Koldo Biguri Otxoa de Eribe
Nire lanari buruzko errepasoa egitean, nik ere esan dezaket, Jesus Maria Agirrek zioen bezala, jarrera garbizaleagotik beste jarrera malguago batera pasatu naizela, urteen poderioz, lexikoari dagokionez. Eta bat nator esaten duenean ikuspegi aldaketa bat izan dela gure artean, eta lehenago gure arretaren erdigunea hizkuntza bera zen lekuan, orain erabiltzailea dela. Eta uste dut, gainera, hori onerako aldaketa izan dela.
Hain garbi ez dudana da «gure artean» horrek zenbat itzultzaile biltzen dituen bere magalean, eta, proportzioari begiratuta, gehienak sartzen garen ala ez. Izan ere, oraindik iruditzen baitzait garbizaletasunaren gotorlekua dela itzulpengintza; edo, bestela esanda, euskararen beste esparruetan baino jarrera garbizaleagoa aurkitzen dudala itzultzaileon baitan. Seguru aski, lanbidean sartzeko erakutsi eta frogatu behar izan dugulako inork bezain ongi ezagutzen eta erabiltzen ditugula Euskaltzaindiaren arauak. Baina, hala ere, asko dira gure langintza honetan uste dutenak euskararen geroa bera dagoela jokoan, egiten dugun lanean.
Horrelakorik nekez aurkituko dugu, ordea, demagun, bertsolaritzan, eta ez dut uste inork bertsolari bati leporatuko liokeenik euskara arriskuan jartzen ari dela «grabe/suabe/nobedade/daude» puntuekin bertso bat egiteagatik; alderantziz, entzuleek sekulako txalo zaparrada egingo diote.
Eta irakurri dudan azken euskarazko liburuaren egileari uste dut gutxik aurpegiratuko diotela euskara kaskarra, baldarra eta erdarazalea erabiltzen duela «akordatu, inpostore, testifikatu, patilla, banidoso, kontundente, konbatitu, kutxillo, peaje, garantiak, desafio, konbate, erreprotxe, domestiko, karril» eta honelako beste hainbat eta hainbat hitz idazteagatik.
Aldiz, testu hau idatzi baino lehenago, kalean nenbilela, asko bilatu beharrik ez dut izan, «Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua» zioen errotulu bat bilatzeko, euskaldunok aspalditik eta euskalki guztietan familiarik ez bagenu bezala.