Bego Montorio Uribarren
Ez nuke jakingo esaten zerk eraginda, baina Paul Verlainen Chanson d’automne poema etorri izan zait gogora egunotan. Verlainen poema eta Arestiren itzulpena, neurri batean, biak bat baitira niretzat; bata entzun edo ahoskatzen hasi orduko, bestearen oihartzuna datorkit burura.
Itzultzen zaila da poema –errazik ba al da inon?–; erabilitako hitzetan bezainbeste, esamoldean baitago udazkena. Entzun ezazue:
Chanson d’automne
Les sanglots longs
Des violons
De l’automne
Blessent mon coeur
D’une langueur
Monotone.
Tout suffocant
Et blême, quand
Sonne l’heure,
Je me souviens
Des jours anciens
Et je pleure
Et je m’en vais
Au vent mauvais
Qui m’emporte
Deçà, delà,
Pareil à la
Feuille morte.
Bada, 1963an, Arantzazuko Batzarra baino bost urte lehenago, honela eman zuen euskaraz Gabriel Arestik:
Udazken-kantua
Udazkenaren
arrabitaren
zotinak
biotzeratzen
zerauzkidaten
musinak.
Zurbil, itorik,
Ordua iorik
zenean,
egun zaarra
nuen (negarra)
barnean.
Orbelen pare
neraman aire
gaixtoan,
ortik, arantza,
edonorantza,
ninoan.
Grafiak grafia eta arauak arau, ederra deritzot euskarazko poema horri. Gaur. Euskarazko poemari.
Testu horren itzultzea samurra ez dela adierazten dute beste hizkuntza batzuetarako bidean Verlainen hitzek, musikak izan dituzten arazoak. Gaztelaniaz, esaterako, irakurriak ditut poema horren zenbait itzulpen, hiru behintzat bai, eta, Carlos Fujol-ena izan ezik, ahazteko modukoak iruditu zaizkit; eta antzera gertatu omen da alemanez ematerakoan, Michelle Wilmarti entzun nionez. Zaila baita poesia hizkuntza eta kultura batetik bestera pasatzea, baina ez ezinezkoa.
Arestik lortu egin zuen, ekarri egin zigun, Bilbon, 1963an. Itzultzen zuenean ere, mundiala zen-eta Aresti, mundial hitzaren adiera guztietan. Eta horren froga nahi duenak Susa argitaletxeak plazaratu zuen Arestiren obra osora jotzea baino ez du.
Zazpi liburuki dira, eta, horietako bi, itzulpenak. Edizio hori apailatzen ari zirela, aukera izan nuen Jainkoaren hitzak (Divinas Palabras, Ramón María del Valle-Inclán) testuaren eskuizkribuak ikusteko –eskuz itzuli zituen Gabriel Arestik–, eta txunditu, miretsi… egin ninduten. Koaderno txiki bat zen, txarto gogoratzen ez badut, eskuz idatzita, eta oso gutxitan agertzen ziren ezabatutako hitz edo esaldiak. Miretsi, txunditu, hunkitu… egiten nau Arestik.
Eta orain, banoa, Pero Gailo, Mari Gaila, Simoniña eta konpainiarekin, Valle Incláni bizarretik tira egitera.