Enkargua

Iñigo Aranbarri Alberdi

Denboralea generaman elkarrekin hitz egiteke. Segituan ezagutu nuen ahotsean.

—Fabore bat eskatzeko hots egin diat. Nahi baduk bidali nazak txoritara, baina utzidak hitz egiten.

Ezagutzen nuen. Ez ninduen harritu.

—Kontua duk ikasleak literaturara biziatu nahi ditudala, baina klasikoekin. Badakik, baina hasten haiz, eta dena duk Jainkoa, bekatua eta Miserikordiako madrea. Eta hala ez duk erraza. Horregatik pentsatu diat beharbada idatziko hidaala testu bat, hik egina, baina zaharren maneran, ez antzemateko moduko apokrifo bat.

—Adarrean ari haiz.

—Nahiago nikek.

Apokrifoa. Zuzen zebilen. Bidali behar nuen txakurraren salara.

—Hago. Hago pixka batean. Pentsatu diat ederra litzatekeela, ariketa egiten hasita, bazakiat asko eskatzea dela, baina gure gaur egungo eredutik aldentzea.

Hau ergela duk, pentsatu nuen neure artean.

—Esan nahi diat, erronka ederra dela idazle batentzat gaur ez bezala idaztea, ezta? Konparazio batera, Azkueren lexiko garbizaleari ihes eginda, Altuberen joskera estuari xirkoa eginda… ulertu didak, ezta?

—Ulertuko ez diat ba.

—Eta?

Isiltasuna.

—Emadak pare bat egun. Pentsatuko diat.

Epela naiz. Ez dakit zergatik esan nion pentsatuko nuela erabakia banuen, beharbada sinestuta nengoelako idatziz errazago esango niola topatzeko beste bat, ez zitzaidala ezer ateratzen-eta.

Nola ez dakidala, sukar gaizto batek harrapatu ninduen, ordea. Ordubete baino lehen, haren helbidea jotzen ari nintzen e-postan:

«Aitasantu berriarena ikusita, zer moduz San Frantziskoren hagiografia batekin ahaleginduko bagina? Hori bai, utzidak behintzat gaur egungo grafia erabiltzen. Ikasleek eskertuko ditek».

Ez dut erremediorik. Beroa zer den. Erantzuna jasotzerako, prest nituen aurreneko lerroak.

Altuberen sintaxiari ostikada eta Azkueren hiztegiari gibelekoa, aurreneko esaldian zihoazen. Jolas polita zen.

Berehala bidali nion lehen zatia:

Zen San Frantzisko animoso, goapo, garboso eta goranahia, eta hala bizarroki portatzen zena guzietan. Zuen arreba bat monja deskalza Gandian sandaren fama zuena. Honi eskribitzen zion aitak, nola bere anaia Frantziskok aitzinamendu asko ikusten zuen bere estudioetan Parisen, baina gastu anitz ematen ziola.

Urduri itxaron nion erantzunari. Ez segitzeko esango zidala, banekien. Nola esango zidan zen kontua.

Erantzuna ez zen nik esperotakoa izan baina.

«Ez nazak horrela utz, segi mesedez».

Bigarren zatia hurrengo egunean bidali nion:

Venezian enpleatzen zen asistitzen eriei ospitalean; eginez behar ziren zerbitzu guziak hain nola Kristo berari. Bertzeen artean zen bat llagaz, materiaz usain gaixtoz gogaitz ematen ziona. Sanduak garaitzeko, zer egin zuen? Begiratutz pobre hura, nola balitz Kristo bera, aplikatu zuen bere ahoa llagara, txupatu zion materia zeriona, eta azio honen kausaz egin zion Jangoikoak grazia, ez sentitzeaz handik aitzina gogaitzik batere halako lanetan, baizik debozio eta gustu.

Klasiko gore bat. Ez zegoen kexatzeko. Ordenagailua itzali eta ohean sartu nintzen. Zornetan zupa eta zupa ahoa. Hor zuen gazteak amuan harrapatzeko beita. Hurrengo egunean bidali nion falta zena. Harrezkero ez diot telefonorik hartu. Emailak heldu ahala ezabatzen dizkiot. Ikasleek zer pentsatzen duten, ez dakit.

Frantzisko ez dela Asiskoa, Xabierkoa baino, irakurri eta batera jakin zuen. Testua ez dela nirea, gaur.  Egilea Joakin Lizarraga da, Elkanoko erretorea.

Akatuko nau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude