanarazten dit berriro: zergatik ez salatu zinez inporta duena, hots, jendea edo herria bera?

Ea behar bezala adierazten dudan: ez dut esaten hori egin behar litzatekeenik, baina ez dut ikusten arrazoi garbirik ez egiteko ere. Harritzen naiz, beraz, zergatik ez dituen inork zuzenean salatu erdaldun garbiak izateagatik Erandio, Irun edo Urepelgo herri (ia) osoak, edo Lesaka edo Azkoiti (ia) erdia, adibide bakan batzuk besterik ez aitatzeagatik; edo gizabanakoetara etorririk, Ondarru, Goizueta edo Azpeiti batean arrazoi berberagatik herritar edo gizabanakoak zuzenean salatzea bertako agerkarietan; holako zerbait, konparazio batera: «Atzo, goizeko hamaikak aldean Azpeitiko plazan Halako eta Holako, bertako alabak, 55 urte ingurukoak, erdaraz ari ziren (ia erabat)». Bai, jabetzen naiz erokeria usaina dariola, eta gizartea, egiturak, boterea, giza-uste ustelak eta abarrak kontuan hartu behar direla eta erretolika hori dena. Baina erretolika psikosoziologikoaren azpitik, zuzeneko sentimendua dago, bitartekaririk gabea, intelektual eta adituen jardun teknikoaren aditzerik ez duena… eta bai, oraintxe oroitu naiz Xalbador batek horixe berori egin zuela, erokeria dirudien horixe berori:

nik ez dakit jendea zeri buruz doan,
euskara itotzea hartu du gogoan.

Jendea, bai: herria bera salatzea; protestaldiak, agerraldiak, oihualdiak, agiriak eta abarrak. Erokeria dirudi, baina agian ez da. Eta gehiago oraino: nork segurtatzen dit ez dela egin daitekeen gauzarik zuhurrena? Nork ixilaraziko du nere baitan artzain haren arrazoia?

Eta hala ere… egia da: nekez irudika nezake «herriaren kontrako» ekintza edo ekitaldirik.

Alferrik da. Gauza garbirik ez dago. Aunitz maite duenak aunitz dudatzen du.