Maiz eta maiza

Fernando Rey Escalera

Batzuetan bi ideia etortzen zaizkit kolpean burura, maiz hitza ikusten edo aditzen dudanean. Bata, ia ezkerrik ez zuen pilotari aranztar erraldoi hura, ezkerrez ez jotzeagatik eskuinez jo eta gorputza arraxtadan paretaren kontra jartzen zuena. Bestea, orain dela urte batzuk aditu nuen esaldi pare xelebre hura, itzulpengintzan ari garenoi irribarrea pizten diguna: «Maiz jaten dut artoa / Estoy harto de comer maíz».

Barkaidazue hasiera, ez baitu inongo ikustekorik gero esan behar dudanarekin, baina esateko gogoa izan, eta han gelditu da.

Azken asteotan, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Iruñean maiatzean egin behar duen biltzarrerako komunikazio eta txosten zientifiko mordoa irakurri dut, haiekin denekin liburu bat argitaratuko baita urtero egiten diren osasun jardunaldietan egiten den bezala.

Maiz hitza agertu zait behin baino gehiagotan, baina, zenbaitetan, orain arte ez bezala, izenondo gisara. Erabilera bitxia inondik inora, gehientsuenok, nik dakidala, ez baitugu sekula ez esan ez aditu adberbioaren adieran baizik. Baina boligrafo gorria hartu baino lehen –zuzentzaileok erne ibili behar izaten dugu zuzendu behar ez dena ez ezabatzeko–, zerbaitek esan zidan ongi ote zegoen, bai, ikusia nuela bestelako erabilera Orotariko Euskal Hiztegian, eta, badaezpada, hartara jo nuen. Eta hantxe dago bigarren erabilera hori, bai, arrunt urria bada ere:

2. (Lar, H). (Adj.). Frecuente. “Maizena […] il se prend […] comme adj. superl. de maiz” H. “Zure eskea maiza da, maizegi” Ib. Eztala [zortzikua] uste bezin maiza ta ezta ere askotan uste dan bezin antsiñakua. LzM EEs 1912, 106. Ango euri maizak. Or Eus 91. “Iesus” atera zitzaidan oiurik maizena. Or QA 175

Eta orduantxe egin zitzaidan zalantza. Hiztegi Batuak ez du (oraindik?) erabilera hori onartu. Eta hauxe esaten digu:

maiz adlag.: ahal den maizena jaiki zaitez; horretaz ahalik eta maizena oroituz.
maiz aski
maiz asko
maiz askotan g.er.
maizenean ‘maizenik’
maizenik
maizko izlag.: maizko erabilera.

Jakina, azkenaldi honetan maiz izenondoa agertu izanaren arrazoia ez da Orotarikoak ematen digun beste baliabide bat erabiltzea, baizik eta, nire ustez, itzulpen oker bat, hiztegietara «frecuente» hitzaren bila jo eta maiz aurkitzearen ondorioa. Erdaraz, maiz aurkitzen baititugu honelako esaldiak, kasu honetan medikuntzan:

– Es frecuente que estos enfermos presenten también síntomas neurológicos.
– La mononucleosis infeciosa es una enfermedad frecuente entre adolescentes.

– Maiza da gaixo hauek sintoma neurologikoak ere izatea. (?)
– Mononukleosi infekziosoa gaixotasun maiza da adoleszenteen artean. (?)

Nik, orain arte, beste bide batzuk erabili ditut beti gaztelaniaren «frecuente» adjektiboaren ordaina emateko: «Mononukleosia ohiko gaixotasuna da adoleszenteen artean» / «Mononukleosia arrunta izaten da adoleszenteen artean» / «Gaixotasun arrunta da…» / «Aski eritasun zabaldua da…».

Halako ideiak emateko, bada, esaldia aldatu, nire komenentziara bihurritu, baina beti bide hauek erabili ditut: maiz adberbioa, arrunt izenondoa, ohiko izenlaguna, edo bestelako perifrasiak. Berdin, superlatiboa adierazteko: «Maizenik egiten diren akatsak» («los errores más frecuentes»).

Hori guztia buruan nerabilela, Zehazkira jo dut, eta, hara non, maiz izenondoa aipatzen digu Sarasolak, goi markarekin betiere:

frecuente 1 adj maizko; sarri, maiz goi: era cliente frecuente de magos, aztien bezero sarria zen; lluvias frecuentes, maizko euriak, euri maizak.

        2 (usual) ohiko.

Hauxe da, lagunok, nire duda: aski ote den Orotarikoan aipamen bakar horiek agertzea bide hori bultzatzeko; «euri maizak» horrek ez ote digun balio aitzakiatzat gaztelaniaren egitura hori kalkatu eta, automatismoak ematen duen erosotasunez, senak normalean eskaintzen dizkigun beste bide (naturalago?) batzuez baliatu beharrik ez izateko; edo, besterik gabe, hor dagoen aukera bat izanda, bultzatu behar ote dugun hasieran belarriari gogorxko egiten bazaio ere.

Nik ez dut garbi. Zuek?

2 erantzun “Maiz eta maiza” bidalketan

  1. «Maiz jaten dut artoa / Estoy harto de comer maíz»

    Hara, itzulpalindromo bat!

  2. Izan, badira aditzondotik izenondora egoki samar igaro diren hitzak: gehiegi/gehiegia, lar/larra (“Larra txarra da”)… Ez denak, ordea.
    Eremu semantiko horretan, testu teknikoetan inoiz “sarri” izenondoa erabili beharra suertatu zaigu guri, inondik ere tradizio hobekoa:
    1. (Lar, H). Frecuente, habitual. “Frequente” Lar. Komunio ain sarriak. Mg CC 238. Zelango irabazi edo frutubak ateraten dirian komunino sarrijetati. Mg CO 288. Bere bakardade sarrienetako aitzulo aretzaz gañera, lau etxek […] Santuari ostatu emateko ditxa izan zuten. Aran SIgn 30. Ukaldi sarrigoa Leitzarrak ari du. Or Eus 149. Eztul erasoak ez dau amairik ezagutzen, bare samar baiña ekin sarrian, neguko eurite isituaren araura. Erkiag BatB 196. (Precedido de part.). Baso galduen erdian, / kare-arrizko mendiak / gorri, aizto ta mutur, iparrak / melar zorroztu sarriak. ‘Tenazmente afilados por el áspero norte’. Gand Elorri 38.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude