Alfontso Mujika Etxeberria
Lurretik ikusita, Eguzkiak gure inguruan bira bat egiten du egunero. Beste izar asko, berriz, beti geldirik ikusten ditugu, toki berean gauero. Baina Eguzkiaren edo Ilargiaren ibilbidearen inguruan dauden izar-multzoak ez ditugu beti toki berean ikusten: gaueko zeruan lekualdatuz joaten dira urtean zehar —gradu bat egunean—. Urtebete igarotakoan, 365 egun lehenagoko toki berean agertzen dira. Eguzkiaren eta Ilargiaren ibilbidea —ekliptika— barnean hartzen duen zeru-esferako banda bat definituz gero, hamahiru konstelazio «ofizial» sartzen dira, baina, lehengo astronomiarentzat eta bai astrologiarentzat ere, hamabi dira, eta hamabi horien multzoari zodiako deritzo.
Honaino irakurri baduzu, eskerrik asko. Eta lasai. Aurreko paragrafoan bukatu da zientzia.
Orain, hizkuntza. Latinezko zodiacus hitzetik ateratzen da zodiako hitza. Eta latinak grekotik hartu zuen: zoidiakos kuklos («animalien zirkulua») esaten zioten, hamabi konstelazioak adierazteko zeinuen erdiak animaliak baitziren zodiako greko klasikoan.
1571n argitaratu zituen Joanes Leizarragak Kalendrera egutegia, eta latinez eman zodiakoko 12 konstelazioen izenak: Iguzquia Aquariussen, Iguzquia Piscesean, Iguzquia Ariesean, Iguzquia Taurusean, Iguzquia Geminean, Iguzquia Cancerean, Iguzquia Leoean, Iguzquia Virgoan, Iguzquia Libran, Iguzquia Scorpiusean, Iguzquia Sagittariusean eta Iguzquia Capricornusean.
Geroago, beste idazle batzuek (Larramendi, lehenengo; geroago, 1896an, Arana Goiri eta Berazadi; Ibiñagabeitia), latinezko izen horiek euskarara itzuli-edo egin zituzten:
Aquarius: Urjario (Larramendi), Uriario (Ibiñagabeitia), Ugeta (Berazadi, Arana Goiri).
Aries: Ariizar (Larramendi), Aritoaga (Berazadi, Arana Goiri), Ari (Orixe), Auntz (Ibiñagabeitia).
Cancer: Zamar-izar (Urte), Argiamar (Larramendi), Karramarroaga (Berazadi, Arana Goiri), Karramarro (Uriarte).
Capricornus: Akelargi (Larramendi), Akerraga (Berazadi, Arana Goiri).
Gemini: Biritxi (Larramendi), Bikieta (Arana Goiri).
Leo: Izar leoia (Larramendi).
Libra: Izar libra (Larramendi), Haztaga (Berazadi, Arana Goiri, Ibiñagabeitia).
Pisces: Arrain (Ibiñagabeitia), Arrañeta (Berazadi, Arana Goiri).
Sagittarius: Saietizar (Larramendi), Azkondunaga (Berazadi, Arana Goiri).
Scorpius: Eskorpio (Eusebio Azkue), Arrubia (Ibiñagabeitia), Lupu-izar (Tournier-Lafitte), Lupu-izarti (Larramendi), Lupuaga (Berazadi, Arana Goiri).
Taurus: Zezenizar (Larramendi), Zezenaga (Berazadi), Zezen (Ibiñagabeitia).
Virgo: Birjinizar (Larramendi), Erigon (Ibiñagabeitia), Neskaga (Berazadi, Arana Goiri).
Azken urteotan, hiztegi, entziklopedia eta komunikabideetan adostasun handi samarra lortu da, baina ez osoa: Pisces/Piscis, Sagitarius/Sagittarius…
Euskaltzaindiak, astroen izenak arautzeko lan zabalago baten barnean, zodiakoko konstelazioen izenak aztertu, eta otsailaren 22an arautzea erabaki zuen. Araua ez da oraindik argitaratu, astroen izenak atalka lantzen eta arautzen ari baita, eta oraindik hiruzpalau hilabete beharko baitira arau osoa argitaratzerako. 31eskutik bloga ematen ari da, beraz, oraindik beste inon argitaratu ez den berria: zodiakoko konstelazioen izenak, Euskaltzaindiak arautu berriak:
Nazioarteko izena |
Euskara | Gaztelania | Frantsesa |
Aquarius | Akuarioa | Acuario | Verseau |
Aries | Aharia | Aries | Bélier |
Cancer | Karramarroa | Cáncer | Cancer |
Capricornus | Kaprikornioa | Capricornio | Capricorne |
Gemini | Bikiak | Géminis | Gémeaux |
Leo | Lehoia | Leo | Lion |
Libra | Balantza | Libra | Balance |
Pisces | Arrainak | Piscis | Poissons |
Sagittarius | Sagitarioa | Sagitario | Sagittaire |
Scorpius | Eskorpioia | Escorpio | Scorpion |
Taurus | Zezena | Tauro | Taureau |
Virgo | Birjina | Virgo | Vierge |
Latinezko izena nazioarteko izena da, eta euskaraz, gaztelaniaz nahiz frantsesez erabil daiteke, eta erabili egiten da. Batez ere, astronomiaren eremuan eta testu teknikoetan erabiltzen da. Besteak, azalpen-izenak dira. Baina, adi!, Euskaltzaindiak ez du arautu astrologian zer erabili behar den, nazioarteko izena, euskarazko azalpena edo bien arteko zerbait. Euskaltzaindiak konstelazioen izenak arautu ditu, eta ez astrologiako zeinuen izenak.
Frantsesez, «Je suis taureau et mon ami est gémeaux; ma mère est poissons, mon père est vierge» esaten da; gaztelaniaz, «Yo soy Tauro, y mi amigo es Géminis; mi madre es Piscis, y mi padre es Virgo».
Euskaraz? Edozertara jartzen gara, baina «Ni naiz Zezena, eta nire laguna da Bikiak (edo beste ordena, nahi izanez gero: ni Zezena naiz, eta nire laguna Bikiak da); gure ama da Arrainak, eta gure aita da Birjina» moldeari ez diot arrakastarako aukera handirik ikusten (ez Hego Euskal Herrian, behintzat), eta bai txantxarako bidea.
Bai, badago makulua erabiltzeko aukera, jakina. Hiztegiek ere badakarte. Elhuyar hiztegi elebidunak aukera moduan [Aries (zeinuko). Martín es Aries: Martin Aries da]. Zehazki hiztegiak, berriz, aukera bakar gisa [ser Aries, Ahari ikurrekoa izan].
Gaztelaniaz eta frantsesez (eta ingelesez) ia beti makulurik gabe erabiltzen delarik, benetan uste du inork euskaldunok beti makulua hartuta ibiliko garela? Ez, ekonomiaren lege unibertsalaren kontra baitoa hori.
Beraz, non eta ez dugun beste molderen bat aurkitzen (ez zait bururatzen: ni Arieskoa naiz?; ni Aharikoa naiz??; ni Arrainakekoa naiz???; ni Arrainetakoa naiz????; ni ariestarra naiz?; ni birjinarra naiz?), beste bideren bat adostu beharko dugu. Hiru aukera teoriko ikusten ditut: erabat nazioartekoa, erabat azalpen-izenen bidezkoa (soziologikoki ia ezinezkoa iruditzen zait) edo molde misto bat (gaztelaniaz eta ingelesez, molde mistoa erabiltzen da). Adibidez: Akuario, Aries, Cancer, Kaprikornio, Gemini, Leo, Libra, Pisces (eta ez *Piscis), Sagitario, Scorpius (eta ez *Eskorpio; bestela, Eskorpioi), Taurus eta Virgo.
Zer moduz, ni aharipekoa naiz edo ni virgopekoa naiz?
Reblogged this on Goizekoa.