Alferrikako bikoiztasunak

Alfontso Mujika Etxeberria

Seikotea deitu genion guk duela 21 urte araua argitaratu zenean, eta seikotea da oraindik ere gure artean: eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura eta literatura.

Begiratu dezagun atzera, hitz-elkarteen idazkeraren araugintzaren historia polita da eta.

Duela 42 urte heldu zion Euskaltzaindiak lehenengoz hitz-elkarteen idazkeraren gaiari. Sotana-usaineko Euskaltzaindi hark, 1971ko abuztuaren 4an, idaztarau bat onartu zuen, eta, Loturik ala bereiz idatzi behar diren hitz, aurrezki eta atzizkiak atalean, Hitz elkarteak azpiatalean, 19 lerrotan «ebatzi» zuen gaia. Gaurko gaiari dagokionez, honela zioen idaztarau hark:

(…) Aurreko hitzak bilketan letraren bat galdu baldin badu, eta aurreko zein atzeko hitza laburra baldin bada, biak baturik idaztea hobe; bestela, berriz, bereiz. Luzea bezala jotzen da bi silabatik gora duen hitza. Adibidez: Abendats, Arnasots, Elizgizon, Gizabide, Gizalan, Gizatalde, Itsasertz. Baina: Anai maitasuna, Arnas gaitzaldia, Ekonomi arazoa, Eliz agintariak, Filosofi saila, Giza eskubideak, Kultur gaiak, Euskal Kantari, Literatur irakaskintza. Baina bilketa egitean, bi hots, euskeraz elkartzen ez diren hoietakoak, elkar joko baluteke, hori gerta ez dedin, kasu horretan, hitzok bereiz idatziko dira. Adibidez: Eliz zerga, Itsas xori.

Lehentxeago, 1971ko maiatzaren 28an, marratxoaren erabilerari buruzko idaztarauan, Hitz-elkarteak azpiatalean, 18 lerrotan «ebatzia» zuen marratxoa noiz jarri eta noiz ez.

Idaztarau haiek motz gelditu ziren berehala, jakina, eta laster iritsi ziren araua osatzeko eskaerak Euskaltzaindira. 1986an, Lexikologi Erizpideak Finkatzeko batzordea (LEF batzordea) hasi zen lanean, eta, lana gogotik egin ondoren, 1992ko otsailean, Hitz Elkartuen osaera eta Idazkera txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari. Lau hilabete geroago, ekainaren 26an, gomendio gisa onartu zuen Euskaltzaindiak: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindiaren gomendio arauak (1992.06.26). Eta geroago, 1995eko urtarrilaren 27an, arau gisa onartu zen: 25. araua: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Gomendioa zena arau bihurtu zenean, aldaketatxo batzuk egin zizkioten. Gure gaiari dagokionez, letra lodiz eta azpimarratuta jarri dudan esaldia gomendioan zegoen, baina desagertu egin zen arau bilakatu zenean:

  1. Bukaeran >ia< duten hitzak lehen osagai edo mugatzaile gisa dihardutenean, >a< hori kenduta nahiz kendu gabe erabili: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, diplomazi falta, bidai agentzia, Filosofi Fakultatea, Euskal Autonomi Elkartea, edota biologia(-)azterketa, geologia(-)irakaslea, pedagogia(-)berrikuntza, ortografia(-)arauak, e.a. Hala ere, >a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna.
  2. Lehen osagaia eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura edo literatura hitza (eta sei hitz hauek bakarrik) duten elkarteetan eliz, burdin, hizkuntz, kultur, natur, literatur forma >a< -gabeak zein eliza-, burdina-, hizkuntza-, kultura-, natura-, literatura- >a< -dunak berdin onargarri dira. Ongi emanak daude, beraz, bai eliz agintaria, burdin fabrika, hizkuntz gaitasuna, kultur emankizuna, natur zientziak, literatur tradizioa modukoak eta bai eliza(-)zerga, burdina(-)saltzailea, hizkuntza(-)eskola, Kultura Saila, naturazalea, literatura(-)joera gisakoak. Lehen osagaiari berezko >a< hori kentzen zaionean, marrarik ez erabili (edota loturik eman, bigarren osagaia erdi-atzizki duten burdingintza modukoetan).
  3. Gainerako elkarte berri guztietan debeku da lehen osagaiaren amaierako >a< kentzea. Beraz eskola(-)liburua, iraultza(-)giroa, jaiotza(-)kontrola, plangintza(-)arduraduna, (…)

18 urte joan dira araua kaleratu zenetik. Eta ez dira alferrik joan. Nire ustez, bada garaia orduan, zuhurtziaren printzipioa erabiliz, zabalik utzi zena bide bakarrera ekartzeko. Bikoiztasunak, berez, ez dira onak; hizkuntzaren estandarizazioari ez diote mesederik egiten, nolabaiteko salbuespen-egoera adierazten dute. Uste dut, puntu horretan, urrats bat aurrera egiteko moduan gaudela (marratxoaren puntuan, adibidez, ez dut uste oraindik egoera horretara iritsiak garenik: marrafiloen eta marrafoboen arteko etena nabarmenegia da oraindik).

Batetik, bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean, ia inork ez du amaierako -a letra kentzen: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, Zientzi Fakultatea… iraganeko (iragan hurbileko) kontuak dira dagoeneko. Oraindik bidai agentzia batzuk ikusten dira, baina “gipuzkoarkeriatzat” har daitezke. Horiek horrela, Euskaltzaindiak arauaren 1. puntua oso-osorik ezabatuko balu, espanturik gabe pasatuko litzateke.

Hel diezaiogun seikoteari. Hiru sail egingo nituzke: batean, burdina eta eliza ditugu. Hiztegi Batuak, esplizitatu ez badu ere, garbi markatu du bidea burdina hitzerako: hitz-elkarteetako lehenengo osagaia denean, sistematikoki galtzen da amaierako -a. Hauek ematen ditu Hiztegi Batuak (aukera bakar gisa): Burdin Aro, burdin barra, burdin hari, burdin harri, burdin hesi, burdin salda, burdin sarde, burdin sare, burdin ur, burdin ziri.

Arauak seikotea zehazten eta «eta sei hitz hauek bakarrik» esaten badu ere, bada beste hitz bat hor sartzekoa, burdina hitzaren jokamoldeari atxikia: arnasa. Hiztegi Batuak esplizitatu egin du, honela:

arnasa iz. [arnas forman erabiltzen da hitz-elkarketako lehen osagai denean: ik. arnas aparatu].

(Bide batez: bada antzeko beste kasu bat ere, -a letraz amaitzen ez den hitz bati dagokiona: itsaso. Hitz horri buruzko aipu espliziturik inon ez badago ere —ez arauan, ez Hiztegi Batuan—, elkartean sartzen delarik, sistematikoki galdu du azken letra Hiztegi Batuko sarrera eta azpisarrera guzti-guztietan: itsas armada, itsas txakur, itsas gaztainondo, itsas igaraba, itsas aingira, itsas arrain, itsas arrano, itsas arrantza, itsas barakuilu, itsas barraskilo, itsas belar, itsas dortoka, itsas fauna, itsas hegazti, itsas hegi, itsas hondo, itsas izar, itsas kabra, itsas lakatz, itsas triku, itsas lehoi, itsas lore, itsas oilar, itsas otso, itsas pinu, itsas portu, itsas suge, itsas txori, itsas uhin, itsas ur, itsas zaldi, itsas zapo, itsas mihilu)

Eliza hitzerako, gauzak ez daude hain garbi Hiztegi Batuan (Kixoteren Con la Iglesia hemos dado, Sancho hura gogoan): eliza-besta edo eliza besta eta eliza-txori edo eliza txori daude batetik, eta eliz guraso eta eliz dei bestetik. Ez dakit zergatik ez duen egin Hiztegi Batuak elizguraso (kontuan izanda eliza gizon* e. elizgizon egin duela) eta elizdei (elizatorra, elizbarruti, elizbatzar, elizbide, elizbira, elizetxe, elizinguru gainerako hitz tradiziodunetan bezala), baina, tira, hobe genuke Euskaltzaindiak zirt edo zart egingo balu, burdinarekin egin duen moduan.

Bigarren sailean, hizkuntza dugu. -kuntza atzizkia duten gainerako hitz guztietan (hezkuntza, hazkuntza…) ez da azkeneko -a galtzen hitz-elkarteetan. Gainera, EAEko eta Nafarroako administrazioetan, aspaldi egin zuten hautua, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza/Zuzendaritza gisakoetan ez da aukerakoa, erakundearen izena baita. Oso samurra litzateke hizkuntz aukera debekatzea (Orduan, Euskaltzaindiak Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa produktuaren izena egokitu beharko luke, besterik ez).

Azkenik, -tura atzizkia duten maileguzko hiru hitzak daude: kultura, natura eta literatura. Nago gipuzkeradunon (gehiegizko) eragina dagoela hor, sakonean, erabakia hartu aurretik galdetegi zabal bat egin baitzen (duela 22 urte), eta erantzun gehienak Gipuzkoa aldetik iritsi baitzitzaizkion Euskaltzaindiari (erantzun guztien % 55,48). Izan ere, ez da oso logikoa. Zergatik onartzen da kultur, baina ez eskultur* edo akuikultur*? Zergatik du literatura hitzak pribilegio hori, eta zergatik ez pintura eta arkitektura hitzek? Zergatik du bulda natura hitzak, eta ez partitura edo tenperatura hitzek? Hitz aristokratikoak ote dira kultura, natura eta literatura?

Kasu honetan ere, administrazioek egina dute hautua: Kultura Saila. Eta, EAEn behintzat, Natura Zientziak da irakasgaiaren izen ofiziala. Egia da kultur ekintza edo literatur generoa gisakoak ohikoak direla oraindik, baina bada garaia alferrikako bikoiztasun horiek desagerrarazteko. Komunitate euskaldun aktiboa duela 21 urte baino umoago eta trinkoago dago orain, eta Euskaltzaindiak aise har lezake aukera horiek murrizteko erabakia.

13 erantzun “Alferrikako bikoiztasunak” bidalketan

  1. Alfontso, ez dakit arrazoi duzun ala ez, oso kontu teknikoa da niretzat. Baina artikulu horren zenbait printza ez dut uste zentzuzkoak direnik. Zerrenda labur ez-exhaustiboa:

    a) “Sotana-usaineko Euskaltzaindi hark…”. Ez zaizkizu sotanak gustatzen, ados, baina zertan indartzen du horrek zure argudioa?
    b) “Bikoiztasunak, berez, ez dira onak”. Eta zertan oinarritzen zara hori esateko? Entziklikaren batean, apika?
    c) “Zergatik du literatura hitzak pribilegio hori, eta zergatik ez pintura eta arkitektura hitzek?”. Euskaldunek bat erabili izan dutela eta beste biak ez, akaso?

    Enfin, Gil Berarekin konparatua izateko arriskua nire gain harturik, ez legoke alferrik bukatzea esaten: amicus Plato, sed magis amica veritas. Alegia, lagun zaitut eta lagun gisa idazten dizut, besteak beste uste baitut sakonean arrazoi duzula (hau da, ziur aski “urrats bat aurrera egiteko moduan gaude”), baina formarekin ez duzu asmatu. Nire uste apalean.

    1. “Sotana-usaineko Euskaltzaindi hark” idatzi dut, horixe bururatu zitzaidalako 1970 eta 1971ko akta haiek irakurtzean: Luis Villasante, Imanol Berriatua, Piarres Lafitte, Manuel Lekuona, Jose Maria Satrustegi, Iratzeder, Antonio Zabala, Damaso Intzakoa, Patxi Altuna… sotanadunak nagusi. Eta, batez ere, aktaren amaieran, “Ohi dan otoitzarekin bukatu da biltzarra” irakurtzean. Horri deitzen diot nik sotana-usaina, bai.
      Hortik, “ez zaizkizu sotanak gustatzen” ondorioa … gehitxo, ezta? Baldin “kiratsa” edo “sunda” idatzi banu, tira. Duela 40 urteko Euskaltzaindikoa eta oraingoa pasatu zitzaizkidan begien aurretik akta haiek irakurtzean, eta piztu zitzaidan ideia papereratu nuen. Eta ez besterik.
      Eta horrek ez du nire argudioa ezertan ere indartzen. Arrazoi osoa duzu. Ez dut uste sotanadunen dentsitate handiak inolako eraginik izan zuenik hartu zuten erabakian. Orduko egoeran eta orduko baliabideekin, nahikoa egin zuten.
      Gero, jada gaiari helduta, hau idatzi duzu:
      Hor ere ez dago zalantzarik. Arrazoi duzu, “literatur” eta “literatura”, biak erabili dituzte euskaldunek. Euskaldunek “gauz” eta “gauza” erabili duten bezala (eta beste hainbat), baina forma estandarra “gauza” da. Estandarizazioaz ari nintzen.

      1. Barka, azken-aurreko paragrafoa ez da ondo sartu (adi erantzuleok!:gako angeluarren artean idazten duguna ez da gero blogean argitaratzen). Honela behar zuen;

        Gero, jada gaiari helduta, hau idatzi duzu: “Zergatik du literatura hitzak pribilegio hori, eta zergatik ez pintura eta arkitektura hitzek?”. Euskaldunek bat erabili izan dutela eta beste biak ez, akaso?

  2. «Bikoiztasunak, berez, ez dira onak; hizkuntzaren estandarizazioari ez diote mesederik egiten». Hala dio Alfontsok, eta ni ez nator bat.

    Gaztelaniazko adibide batzuk ekarriko ditut, nire iritzia aldezteko: «esta mañana he desayunado café» / «esta mañana desayuné café» / «esta mañana me he desayunado con café»; «impreso» / «imprimido»; «periodo» / «período»…

    Gehiago esatera ausartuko naiz: hizkuntzaren berezko izaera bikoiztasuna (n-koiztasuna) da.

    1. Ados, Asier: hizkuntzaren berezko izaera bikoiztasuna da. Baina berezkoa izateak ez du esan nahi berez ona denik. Horretaz ari nintzen.
      Ez naiz ari egiturez eta aldaera sintaktikoez, “desayunar” aditzarekin aipatzen dituzun modukoez.
      Azken urteotan IRITZI (eta ez ERITZI), EUSKARA (eta ez EUSKERA) edo ANAIA (eta ez ANAI) gisako murrizketak onartu baditugu estandarizazioaren bidean, iruditzen zait gaur egun (eta ez, ziur asko, duela 18 urte. araua eman zenean) bagaudela orduko bikoiztasun horiek murrizteko moduan. Eta uste dut era horretako bikoiztasunak ez direla berez onak, neke gehigarri bat dakartelako (ikasi egin behar dira, salbuespen baitira), formen sakabanatze etekinik gabekoari bide ematen zaiolako (zer mesede atera dezakegu ORTOGRAFI ARAUAK eta ORTOGRAFIA[-]ARAUAK, biak, erabiltzeko aukera izatetik?), eta, bestetik, zuzen dabiltzalakoan BIDAI BAT edo HIZKUNTZ BAT gisakoak (oraindik) erabiltzen dutenei (ez dira hain gutxi) euskarri bat ematen zaielako.

  3. Bi kuestio, zeharo intzidentalak:

    1.- Marrafiloon eta marrafoboen arteko eztabaida gainditu gabe dago, egia da. Baina nik marrafoboei oraindik ez diet taxuzko inolako arrazoirik irakurri/entzun beren jarrera aldezteko.

    2.- “Itsaso” hitzari dagokionez, nire harridura motiborik handiena da “itxaso” hitza ERE Hiztegi Batuak ez onartzea. Hegoalden behintzat ez diot pertsona bakar bati ere “iTSaso” ahoskatzen aditu.

    Eta hirugarren kuestio bat, are intzidentalagoa: ziurrenik oker egongo naiz, baina nire irudipena da “kuestio” hitza lehen Hiztegi Batuan bazetorrela. Inork mesedez konfirma edo gezurta liezadake hori?

    1. «“Itsaso” hitzari dagokionez, nire harridura motiborik handiena da “itxaso” hitza ERE Hiztegi Batuak ez onartzea. Hegoalden behintzat ez diot pertsona bakar bati ere “iTSaso” ahoskatzen aditu.»
      Baztan aldean etxetik ikasi dugu “itsaso”, “Otsondo”, “itsas” (“isats”-en metatesia eginez), “otso” eta halakoak ahoskatzen eta adin batetik goitikoen artean ez dira “itxaso”, “Otxondo”, “itxas”, “otxo” eta halakoak aditzen. Ipar Euskal Herriaren mugan bagaude ere, oraino Hegoaldean.

  4. 1.- Alfontsorekin bat nator gauza batean: askatasun gehiegitxo iruditzen zait oraingo eredua. Duela bi urte Berrian argitara emandako iritzi-artikulu bat horren lekuko:http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-10-07/004/006/europako_kultura_hiriburua_2016.htm (Donostiaz ari dela):

    • Kultur hiriburua
    • Kultura hiriburua
    • Kultura-hiriburua
    • Hiriburu kulturala (bai, hau aparte aztertzekoa da)

    Lau modutan orrialde berean.

    2.- Ez dut ulertzen zergatik sartzen den seikote horretan “hizkuntza” eta ez “hezkuntza”.

    3.- Nire ustez forma laburrek abantaila nabarmena dute besteen aldean. “Kultur politika” berehala harrapatzen da; “kultura-politika” nekezago (idatziz bai; ahoz, zer esanik ez).

    4.- Irudipena dut (guztiz intuitiboa, aitor dut) eremu “formaletan” “a”-dunak finkatuago daudela (Kultura Saila), baina eguneroko argitalpen, hedabide, liburuetan eta abarretan, aldiz, forma laburrak nagusi direla. Ez dut uste kasualitatea denik, gainera, lehen esan bezala hobeto funtzionatzen dutelako (“literatur uzta”, “natur baliabideak”, “kultur industriak”…).

  5. Bi kontu oso ezberdin dira “gauz” eta “itsas”, “eliz”…, ez itzazue nahastu mesedez.
    “Gauz” gipuzkoarra da gehienbat, baina “itsas(-)”, “burdin(-)” eta “eliz(-)” orokorrak , euskararen behinolako arau orokor baten araberakoak alegia (sentitzen dut, Luistxo, -a itsasia euskaldun guztiek “jaten” dute testuinguru jakin batzuetan, pentsa gipuzkeraz eta beste hizkera batzuetan “burni(a)” dela hitza, baina “burdin-” konposizioan, gainerakoetan bezala): hiru silabatik gorako hitzen konposizioko (baita adjektiboarekiko, cf. “itsas handi”) formak dira, non azken bokala galdu den (eta ez soilik -a), eta euskara / euskal, errege / erret, eta, analogiaz, abere / abel bezalako “bikoiztasunak” ekarri zituena (bi silabakoetan soilik -i eta (ekialdean batez ere) -u galtzen dira).
    Bikoiztasunak, izan ere, ez dira berez txarrak, baldin eta errealitate bati badagozkio, kasu honetan bezala. Noski, batzuek nahiago lukete “literatur” onartuz gero “natur”, “kultur” eta “-tur” guztiak sartzea. Edo “hizkuntz” onarturik “hezkuntz”, “ebakuntz” eta abar sartzea, baina hori beste kontu bat da: ea tradizioan erabili direnak bakarrik onartu behar diren, hitz guztietara aukera hori hedatu behar den, ala baturako erabat gaitzetsi behar den…
    Guztiz besterik da, noski, marratxoaz, marratxorik gabe edo lotuta idaztearena, horrek ez baitu zerikusirik hizkuntzarekin berarekin, konbentzio grafiko bat besterik ez da.
    Eta, Paskual Rekaldek dioen moduan, badira euskaldunak -ts- ahoskatzen dutenak (edo, mendebaldean -tz-, haren ordez) “itsaso”, “otso” eta abarretan. Ez dut uste gipuzkoako “otxo” zabaldu behar denik baturako, bizkaieraz (eta gipuzkoako eremu zabal batean) “otzo” esaten bada, eta ekialderago “otso” gordetzen bada. “Itxaso”, egia da, zabalduago dagoke, i-ak eragindako bustiduragatik, baina horixe besterik ez da, ahozko hizkeraren bilakabide fonetiko baten emaitza (“dao/do/dau” eta “(e)in” esaten den bezala leku gehienetan, “dago” eta “egin”-en ordez).

  6. Bikoiztasunak galgarri diren argumentua (normaliziorako) frogatu gabeko aurriritzi bat da oraingoz. Eta salbuespen-egoera adierazten dutela ez da, nire iritziz, zuzena: hizkuntza handi batzuetan bikoiztasunak tradizio diferenteen haurride dira, Britainia Handiko ingelesa eta AEBetakoa, kasu.
    Ortografian ere bikoiztasunak existitzen dira hizkuntza “nagusi”etan: gaztelaniaz: macroscopia eta macroscopía idatz daiteke, Erret Akademiak biak onartzen ditu (eta ez daude gaztelanien akademiak salbuespen-egoeran). Bikoiztasunak kontsustantzialak dira hizkuntzan, fonema asmatu zenetik, hori badakigu. Ez dut erabakita auzi honetan Alfontsorekin bat natorren ala ez (haren artikuluak beti irakurri behar dira behin baino gehiagotan, oso burutsuak eta landuak direlako), baina, erabilitako bi argudio horiekin, ondo ulertu baditut behintzat, ez nago ados.

    Iñaki Villoslada

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude