Idoia Santamaria Urkaregi
Minutu bat, mesedez. Ea kafeak esnatzen nauen.
A ze gaua, alajaina. Hara orain; hemen dabil, otzan-otzan, kafe egin berria niri katilura ateratzen. Ohiko liturgia. Errudun sentitzen den guztietako penitentzia. Hilabete pasatxo darama aztoratua gure Mari Larrik. Azken bi asteak, erretxindua; herenegundik, berriz, antsietateak jota zeharo. Baina atzokoak marka guztiak hautsi zituen.
Bere mahai horretan bizi da aspaldi. Tira, beti izan da berezia mahai hori; ni hemen bizi naizenetik bai behintzat. Batzuetan —azken hilabetean, esaterako—, papertzarrez gainezka (gero, telefonoz berriketan ari denean, berriz esango du ez duela ia paperik erabiltzen: zera!); beste batzuetan, berriz, ebakuntza-gela bat baino esterilizatuagoa: bukatutako lanen karpetak —urdinak beti— mahaiaren ezkerraldean, bata bestearen gainean, txukun-txukun; haien ondoan, IRAKURTZEKOAK dioen kartoi baten azpian, beste tontor gero eta garaiago bat; eskuinean, lan hasiberrian behar dituenak eta egutegi txiki bat, zenbaki gehienak zirriborratuak dituena: medikua; bilera; aita; albaitaria (dios! ahaztuko ahal zaio!); masajista; ikastaroa; masajista (bai, berriz; maiz joaten da, ni ere susmoa hartzen hasita nago…). Egutegiaren ondoan, zapi txiki bat, zapi bera beti, ordenagailuaren pantailan pilatzen zaizkion hauts-pinportak kentzeko; eta errotuladoreak —punta finekoak—, ordenagailuaren ondoan: urdina, gorria eta beltza. Hiru beti, eta mahai gainean; ez gainerako errotuladore eta boligrafoak dituen potoan, ez, mahai gainean. Kafe-kikara, zuria beti, beti bera, eskuinean, ur-basoaren ondoan.
Makina bat ordu emana naiz ni mahai horren azpian. Leku atsegina da, ez pentsa, siestarako goxo-goxoa; lo-kanta ederra da ordenagailuaren xurrunga epela. Kontuz ibili beharra daukat, hala ere. Mahai gaineko ordenaz gainera, mahai azpikoa ere errespetatu beharra dago Mari Larriren etxean, ez baduzu nahi bat-batean ostiko bat hartu muturrean: ezin gehiegi hurbildu mahai azpiko kableetara, urduri jartzen baita bestela, ordenagailua itzaliko ote zaion beldurrez edo (a, Madame Ordenagailu: ez da traste sakratuagorik etxean). Oinen ondo-ondoan ere hobe ez jartzea; ez dago lo egiterik haren oinen zirkin urduri etengabeekin. Lo egitea, bai, baina, horretarako, haren bakarrizketara ere ohitu beharra dago. Batzuetan, behin eta berriz errepikatzen ditu esaldi batzuk, ozen, doinua aldatuta; edota beti berdin, mantrak balira bezala, pantailari so; beste batzuetan, tupustean, hor ekiten dio garrasika: «zer ostia?» «¿sin perjuicio de qué?» «kaka, zer du orain Wordek?» Adi halakoetan, benetan arriskutsu bihurtzen da-eta mahai azpiko oin-dantza. Atzo ere, eskapada ederra, biraoak abisua emanda.
Esana dut hilabete osoa daramala aztoratua. Itzulpen-eskaera bati baietz esan, itzultzen hasi eta lanari ekin bezain pronto hasi ziren komeriak (hori ere ez da berri-berria: aurrena lanari baiezkoa eman, eta gero hasten da kontuak ateratzen; ez dut sekula ulertu: badu zerbait zenbakiekin larriak larriagotzen dizkiona). Hasi zen lanean halako batean, baina behin eta berriz altxatzen zen aulkitik —ohi baino askoz sarriago—, sukalderako joan-etorri etengabean. Kafe bat. Ura. Txokolatea (alarma guztiak keinuka hortxe). Garbigailua. Arropa zabaldu. Aulkira berriz. Joan-etorri bakoitzarekin, ostiko bat. Eskerrak txokolate-apur batzuk erortzen zitzaizkion tarteka mahai azpira. Galtzaren barrenetik tira egin behar izan diot ia egunero, behingoz kalera atera eta maskuria hustuko banuen.
Horrela eman dugu azken hilabetea etxean. Penagarri. Paranoiaren mugan. Gero eta txokolate gehiago berak, gero eta paseo gutxiago nik. Atzo iluntzean, berriz, hekatonbea. Mahai azpian nengoen ni, epel-epel, erdi lo, izkina batean kiribilduta, eta, halako batean, mugimendu urduri errepikakor bat sumatu nuen buru gainean. Han ari zen nonbait gure Mari Larri, tekla bat sakatu eta sakatu. Brastakoan altxatu zen aulkitik, eta iruditu zitzaidan arnasestuka zihoala korridorean barrena. Telefonoz hizketan ere entzun nuen, baina ez nintzen mahai azpitik mugitu, badaezpada. Konturatu nintzen, hala ere, ez zela jada entzuten mahai gaineko ordenagailuaren xurrunga. Akabo. Madame Ordenagailuren konspirazioa. Kable-mugimendu bat nire ondoan, eta, danba, etxeko atea zartako batez itxita alde egin zuen doña Paranoiasek. Handik gutxira itzuli zen: atearen danbatekoa, alde egiterakoan bezalakoxea. Ni, zer gerta ere, mahai azpiko neure txokoan, geldi-geldi. Mahai gainean zebilen zarata entzunda, laster konturatu nintzen beste Madame bat ekarri zuela etxera. Ondo ezagutzen dut xurrunga sor hori. Baina horrekin ere ez zen lasaitu gure Mari.
Gainera, eta hau berria da, edaten ere hasi dela uste dut. Ez dakit zenbat denbora eman duen bart telefonoan, ordu txikietan, euskalbar gora eta euskalbar behera, isildu gabe, artzain-txakur bat txapelketa garaian baino urduriago. Taberna berriren bat, nonbait. Eta parte onekoa ez, efektuei begiratzera.
Kezkatzen hasita nago, hara. Ea kafeak baretzen duen.
Hara, ispilu bihurtu zaigu gaur 31 eskutik!