Beti itsusi?

Eneko Bidegain

Badu jadanik zenbait urte ez naizela Baionan ari lanean, eta Baionara joaten naizen aldietan, nire berri galdetzen dutenek horrela galdetu ohi didate:

– Beti Arrasaten?

Eta nik erantzunen nieke: «ez, ez naiz sekula egoten Arrasaten; Aretxabaletan egoten naiz, eta ez beti, batzuetan Eskoriatzara joaten naiz. Eta dena den, ez naiz beti han egoten, arratsetan eta asteburuetan ez naiz lantokian egoten».

Bistan da: badakit ez didatela galdetzen ea beti edo denbora guztian Arrasaten egoten naizen, baizik eta ea han jarraitzen dudan lanean. Hori adierazteko «beti» hitza erabiltzea egokia ote da? Iparraldean gaizki erabiltzen dugula entzun izan dut, frantsesezko «toujours»-en kalko gisa erabiltzen dugula. Zer erabili beharko genuke, beraz? «Oraino» edo «oraindik»? Horrek ere ez nau, alta, osoki konbentzitzen. «Oraino/oraindik Arrasaten?». Lerroen artetik erran nahi luke pentsatzen dela egoera hori behin behinekoa dela, eta luzatzen ari dela. Beste testuinguru batean: «Oraino hor? Ez zara aspertu?». Beste aukera bat izan daiteke: «Arrasaten segitzen duzu?». Baina hori ez dea gazteleraren kalko bat? Orotariko Euskal Hiztegian ez dut aurkitu horren baliokide perfekturik, segitu aditzarekin eraikitako esaldiak beste gisakoak baitira. Adibide hurbilena hauxe:

Apaiz segitzen al du edo utzi al zuen?

Jarraiki edo jarraitu aditzarekin ere berdintsu. Inesiboarekin, adibide bat dago aski hurbil interesatzen zaigun kasutik: «Lan berean jarraitu zuten.»

Baina ez dut aurkitu horrelako adibiderik toki batekin loturik. Dena den, malgutasun gehiagorekin har dezagun esaldia: Arrasaten jarraitzen duzu [lanean]?

Baina, itzul gaitezen hastapeneko gaira. «Beti» gaizki da? Segur izateko, OEHn ibili naiz bila, berriz ere. Eta bi adibide hauek aurkitu ditut:

Aur naiz baiña, beti bizi dut aita, ni gisaz iagoteko
Beti birjina zelarik, / Maria zen amatu, / eta aren sabeletik / salbatzailea sortu.
Eta horra hor «beti», ez «siempre» edo «toujours» errateko, baizik eta «todavía» edo «encore». Eta zer dio, bada, Elhuyarren hiztegiak?

2 adb. aún, todavía. Herria beti bizi den seinale: señal de que el pueblo vive todavía.

Frantsesez, horrela:

2 adb. encore. Herria beti bizi den seinale: c’est signe que le peuple est encore vivant.

Hots, nahiz eta Hegoaldean bitxi iruditzen zaien Iparraldekoen «beti»-ren erabilera hori, ez dugu gaizki erabiltzen. Besterik da, komunikazio ekintza batean, ulermen arazoak sortzen baditu. Zer egin? Erabilera horri uko egin? Zergatik egin behar genioke, bada, uko? «Beti»-rena, adibide bat baizik ez da, zorigaitzez.

4 erantzun “Beti itsusi?” bidalketan

  1. Italieraz ere “sempre” erabiltzen da, zentzu horrexetan: “Sempre a Roma?”

  2. OEHk iradokitzen du ‘beti’ren adiera hau frantsesaren ildotik doala:

    (Cf. fr. toujours en esa acepción)

    XX. mendeko atalean, bada pare bat adibide inesiboarekin osatuta:

    – Nola bethi ohean baitzauden, kexaturik, erran zioten berriz ere nausiak: hean jeiki gogo zutenez, bai ala ez?

    – Muthikoa lo zagon ederki, bere bildotxa bethi besoetan.

  3. Euskaltzaindiak paperean ateratako “Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak” izeneko azken hiztegian, “beti” sarreran, 2. adieran, honela dator:

    “beti 2 adlag. Oraindik ere.
    Bagenekien gorri zela eta dela beti.
    Irten zen etxetik beti haserreturik.
    Mende erdi bat beteko dut nik mundu honetan berehala, eta ene andrea beti maitatzen hogei urtetan bezala.”

    Ez dauka ezta “Ipar.” markarik ere. Hortik segitzen da erabilera horri uko ez egiteko arrazoi bikoitza duzuela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude