Iñigo Errasti Aranbarri
Sarritan aipatzen den gauza da bide-seinale lagungarri gertatzen direla –hala esaldien katea antolatzeko nola irakurleari bidea erosoago erakusteko– kasuan-kasuan perpausen aurrean jartzen diren markak: nahiz (eta), zeren (eta), baldin (eta), nola…-(e)n, ezen…
Perpaus mailako aurrekarien saila, beraz, pentsa litekeen baino ugarixeagoa da. Sintagma barruko antolaketari dagozkionak, berriz, ez dira hein berean ugari; alegia, izenaren inguruko osagaiak zurrunago-edo direla beren kokalekuetan.
Dena dela, gaurko ekarpenean, ugaritasuna adierazteko erabiltzen ditugun zenbait osagai azaldu nahi nituzke, azal-azaletik bada ere, eta erakutsi badela, haien artean, ezker-eskuin jokatzeko modua ematen duenik.
Ugaritasuna adierazteko, bada, aukeran ditugu baliabideak; zenbatzaileetatik hasi eta izen, izenondo nahiz adizlagunetaraino: asko, anitz, ugari, franko, pila, pilo, mordo, hamaika, makina bat, ezin konta ahal(a), samalda, andana, elemenia…
Haietariko batzuek, leku finkoa dute izenaren inguruan: ugari, esaterako, izenaren eskuinean kokatzen dugu, nahiz eta bestela jokatzen duen adizlaguna denean.
Beste batzuek, euskalkien arabera hartzen dute posizio bat edo bestea:
Asko matel-hezur gorritu ziren eta asko begi argitu (Laffitte).
Lotsagabe begiratzen zioten kalean oztopatzen zitun mutil gazte askok (T. Agirre).
Egia esateko, hegoalde guztian ere erabili izan da (eta, inoiz, erabiltzen da) asko izenaren aurretik, baina esango nuke izenaren ostean jartzen dugula, nagusiki, gaur egun.
Hala ere, bi horiek bezain arruntak ez diren beste batzuk aipatu nahi nituen, erdaretako izen-esapide «jasoagoen» ordain legez erabiltzen direnak: multitud, infinidad, gran número, una lluvia de, une série de, une suite de…
Halakoetarako, besteak beste, andana (bat), samalda (bat) edo elemenia (bat) dauzkagu. Badakit ez direla elkarren sinonimo peto-petoak, baina, adiera batean, esparru semantiko berekoak direla esan liteke.
Printzipioz, aurretik hartu ohi dute hirurek izena:
Gobernamenduak ororen sakelatik atxik bitza mota guzietako eskoletxe andana bat. (Buruxkak)
Han etorri zitzaion aingeru-arkitekto samalda bat. (Sagua, eulia eta gizakia)
Eta berehaha bidera atheratu zitzaioeten gizon elemenia batekin. (Testament zaharra – Duvoisinena)
Hirurotariko batek, ordea, badu izena eta haren osagaiak bere eskuinean kokatzeko aukera. Eta, halakoetan, aurrekari moduko bat dela esan genezake:
Bere bekhatu-oste izigarria, elemenia bat bekhatu, bereak eta bertzerenak, egundaino menturaz kontutan hartu etzituenak. (Meditazioneak gei premiatsuenen gainean)
Horrek, behar dugunean, aukera ematen digu izen sintagma konplexuagoak eskuinean kokatzeko, elemenia bat aurretik jarriz bide-seinalearena egiten nolabait; edo balio lezake, bestela ere, izen sintagma konplexu baten osagaiak elemeniaren ezker-eskuin banatzeko:
(…) jaio, hazi, ugaldu eta hilko ziren elemenia bat izakiz hornitua (…) (Sagua, eulia eta gizakia)
Ereduzko Prosa Gaur eta beste zenbait bilatzailetan begiratuta, ikusi dut ez dela andana/samalda bikotea bezain ugari agertzen elemenia, eta horrexegatik ekarri dut hona, baten bati baliagarri gerta dakiokeelakoan. Barkatu txarto esanak.