Hitzak

Jesus Maria Agirre Berezibar

ETC corpusaren berriak hitzen kontua ekarri dit gogora. Gogoratu dit, batetik, oraintsu Itzul zerrendan iraunkor, jasangarri, sostengagarri dela-eta izan dugun eztabaida luzea, eta bestetik, duela bi urte Xabier Amurizak gure gaur eguneko hiztegiez egiten zuen salaketa. Hitzen auzia, beraz.

Uste dut bide gorabeheratsua egin dugula arlo honetan batasunaren hasieratik, edo agian hobe dut esatea denborak bere bidea egin digula hitzen errealitatea inposatuz. Nondik gatozen ikusteko, gogora dezagun Euskaintzadiak 1959an, garbizaletasunari galga jarri nahirik, egindako adierazpena: «Euskal hitzak dira euskara bizian sustraituak daudenak». Gero, batasuna abiatuta, beste ertzetik, galga maileguen uholdeari ezarri nahi izan zitzaion (Ibon Sarasola, Euskal hitzez, 1989): «Gurea bezalako hizkuntza txiki eta menderatuek garbizaleak izan behar dute. Hori da munduan zehar legea. (…) Txikiak, indargabeak ezin du eskuzabalki jokatu. (…) Gaztelaniaren adigai-egitura gure hizkuntzara aldatzen ari gara, besterik gabe. (…) Euskararen erdalduntzea euskararen galtzearen prozesuaren beste aldea besterik ez da».

Hamarkadak pasa dira, eta orain Xabier Amuriza datorkigu salatzera garbizaletasunak gure artean bizirik dirauela eta gure egungo hiztegietan «sinonimoen eta antzekoen ugalmenak, argitasuna baino areago, kontzeptua zorabiatzea dakarrela» (Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 2011), eta datorkigu aldarritzera geurenagatu behar dugula eskrupulorik gabe mendebaldeko ondare komuna (gaztelania, frantses eta ingelesak erkide dutena), hitzak «argiak eta bereiziak» izan daitezen. Eta gure egoeraren diagnostiko moduko bat ere utzi digu: «Jakina da euskararen garapena estrangulaturik gelditu zela, garbizaletasun fundamentalista zela bide. Euskal hizkuntzalaritzan autoritate sakratu bat bilatu behar balitz, askok Mitxelena aipatuko lukete. Sarritan entzun dut Mitxelenak erdibidetik jo zuela. Hori egia bada, erdibidea ez ote zen leundu nahi zen mutur-bidea baino okerragoa? (…) Oraindik erdibide suizidatik irten ezinik gabiltza» (Euskara batuaren bigarren jaiotza, 2010).

Hitzena da euskaran nire ahalegintxoetan gutxien landu dudan arloa. Beste atal batzuetan bezala, lanean eta urteetan aurrera egin ahala, hemen ere ibilbide intuitibo bat egin dut, jarrera itxi edo garbizaleagoetatik jarrera ireki edo maileguzaleagoetara. Bestalde, iruditzen zait beti egongo direla garbizaleak eta ez hain garbizaleak, hizkuntzak berea baitu dialektika hori.

Nolanahi ere, inpresioa dut ikuspegi-aldaketa handi bat gertatu dela gure artean lehendik orainera: lehen erdigunea hizkuntza genuen batez ere, eta orain, ordea, hiztuna edo hizkuntza-erabiltzailea dugu gehiago. Alegia, ondorioztatu dugu hizkuntzak tresna hutsak direla, eta komunikazio-beharrizanak, ordea, hiztunek dauzkatela eta hizkuntzak beharrizanok asetzeko balio behar diela. Ikuspuntu honetatik, uste dut gaur hizkuntza-erabiltzaile asko lehen baino maileguzaleago dela ez utzikeriagatik edo setakeriagatik gehienbat, baizik eta agian helduago, jakintsuago, konformagaitzago edo libreago delako. Nik behintzat, hiztegiek ematen didatenak asetzen ez banau, mailegura jotzen dut lasai asko.

Igone Zabalak Corpusak eta hiztegiak artikuluan dio «hiztegien eta corpusen arteko harremana gurpil zoro baten modukoa dela», corpusek erabilera jasotzen dutelako, bai, baina hiztegiek baldintzatutako erabilera. Euskal hiztegiak, gaurko egoeran, oro har nahiko garbizaleak dira, euskararen argazki partziala ematen digute, baina hizkuntza-erabiltzaileok ezetsi ere egin genitzake hiztegien proposamenak. Corpusek emango digute, Igone Zabalaren hitzetan, «euskaldun asko eta askoren erabilera partekatu errealaren berri», eta horietan elikatuta osatuko dira hiztegi berriak. Eta dialektika horretan egingo dugu aurrera, beste arlo batzuetan bezala, hitzen kontuan ere, gero eta argazki osoagoa lortuz. Ongietorria, beraz, ETC corpusari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude