Alferrikako bikoiztasunak

Alfontso Mujika Etxeberria

Seikotea deitu genion guk duela 21 urte araua argitaratu zenean, eta seikotea da oraindik ere gure artean: eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura eta literatura.

Begiratu dezagun atzera, hitz-elkarteen idazkeraren araugintzaren historia polita da eta.

Duela 42 urte heldu zion Euskaltzaindiak lehenengoz hitz-elkarteen idazkeraren gaiari. Sotana-usaineko Euskaltzaindi hark, 1971ko abuztuaren 4an, idaztarau bat onartu zuen, eta, Loturik ala bereiz idatzi behar diren hitz, aurrezki eta atzizkiak atalean, Hitz elkarteak azpiatalean, 19 lerrotan «ebatzi» zuen gaia. Gaurko gaiari dagokionez, honela zioen idaztarau hark:

(…) Aurreko hitzak bilketan letraren bat galdu baldin badu, eta aurreko zein atzeko hitza laburra baldin bada, biak baturik idaztea hobe; bestela, berriz, bereiz. Luzea bezala jotzen da bi silabatik gora duen hitza. Adibidez: Abendats, Arnasots, Elizgizon, Gizabide, Gizalan, Gizatalde, Itsasertz. Baina: Anai maitasuna, Arnas gaitzaldia, Ekonomi arazoa, Eliz agintariak, Filosofi saila, Giza eskubideak, Kultur gaiak, Euskal Kantari, Literatur irakaskintza. Baina bilketa egitean, bi hots, euskeraz elkartzen ez diren hoietakoak, elkar joko baluteke, hori gerta ez dedin, kasu horretan, hitzok bereiz idatziko dira. Adibidez: Eliz zerga, Itsas xori.

Lehentxeago, 1971ko maiatzaren 28an, marratxoaren erabilerari buruzko idaztarauan, Hitz-elkarteak azpiatalean, 18 lerrotan «ebatzia» zuen marratxoa noiz jarri eta noiz ez.

Idaztarau haiek motz gelditu ziren berehala, jakina, eta laster iritsi ziren araua osatzeko eskaerak Euskaltzaindira. 1986an, Lexikologi Erizpideak Finkatzeko batzordea (LEF batzordea) hasi zen lanean, eta, lana gogotik egin ondoren, 1992ko otsailean, Hitz Elkartuen osaera eta Idazkera txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari. Lau hilabete geroago, ekainaren 26an, gomendio gisa onartu zuen Euskaltzaindiak: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindiaren gomendio arauak (1992.06.26). Eta geroago, 1995eko urtarrilaren 27an, arau gisa onartu zen: 25. araua: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Gomendioa zena arau bihurtu zenean, aldaketatxo batzuk egin zizkioten. Gure gaiari dagokionez, letra lodiz eta azpimarratuta jarri dudan esaldia gomendioan zegoen, baina desagertu egin zen arau bilakatu zenean:

  1. Bukaeran >ia< duten hitzak lehen osagai edo mugatzaile gisa dihardutenean, >a< hori kenduta nahiz kendu gabe erabili: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, diplomazi falta, bidai agentzia, Filosofi Fakultatea, Euskal Autonomi Elkartea, edota biologia(-)azterketa, geologia(-)irakaslea, pedagogia(-)berrikuntza, ortografia(-)arauak, e.a. Hala ere, >a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna.
  2. Lehen osagaia eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura edo literatura hitza (eta sei hitz hauek bakarrik) duten elkarteetan eliz, burdin, hizkuntz, kultur, natur, literatur forma >a< -gabeak zein eliza-, burdina-, hizkuntza-, kultura-, natura-, literatura- >a< -dunak berdin onargarri dira. Ongi emanak daude, beraz, bai eliz agintaria, burdin fabrika, hizkuntz gaitasuna, kultur emankizuna, natur zientziak, literatur tradizioa modukoak eta bai eliza(-)zerga, burdina(-)saltzailea, hizkuntza(-)eskola, Kultura Saila, naturazalea, literatura(-)joera gisakoak. Lehen osagaiari berezko >a< hori kentzen zaionean, marrarik ez erabili (edota loturik eman, bigarren osagaia erdi-atzizki duten burdingintza modukoetan).
  3. Gainerako elkarte berri guztietan debeku da lehen osagaiaren amaierako >a< kentzea. Beraz eskola(-)liburua, iraultza(-)giroa, jaiotza(-)kontrola, plangintza(-)arduraduna, (…)

18 urte joan dira araua kaleratu zenetik. Eta ez dira alferrik joan. Nire ustez, bada garaia orduan, zuhurtziaren printzipioa erabiliz, zabalik utzi zena bide bakarrera ekartzeko. Bikoiztasunak, berez, ez dira onak; hizkuntzaren estandarizazioari ez diote mesederik egiten, nolabaiteko salbuespen-egoera adierazten dute. Uste dut, puntu horretan, urrats bat aurrera egiteko moduan gaudela (marratxoaren puntuan, adibidez, ez dut uste oraindik egoera horretara iritsiak garenik: marrafiloen eta marrafoboen arteko etena nabarmenegia da oraindik).

Batetik, bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean, ia inork ez du amaierako -a letra kentzen: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, Zientzi Fakultatea… iraganeko (iragan hurbileko) kontuak dira dagoeneko. Oraindik bidai agentzia batzuk ikusten dira, baina “gipuzkoarkeriatzat” har daitezke. Horiek horrela, Euskaltzaindiak arauaren 1. puntua oso-osorik ezabatuko balu, espanturik gabe pasatuko litzateke.

Hel diezaiogun seikoteari. Hiru sail egingo nituzke: batean, burdina eta eliza ditugu. Hiztegi Batuak, esplizitatu ez badu ere, garbi markatu du bidea burdina hitzerako: hitz-elkarteetako lehenengo osagaia denean, sistematikoki galtzen da amaierako -a. Hauek ematen ditu Hiztegi Batuak (aukera bakar gisa): Burdin Aro, burdin barra, burdin hari, burdin harri, burdin hesi, burdin salda, burdin sarde, burdin sare, burdin ur, burdin ziri.

Arauak seikotea zehazten eta «eta sei hitz hauek bakarrik» esaten badu ere, bada beste hitz bat hor sartzekoa, burdina hitzaren jokamoldeari atxikia: arnasa. Hiztegi Batuak esplizitatu egin du, honela:

arnasa iz. [arnas forman erabiltzen da hitz-elkarketako lehen osagai denean: ik. arnas aparatu].

(Bide batez: bada antzeko beste kasu bat ere, -a letraz amaitzen ez den hitz bati dagokiona: itsaso. Hitz horri buruzko aipu espliziturik inon ez badago ere —ez arauan, ez Hiztegi Batuan—, elkartean sartzen delarik, sistematikoki galdu du azken letra Hiztegi Batuko sarrera eta azpisarrera guzti-guztietan: itsas armada, itsas txakur, itsas gaztainondo, itsas igaraba, itsas aingira, itsas arrain, itsas arrano, itsas arrantza, itsas barakuilu, itsas barraskilo, itsas belar, itsas dortoka, itsas fauna, itsas hegazti, itsas hegi, itsas hondo, itsas izar, itsas kabra, itsas lakatz, itsas triku, itsas lehoi, itsas lore, itsas oilar, itsas otso, itsas pinu, itsas portu, itsas suge, itsas txori, itsas uhin, itsas ur, itsas zaldi, itsas zapo, itsas mihilu)

Eliza hitzerako, gauzak ez daude hain garbi Hiztegi Batuan (Kixoteren Con la Iglesia hemos dado, Sancho hura gogoan): eliza-besta edo eliza besta eta eliza-txori edo eliza txori daude batetik, eta eliz guraso eta eliz dei bestetik. Ez dakit zergatik ez duen egin Hiztegi Batuak elizguraso (kontuan izanda eliza gizon* e. elizgizon egin duela) eta elizdei (elizatorra, elizbarruti, elizbatzar, elizbide, elizbira, elizetxe, elizinguru gainerako hitz tradiziodunetan bezala), baina, tira, hobe genuke Euskaltzaindiak zirt edo zart egingo balu, burdinarekin egin duen moduan.

Bigarren sailean, hizkuntza dugu. -kuntza atzizkia duten gainerako hitz guztietan (hezkuntza, hazkuntza…) ez da azkeneko -a galtzen hitz-elkarteetan. Gainera, EAEko eta Nafarroako administrazioetan, aspaldi egin zuten hautua, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza/Zuzendaritza gisakoetan ez da aukerakoa, erakundearen izena baita. Oso samurra litzateke hizkuntz aukera debekatzea (Orduan, Euskaltzaindiak Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa produktuaren izena egokitu beharko luke, besterik ez).

Azkenik, -tura atzizkia duten maileguzko hiru hitzak daude: kultura, natura eta literatura. Nago gipuzkeradunon (gehiegizko) eragina dagoela hor, sakonean, erabakia hartu aurretik galdetegi zabal bat egin baitzen (duela 22 urte), eta erantzun gehienak Gipuzkoa aldetik iritsi baitzitzaizkion Euskaltzaindiari (erantzun guztien % 55,48). Izan ere, ez da oso logikoa. Zergatik onartzen da kultur, baina ez eskultur* edo akuikultur*? Zergatik du literatura hitzak pribilegio hori, eta zergatik ez pintura eta arkitektura hitzek? Zergatik du bulda natura hitzak, eta ez partitura edo tenperatura hitzek? Hitz aristokratikoak ote dira kultura, natura eta literatura?

Kasu honetan ere, administrazioek egina dute hautua: Kultura Saila. Eta, EAEn behintzat, Natura Zientziak da irakasgaiaren izen ofiziala. Egia da kultur ekintza edo literatur generoa gisakoak ohikoak direla oraindik, baina bada garaia alferrikako bikoiztasun horiek desagerrarazteko. Komunitate euskaldun aktiboa duela 21 urte baino umoago eta trinkoago dago orain, eta Euskaltzaindiak aise har lezake aukera horiek murrizteko erabakia.