Senitarteak eta familiak

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Nire lanari buruzko errepasoa egitean, nik ere esan dezaket, Jesus Maria Agirrek zioen bezala, jarrera garbizaleagotik beste jarrera malguago batera pasatu naizela, urteen poderioz, lexikoari dagokionez. Eta bat nator esaten duenean ikuspegi aldaketa bat izan dela gure artean, eta lehenago gure arretaren erdigunea hizkuntza bera zen lekuan, orain erabiltzailea dela. Eta uste dut, gainera, hori onerako aldaketa izan dela.

Hain garbi ez dudana da «gure artean» horrek zenbat itzultzaile biltzen dituen bere magalean, eta, proportzioari begiratuta, gehienak sartzen garen ala ez. Izan ere, oraindik iruditzen baitzait garbizaletasunaren gotorlekua dela itzulpengintza; edo, bestela esanda, euskararen beste esparruetan baino jarrera garbizaleagoa aurkitzen dudala itzultzaileon baitan. Seguru aski, lanbidean sartzeko erakutsi eta frogatu behar izan dugulako inork bezain ongi ezagutzen eta erabiltzen ditugula Euskaltzaindiaren arauak. Baina, hala ere, asko dira gure langintza honetan uste dutenak euskararen geroa bera dagoela jokoan, egiten dugun lanean.

Horrelakorik nekez aurkituko dugu, ordea, demagun, bertsolaritzan, eta ez dut uste inork bertsolari bati leporatuko liokeenik euskara arriskuan jartzen ari dela «grabe/suabe/nobedade/daude» puntuekin bertso bat egiteagatik; alderantziz, entzuleek sekulako txalo zaparrada egingo diote.

Eta irakurri dudan azken euskarazko liburuaren egileari uste dut gutxik aurpegiratuko diotela euskara kaskarra, baldarra eta erdarazalea erabiltzen duela «akordatu, inpostore, testifikatu, patilla, banidoso, kontundente, konbatitu, kutxillo, peaje, garantiak, desafio, konbate, erreprotxe, domestiko, karril» eta honelako beste hainbat eta hainbat hitz idazteagatik.

Aldiz, testu hau idatzi baino lehenago, kalean nenbilela, asko bilatu beharrik ez dut izan, «Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua» zioen errotulu bat bilatzeko, euskaldunok aspalditik eta euskalki guztietan familiarik ez bagenu bezala.

2 erantzun “Senitarteak eta familiak” bidalketan

  1. 1997an argitaratu ziren Sarasolaren “Ajeak” eta Juan Garziaren “Joskera lantegi”. Uste dut liburu garrantzitsuak izan direla biak, euskara batuaren garapena sakon markatu dutenak.

    Noiz ekingo diogu balantze kritiko bat egiteari? Badakit ez dela erraza, eta nik neuk (jakina) ez dut neure burua gai ikusten, baina debate bat sortzea ez letorke gaizki, nere uste apalean.

    Zeren Koldoren artikuluak bi zati ditu: goian, baieztapen orokorra (“jarrera garbizaleagotik beste jarrera malguago batera pasatu naiz”) eta behean, anekdota (“Senitarte Zerbitzua”). Agian ordua litzateke anekdotaz baino arazo orokorrez hitz egiteko. Batak ez du bestea kentzen, badakit, baina hain justu ere hori, batak ez duela bestea kentzen.

    Oharra: oso ekarpen ona, Koldo, uste dut bete-betean asmatzen duzula.

  2. Ez da nire asmoa inori ezer aurpegiratzea; hitzek eurek daramate etiketa. Akordatu, peaje, kutxillo eta konbate berbek —gutxienez— «behe-mailakoa» etiketa daramate. Liburuan, hitz bakoitza erabili den pasartean, behe-mailako hizkera, ardurabakoa eta baldarra erabiltzea tokatzen bazen, zorgarri! Erdiko mailako hizkera, neutroa eta markatu gabea tokatzen bazen, orduan desegokiro erabili dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude