Juan Luis Zabala Artetxe
Txera samur bat diet haurtzaroko elebitasun basati samar eta azalpen filologiko gutxikoan aldiro-aldiro txokatuta uzten ninduten hitz batzuei: txoka(t)u – txoka(t)uta – txokante, antojua (eman) – antojagarri, xelebre, inuzente, kurioso-kurioso, sikiera, apenas, akaso, famatu… Gaztelanian dute jatorria guztiek, baina ez dira mailegu hutsak, mailegu moldatuak baizik, antzaldatzeraino bihurrituak.
Horietako batzuek ez dute lekurik egungo euskara batuan; beste batzuk zabaldu dira erabilera arautuetara, baina ez dira beti zuzen erabiliak izaten. Delikatuak dira, izan ere, gorputz batetik bestera pasatutako organoen antzera.
Adibide batzuk jartzea pentsatu dut, eta kasu batzuetan egiten diren akats nagusien berri ematea, nire senaren arabera betiere:
- Txokatu (egin) zait zu hemen ikustea.
- Txokatuta nago zu hemen ikusita.
- Oso txokantea da zu hemen ikustea.
- Antojua ematen didate zuk egindako babarrunek.
- Zuk egindako babarrunak antojagarriak dira.
- Ondo xelebrea duk hire egoera, hi heu bezain xelebrea ia-ia!
- Zer inuzente klase haiz hi, halakoa? (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako inocente-ren baliokide moduan erabiltzea; ergel eta gaizto hitzen adierak batzen dituen hitz gaitzesgarria da, nire senaren arabera, inuzente.)
- Kurioso-kurioso utzi ditu arropak ohe gainean. (Txukun-txukun utzi dituela adierazteko, jakina; ez jakin-minez.)
- Sikiera zu ikusterik banu! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako (ni) siquiera-ren baliokide moduan erabiltzea: Ez daukat sikiera zu ikusterik ere*.)
- Apenas kantatzeko gogo handirik geratu zitzaion, hartu zuen muturrekoa hartu eta gero! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako apenas-en baliokide moduan erabiltzea: Ez zaio apenas kantatzeko gogorik geratu, hartu duen muturrekoa hartu eta gero*.)
- Akaso neu ere joango naun. (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako acaso-ren baliokide moduan erabiltzea: Hiri laguntzeko ez balitz, lan hauek hartuko nituela uste al dun akaso?*.)
- Asko famatu zidaten mediku hura, baina ez zion nire gaitzari antzeman! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, famatu aditza ‘ospetsu egin’ adierazteko erabiltzea: Xaguei buruzko ikerketak famatu zuen zientzialari hura*.)
Eta nola segurua den oker eta motz aritu naizela, zuen oharren zain geratzen naiz.
– Alde enbazutik (enbarazutik)
– Natula
– “Txokatuta nago” bai baina “txokatu zait” baino “txokatu nau” erabiliko nikek: Zu hemen ikusteak txokatu nau edo zu hemen ikusteaz txokatu naiz, txokatuta nago…
Niri ere ez zaizkit arrotzak egiten “txoka(t)u nau”, “txokatzen nau”, “txoka(t)uta nago”, “txoka(t)u naiz”, “txokatzen naiz”… Baina “txokatze’zat” ere oso bizirik ezagutu dut nik Azkoitian: “Txokatze’zat Leire ezkonduta egotea” (= “Harrituko ninduke Leire ezkonduta egoteak”
Bitxiak dira (asko, politak, nolabait esatearren) halako esapideak. Baina ez pentsa, Juan Luis, ez daude hain antzaldatuak: gehien-gehienek azalpen argia dute, eta, itxura batean, “gure” oraingo gaztelania arruntean dutenaz bestelako esanahi izan arren, ez dute hain urruti, denboran nahiz espazioan, euskaraz oraindik ere gordetzen duten esanahia; alegia, momenturen batean gaztelaniari hartu zioten bera. Esate baterako:
Inocente: ignorante, fácil de engañar.
Embarazo: impedimento, dificultad, obstáculo.
Chocar: causar extrañeza.
Acaso: quizá, tal vez.
Curioso: limpio, aseado.
Hau da, baduela euskarak joera bat, itxura denez, gaztelaniazko zenbait mailegu zaharri (?) beren jatorrizko adieran iraunarazteko, nahiz eta hitzok beste bide bat-edo egin duten gaztelaniaz hemen. Ez dakit gauza bera gertatzen ote de frantsesarekin.
Azalpena dute, noski, baina nik segitzen dut pentsatzen hitz horiek oso modu adierazkorrean bereganatu dituela euskarak, antzaldatuta; “pertsonalizatuta” esango nuke, hizkuntzak pertsonifikatzerik balego. Testuan aipatu ditudan erabilera nire ustez okerrek erakusten dute hori; erdaraz bezala erabiltzen hasiz gero, kale egiten duzu.