Itziar Aduriz Agirre
Esango nuke emakume praktikoa naizela eta nire bizitzako alderdi guztietara begiratuta ikusten ahal dela ezaugarri hori. Esango nuke.
Euskal Filologia bukatu eta UZEIn lanean hasi nintzenean, orduan bideratzen hasi zen nire ikerketaren soslaia. Eta praktikora bideratu zen, kasualitatez, seguru asko. Ala ez.
Ni pozik, nire ikerketan ere izaera praktiko hori islatzen zelako, alegia, ikerketan aritu hainbat denboran eta esfortzu hartatik zerbait (tresnaren bat-edo) sortu egiten genuelako eta erabili egiten zelako helburu jakin batean.
Artean, hizkuntzalaritza teoriko eta praktikoaren kontua garbiago neukan, garbiago baina erratuago ere bai. Izan ere, denborarekin ikusi dut teoria-hizkuntzalaritza egiten dutenek praktikotik ere badutela, eta ez gutxi. Besteren artean, hizkuntzalaritza aplikatua egiten dugunok erabiltzen dugulako, neurri handi batean. Gogoratu «besteren artean» esan dudala. Badaezpada ere.
Puntu honetan gogora datorkit blogkide den Igone Zabalaren 2012ko azaroaren 1eko artikulua, «Geneen adierazpen-askatasuna» titulupean egin zuen artikulua, hain zuzen ere. Zilegi bekit haren hitzak zuzen-zuzenean ekartzea (zaila baita berak idazten daukan zuzentasuna eta zorroztasuna imitatzea):
«Hizkuntza ikuspegi askotatik azter daiteke eta, edozein jakintza-alorretan bezala, motibazio teoriko hutsez iker daiteke edo, bestela, gizartean dagoen arazo edo gatazka bat konpontzen laguntzeko motibazio aplikatuaz. Hizkuntzalaritza aplikatuak hizkuntzalaritza teorikoak garatutako jakintza baliatzen du, eta teknika eta metodologia egokiekin konbinatuta, helburu aplikatuak erdiesten saiatzen da. Emaitzak ebaluatu egin behar dira eta, ebaluazio horretatik, abiapuntuko teoriak eta metodologiak birformulatu egin behar dira.»
Utz dezagun, bada, praktiko izatea bizitzaren beste alderdietarako eta hizkuntzaren inguruko ikerketaz ari garenean hitz egin dezagun hizkuntzalaritza aplikatuaz eta teoria-hizkuntzalaritzaz.
Bikote honen aurrean nagoela (hizkuntzalaritza aplikatua eta teoria-hizkuntzalaritza), ezin aukera hau galdu barruan dudan kontu bat aipatu gabe. Izan ere, inoiz bi ikuspuntuen artean nolabaiteko ez-ulertuak egon badira ere, badakigu ikuspuntuen aniztasunean (eta behar denean elkartzean) dagoela gakoa eta etorkizuna. «Desberdinak gara baina denak gara beharrezkoak!» aipatzen du behin eta berriro nire ikerketa taldeko lankide batek. Eta arrazoia ez zaio falta.
Emaitza ederrak ditugu gurean ere, ikuspuntu eta diziplinak nahasten atera direnak. Hortxe ditugu neuro-, sozio-, psiko- eta biohizkuntzalaritzak, hizkuntzaren jabekuntzaren ingurukoak, hizkuntzalaritza konputazionala, etab.
Goian aipatu dudan nire ikerketa-soslaia hizkuntzalaritza aplikatutik eta diziplinartekotasunetik bideratu zen, konputazionaletik hain zuen, euskararen tratamendu konputazionaletik.
Ni lanotan hasi nintzenetik garaiak asko aldatu dira alor honi begira. Horrela, gure lehen lanak, UZEIn eta IXA taldean (bietan batera aritu bainintzen urtetan) datu-baseen eta corpusen osaketei begira genituen. Morfologia, lexikoa, ortografia, erroreen tratamendua eta abarren lantzetik XUXEN zuzentzaile ortografikoa sortu zen. Lematizatzailea, ondoren, gaur egunean corpusen kontsultan puntu giltzarrienetakoa baita.
Garai hartatik datoz artikulu honi izenburua ematen dioten hitzak. Euskaltzaindiko XIII. biltzarrean, Leioan izan baitzen 1994. urtean, estreinakoz aurkezten genituen gure lanak euskal komunitatean hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik. Aurkezpenaren ondoren, Piarres Xarriton altxatu eta bere iritzia bota zuen: ez ote ginen ari euliak kanoikadaz hil nahian. Besterik ez dut gogoan. Harri eta zur geratu ginen. Aurrera egin genuen, ordea!
Erabilerak ere bermatzen du alor hau. Horrela, blog honetan argitaratzen diren artikuluak begiratu besterik ez dago ikusteko corpusei egiten zaien erreferentzia, hitz ala egitura jakinen adibideak eta maiztasunak bilatzeko.
Hizkuntzaren inguruan lanean gabiltzan askorentzat tresnok ezinbestekoak bihurtu zaizkigu, modu azkar batean eskura jartzen diguten informazioagatik eta gehienok ordenagailuz idazten dugunez, idazketa errazten digutelako, neurri handi batean.
Dagokidan neurrian, gogora ekarri nahi dut baliabide horien atzean dagoen lan linguistiko eta informatikoa, nire ustez ezinbestekoa dena tresnaren egokitasunerako eta kalitaterako (bestelako iritziak eta jokatzeko moduak baldin badaude ere).
Xarritonek euliak eta kanoiak ikusi zituen. Nik tximeleta koloredunak ikusten ditut teklatuaren soinu etengabea entzuten dudan bitartean.
Jarraituko du.
Asko gustatu zait artikulua. Egunean-egunean testuekin “borrokan” aritzen garenok asko eskertzen dizuegu zuen laguntza Chomskyren, Benvenisteren eta kuadrilla horren guztiaren teoria agorretatik Xuxen, Euskalbar, Klasikoen Gordailua eta horrelako tresna praktikoak sortzen dituzuenei.
Halaber, asko daukat eskertzeko hizkuntza-langintzaren bide klasikoagoetatik eraman nautenei, eta horregatik esan nahiko nuke ez litzaiokeela inori ezer egotzi behar bisionarioa ez izateagatik —ez zait iruditzen artikuluan horrelakorik egiteko asmorik dagoenik—.