Hitz bi itzultzaileen zaindariaz

Koro Garmendia Iartza

Aita Santu baten agurrarekin eta bestearen izendapenarekin, hautsak harrotuta izan ditugu azkenaldi honetan Vatikanoan. Elizgizonen bilkuren ingurukoak irakurtzean, Michelangelo Buonarrotik margotutako kaperaren irudiak ikustean, eta latinezko mintzaira entzutean, San Jeronimo etorri zait gogora; itzultzaileen eta interpreteen zaindaria, alegia. Egin diezaiodan tartetxo bat blog honetan.

Nolatan den San Jeronimo itzultzaileen eta interpreteen zaindari? Bada, ordura arte grezieraz eta hebreeraz zegoen Biblia latinera itzuli zuelako. Damaso I.a aita santuaren idazkari zenean jaso zuen Liburu Santuak latinera itzultzeko mandatua. Artean, baziren beste itzulpen batzuk, baina estiloaren aldetik bateratu gabeak, zehaztasunetan lausoak eta jatorrizko bertsiotik dezente aldenduak. San Jeronimok latin klasikoa ondo baino hobeto menderatzen zuen arren, latin xehea erabiltzearen aldeko hautua egin zuen, herritarrek aise uler zezaten. Horrexegatik deitzen zaio Bibliaren itzulpen horri Vulgata: latin arruntean idatzita dagoelako. Urtetako lana izan zen hura ‒hogeitik gorakoa‒, erantzukizun handikoa, eta ez denen gustukoa.

Esan beharrik ez dago hamaika buruhauste ekarri zizkiola Biblia itzultzeko zereginak. Eta, eskarmentuaren kariaz, adierazpen interesgarri hauxe egin zuen, beste askoren artean: «Ego enim non solum fateor, sed libera voce profiteor, ne in interpretatione Graecorum, absque scrituris sanctis, ubi et verborum ordo mysterium est, non verbum e verbo, sed sensum exprimere de sensu» (Nik esaten dizuet, eta ozen aldarrikatu ere egiten dut, greziarrek Liburu Santuei dagokienez egindako interpretazioan, hitzen ordena bera misterio hutsa dela, eta, hitz bakoitzaren esanahia ulertzeko, ez diodala hitzari berari begiratzen, zentzuaren zentzuari baizik).

Ezagun egin diren beste esaldi ugariren sortzailea dugu, halaber. Hona horietako batzuk: «Aritu zaitez lanean, deabruak beti lanpetuta topa zaitzan», «Aurpegia arimaren ispilu da, eta begiek, isilean, bihotzaren sekretuak islatzen dituzte», «Has zaitez orain bertan aurrerantzean izango zaren hura izaten».

San Jeronimo 420an hil zen, 80 urte zituela. Zehazki, irailaren 30ean. Hain zuzen ere, horregatik ospatzen da egun horretan Itzultzaileen Eguna. Apur bat falta da oraingoz buruilari ongi etorria emateko, baina ez dago ordura arte itxaron beharrik itzultzaileak eta interpreteak ongi egindako lanagatik zoriontzeko!

Erantzun bat “Hitz bi itzultzaileen zaindariaz” bidalketan

  1. Eta honakoa, bere hoberenetariko bat (Epistulae, 27-1):

    Asino lyra superflue canit

    Alferrik darauntsa lirak astoari

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude