Debekuak eta baimenak

Xabier Aristegieta Okiñena

Euskara egokiari buruzko arau nahiz bestelako irizpen eta orientabideak emateari dagokionez, denbora igaro ahala gero eta argiago ikusten dut are zorrotzago jokatu behar dela debeku-arauak ematerakoan, baimen-arauak ematerakoan baino. Alegia, debeku bat ezartzeko pisuzko eta ezbairik gabeko arrazoiak eduki behar direla, eta ez nolanahiko beste batzuk.

Eta hori, arrazoi sinple batengatik: debeku-arauak arau inbasiboak dira, eta baimen-arauak, ordea, ez. Alegia, debeku batek –nahi bezain zilegizkoa eta oinarriduna– hizkuntza-erabiltzaileen adierazpidea baldintzatu eta mugatzen du. Hizkuntza-erabiltzaile guztiena, gainera: debekuarekin ados daudenena eta desados daudenena. Araugileak debekua jaurtiki eta, gezi baten modura, debeku horrek hiztunak zeuzkan adierazpide posibleen eremua inbaditzen du eta bertan zulatuta geratzen da, muga bat ezarriz: «zuzen hitz egin/idatzi nahi baduzu, ezin duzu hitz hau erabili, ezin duzu espresio hau erabili, ezin duzu egitura sintaktiko hau erabili, ezin duzu…».

Baimen-araua, ordea, guztiz bestelakoa da. Hitz, espresio edo joskera jakin bat baimentzen duen arauak ez du inola ere behartzen baimendutako hori erabiltzera; aitzitik, erabilera-aukera bat gehitzen du, aukera hori gustuko duenaren eskuragarri, gustuko ez duenari horren ordez gogoko duen beste bat erabiltzea eragotzi gabe. Kito. Asko jota, aukera hori ematearen kontra dagoenak beste hiztunen erabilahala jasanarazten zaiola sentitzera etsi beharko du (bizitza honetako aniztasunen kudeaketa egokiak dakartzan jasanarazpen horietako beste bat), baina halaber aitortu beharko du bere adierazpidea ezertan ukitu gabe uzten zaiola. Horrelaxe funtzionatzen baitu zilegitzeak: bideak irekiz, baina bide horietan barneratzera behartu gabe. Debekuak, bistan da, guztiok behartzen gaitu.

Edozein debekuren izaera murriztailea dela-eta, bidezko deritzot debeku bat ezarri ahal izateko justifikazio erabatekoa eskatzeari. Azken batean, planteamendua ez da hainbeste aldentzen zuzenbide penalean in dubio pro reo («zalantza kasuan, auzipetuaren alde», esango genuke) oinarri-oinarrizko printzipioa aplikarazten duen arrazoibidetik: jokoan dagoenaren muntak (auzipetuaren askatasun pertsonala, kasu batean; hiztunaren adierazpide-askatasuna, bestean) behartzen du askatasun hori murriztuko duen neurri bat hartu aurretik zorrozki egiaztatzera, arrazoizko zalantza oro uxatzeraino, kasuko jokabidea okerra, gaitzesgarria, dela. Eta –hizkuntzaren esparrura bueltatuz–, nire ustez, horrexe-horrexegatik behartzen du hiztunaren adierazpide-askatasuna tinko lehenestera, dena delakoagatik okerrekotasuna eztabaidagarria denean.

Gaur egun, euskaraz zer den zuzen eta zer oker erabakitzean, debeku gehiegi ikusten dut. Horietako batzuk okerrespen peto-peto gisa adierazten zaizkigu. Beste batzuk, ordea, irizpen lausoagoak dira, hizkuntza-erabilera bat berariaz txarretsi beharrean sotilki gonbidatzen gaituztenak erabilera hori alboratzera (azken batean, debekuak duen ondorio bera bilatzen dute), argudio ezberdinak tarteko: beste erabilera bat hobestearena, hizkuntza-erabilera jakin baten euskarazko «beharra» ukatzearena, eta abar.

Adibideak, hurrengo batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude