Gotzon Egia Goienetxea
Osip Emilievitx Mandelstam (1891-1938) XX. mendeko errusiar poeta onenen artean dago, aditu gehienen iritzia sinestera. Poesiaren uhin akmeista besarkatu zuelarik, haren ordezkari gorena izan zen, Anna Akhmatova, Nikolai Gumiliov eta Mikhail Kuzminekin batera. Poesia kultura unibertsalaren oroimina da beretzat, hitzak materiaren ahots dira, eta ahotsaren materia, harria. Hitz zuzen eta argiak maite ditu. Ez du sinbolisten bidea onartzen, haien ikuspen erlijiosoa, beste munduaren alderdi ezkutuak etengabe aditzera eman nahi hori.
Gaztaroan, boltxebikeen iraultzaren aurretik, ikasketak Frantzian eta Alemanian egin zituen. Iraultzaren osteko lehen urteetan, haurrentzako ipuin laburrak eta itzulpenak eginez irabazten zuen bizibidea. Bere burua outsider-tzat hartu zuen beti, berehala izan zituen arazoak agintari boltxebikeekin. Jazarpen propagandistikoa hasieran, gogortzen joan zena; Armeniara joan zen, gauzak baretuko ote ziren… Horrela, 1932an Stalinen aurkako poema bat idatzi zuen arte: handik aitzina, sobietar boterearen esetsaldi atergabea ibiliko zuen orpoz orpo. Askok diote, baina, epigrama bera baino larriago izan zela Aleksei Tolstoi sobietar idazleen buruzagiari 1934an eman zion masailekoa, auzi eztabaida hutsal baten erdian. Batera izan zein bestera, atxilo hartu zuten, lehenengoz, 1934an; deserrira bidali zuten, Ural mendien bazter ezkutu batera lehenik, Errusia erdialdeko Voronezh hirira gero, hiru urtez. Moskura itzulita, ostera preso altxatu zuten 1938an; hotzak eta goseak hil zen, urtearen amaieran, Ekialde Urruneko Vtoraya Rechka kontzentrazio esparruan, Vladivostoketik hurbil.
Haren alargun Nadezhda Mandelstam-ek Itxaropen guztien aurka oroimen liburuan bildu zituen senarrarekin batera ibili zuen bizialdi oinazetsua. Ihesaren eta miseriaren oldarraren erdian, hausnar egiten du literaturaz, gizatasunaz, poesiaz eta itzulpenez. Gauza gogorrak esaten ditu itzultzaileen gainean, senarraren iritziak bere hitzetara bilduta:
«Itzulpen prozesua guztiz sorkuntza poetikoaren alderantzizkoa da (…) Ez dut horrekin aipatu nahi, jakina, poeten fusioen mirakulua, Zhukovskirenean edo A. K. Tolstoirenean gertatzen dena, itzulpenak arnas berri bat dakarrenean gure poesiara (…) Halako arrakastak benetako poetek bakarrik lortzen ahal dituzte, eta horiek ere, gutxitan. Itzulpen soila ekintza arrazional bat da, hotza, bertsogintza soil bat (…) Itzulpen lana kontraindikatua zaio benetako poetari, poesiaren sorkuntza eragoztera ere iristen baita.(…)
Bolada batez, gure herrian poesia irakurtzeari utzi zion jendeak. Akhmatovak hala esan zuen horretaz: «Benetako poesiaren izatasuna da horrenbesterainokoa, non ordezko zerbait behin irensten duena pozoituta gelditzen baita betiko». Orain ostera irakurtzen da poesia, inoiz baino gehiago, jendeak ikasi baitu itzultzaile lanbidearen emaitza guztietatik bereizten».
Sinetsita hitz egiten dute Mandelstamdarrek pasarte horietan, benetako poeten talaiatik, goitik behera begiratzen digute traduktore aizundu eta faltsutzaileoi. Ez dira bakarrak, zoritxarrez: esango nuke letren hierarkia hori (goien, idazleak; behean, itzultzaileak) ikuspen zabaldua dela, gure artean ere, kirol izpiritu batek gobernatuko balu bezala egileen sailkapena. Idazle izan gaitezke mundura jaiotakoak, baina, horra, batzuek ez dute inoiz sormenaren Parnasora sartzeko giltzarik aurkituko, eta, besterik ezean, itzulpenak egitera ikusiko dute mugatuta beren arrunkeriazko existentzia. Hitz batera, idazle izateko balio ez duenak, itzultzaile izatera nahikotu beharko du. Alderantziz, jakina, Parnasoren giltzak sakelan dituenak ez du debekurik, ez mugarik, itzulpenaren ogiari kosk egiteko, behar duen guztietan, goseak hartara estutzen badu.
Agian, bizi beharrak bultzaturik egindako itzulpenen kalbarioaz ari da Mandelstam, itzulpengintza hain estimu apurrean hartzen duenean, urtetan bizibidea eman dion langintzarekin hain esker txarreko azaltzen denean. Poesiaren barne iturria ahitua aurkitzen zuenean, Mandelstamek frustrazioz beterik atxikitzen zituen ogibidezko itzulpen haiek. Etsipenaren gailurrera iritsi zen 1928an, Till Eulenspiegel, Herbehereetako eta Alemaniako folkloreko kontakizunaren bigarren argitalpen bat itzultzeko eskatu ziotenean. Lehen edizioaren itzultzailearen izena jartzea ahaztu zitzaion Mandelstami; plagio salaketa bat jarri zion hark, eta, atzetik, sobietar agintarien susmo guztiak abiatu ziren Mandelstamen urratsak gertutik zelatatzera. Armeniara joateko garaia heldu zen, baina nori itzuriz? Sobietar jazarpenari ala itzulpenaren lokatzetan zikintzera behartutako poeta zapuztuari?
Poeta onak, gehienetan, itzultzaile kaskarrak izaten dira. Okerrenak, itzulpena zer den ulertu gabe ere itzulpengintzan aritzeko oilarkeria dutenak. Zorionez, salbuespenak badira, noski; hor dugu Gabriel Aresti bat, edo hor dugu itzultzaileen lana eskuzabaltasunez begiratzeko adimena zuen Jorge Luis Borges bat:
«Yo he sido inventado por mis traductores. Y los prefiero, ya que salgo muy mejorado».
Justo R. Molachino, Jorge Luis Borges, Jorge Mejía Prieto, Borges ante el espejo