Sin perjuicio de

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Behin baino gehiagotan eta batek baino gehiagok aipatu dute jada: denok ditugu gure maniak eta blog honek horretarako ere balio dezake -balio du-, nork bere maniak azaleratzeko. Gero, noski, gerta liteke besteen ikuspuntuek gure ezinikusi horiek baretzea edo are sendatzea; edo, aitzitik, norberari iruditzea bere mania blogean plazaratuta oker edo trabagarri edo gehiegizko begitantzen zaion erabilera horren kontrako gurutzadan aurrera egiteko adorea bildu duela.

Gaur aspalditik begitan hartua dudan lokuzio bat ekarri nahi nuke honat: sin perjuicio de. Hobeki esan, gaztelaniazko lokuzioa baino, itzulpen administratibo eta juridikoetan baliatzen ditugun euskal ordain batzuk dira begitan hartuak ditudanak: -en kaltetan gabe, –en kalterik gabe, (ezertan) galarazi gabe. Gaztelaniazko adberbiozko lokuzio horren ordain ilun samarrak iruditzen zaizkit, eta ez direla kalterik gabeko kalko ez dakit zuzen edo oker hutsak, baizik gaztelaniazko hizkera juridiko-administratiboak gure testuetan uzten dituen alferreko lorratzen adibide ez oso txukunak.

Jatorrizko lokuzioaren esanahia argitzearren, Espainiako Errege Akademiara jo nuen aurrekoan. Hauxe erantzuna:

En el Diccionario de la Real Academia Española figura la locución adverbial sin perjuicio definida del siguiente modo: ‘Dejando a salvo’. En estos mismos términos, o muy semejantes, la definen otros diccionarios –‘dejando aparte, dejando al margen’–, con lo que se refleja el uso auténtico.     

Gure hiztegi erabilienak kontsultatu nituen gero, lokuzioari zein ordain ematen dioten egiaztatzearren:

Elhuyar: -i kalterik egin gabe; -i utzi gabe.

Labayru:  -(r)i kalte egin barik/-(r)i kalte(rik) egin gabe, -(r)i gatx egin barik/-(r)i gaitz(ik) egin gabe, -(r)i damu emon barik/-(r)i damu(rik) eman gabe.

Zehazki: lit alde batera utzirik.

Eta, gero, nola ez, Interneten galdezka hasi nintzen, ordain horiek zenbat eta nola erabiltzen ditugun ikusteko eta, horretan ari nintzela, Itzulisten aspaldi (2001ean) emandako erantzun hau aurkitu nuen, zeinak erakusten baitu euskal ordain automatiko horiei buruzko kezka aspaldikoa dela gure artean:

Aspaldian ez zait egokitu «sin perjuicio de» hori itzultzea, baina inoiz horrela itzuli dudala uste dut: Horrek ez du esan nahi udal arauek ezarritakoa bete behar ez denik, edo horrez gain, udal arauek ezarritakoa ere bete beharko da. Behintzat hobeto ulertzen da, ezta? Ze gazteleraz «sin perjuicio de» hori zer den jakin gabe, ezin da euskarazko «kalterik gabe» hori ulertu. Lide Azkue.

Hango eta hemengo testuak irakurrita, ematen du garai batean baino ausartago jokatzen dugula itzultzaileok honetan ere eta, Lide Azkuek proposatu ildotik, esanahiari erreparatu eta kasuan kasurako itzulpen argia egiten saiatzen garela, nahiz eta oraindik ere askotan jotzen dugun ordain automatiko horietara. Hona hemen Lan Arloko Prozeduraren Legetik eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legetik hartutako adibide hauek, euskaraz erabil ditzakegun baliabideetako batzuen erakusgarri:

  1. «…sin perjuicio de que sea costeada por el recurrente…».>«nahiz eta errekurritzaileak ordaindu…».
  2.  «…sin perjuicio de la facultad otorgada por el apartado 5…». >«horrek ez du eragotziko artikulu honen 5. zenbakian emandako ahalmena».
  3. «…sin perjuicio de que para supuestos determinados….». > «baina horrek ez du eragozten kasu jakin batzuetan…».
  4. «No obstante y sin perjuicio de lo dispuesto en los artículos 32 y 33…». > «…Hala ere, eta alde batera utzi gabe lege honen 32. eta 33. artikuluetan xedaturikoa…».
  5. «…sin perjuicio de la redacción posterior de la sentencia dentro del plazo y en la forma legalmente previstos». > «nahiz gero epaia erredaktatu, legeak aurreikusitako epe eta moduan».
  6. «…sin perjuicio del que en su día pueda interponerse contra la sentencia». > «horrek ez dakar, hala ere, bere garaian epaiaren kontra ezin aurkeztu izatea».
  7. «…sin perjuicio de lo establecido en el artículo…». > «…57. artikuluak ezarritakoaren kalterik gabe».
  8. «…sin perjuicio de las especialidades que se enuncian en los artículos siguientes». > «… ondorengo artikuluetan azalduriko berezitasunekin».

Lege horietako adibideetan joera (sistema?) bat hauteman daitekeela iruditu zait: «kalterik gabe» erabiltzekoa beti legeren batek ezarri edo xedatutakoari lotutako esaldietan eta gainerako kasuetan, berriz, bestelako ordainak bilatzekoa. Nik halako esaldietatik ere kenduko nituzke «kalterik gabe» horiek, garbi ez dudan arren zein izan litekeen holakoetarako ordain automatiko aproposena.

Hala ere, zalantzak zalantza, eta kontuan hartuta Espainiako Errege Akademiaren erantzuna, goiko adibide horiek irakurri arte ez zitzaidan guztiz baztertzekoa iruditzen Zehazkik proposatutako «alde batera utzirik» hori; adibideok irakurri arte diot, zeren konturatu bainaiz 4.ean itzultzaileak «alde batera utzi gabe» erabili duela. Tira, azkenean, uste dut hobe nukeela amore eman, beste inoren iritzia jaso aurretik ere hasi zaidala nire mania baretzen…

…dena den, badaezpada, galdetzera ausartuko naiz: inork beste proposamenik bai?

2 erantzun “Sin perjuicio de” bidalketan

  1. Dena dela, Itziar, merezi du OEHn “kalte” sarreraren azpisarreretako batean datozen adibideak irakurtzea. Hamar bat dira, gehienak idazle ez nolanahikoenak (Mendiburu, Mogel, frai Bartolome, Agirre Asteasukoa, Txomin Agirre…), eta ez dute min handirik ematen (hala baretu nuen nik garai batean “kalterik gabe”ri hartu nion higuintxoa). Adibideok irakurrita, iruditzen zait ez dela behingoan baztertzeko lokuzioa (ezta “siempre que”ren ordain bezala ere).

    Horrekin batera, bada beste aldaera bat, ordea, inon jatorririk edo aurrekaririk topatu ez diodana eta nahikotxo edatu dena: -ren kaltetan gabe. Eskertuko nuke horren nondikoa inork azalduko balu.

    1. Ez zara bakarra izango sin perjuicio de esapidearekin deseroso ibili dena, batzuetan testua iluntzen duelako, Europako gidaliburu honetan (http://ttiki.com/48552) adierazten denez:
      16.9. Las consecuencias de las referencias introducidas por la fórmula «sin perjuicio» con frecuencia distan mucho de ser claras. En particular, pueden existir contradicciones entre el acto en el que se hace la referencia y el acto al que se remite. En general, se podrá prescindir de tales referencias delimitando mejor el ámbito de aplicación. Además, es superfluo remitir mediante esta fórmula a disposiciones de rango superior que son de aplicación en cualquier caso.
      Ejemplo:
      En lugar de: «Los artículos de la presente Directiva relativos a la clasificación, al envasado, al etique-tado y a las fichas de datos de seguridad se aplicarán a los productos fitofarmacéuticos sin perjuicio de la Directiva 91/414/CEE»,
      es mejor: «Los artículos de la presente Directiva relativos a […] se aplicarán a los productos fitofarmacéuticos.
      Gaztelaniazko lokuzioa ez ezik, frantsesezkoa (sans préjudice) eta ingelesezkoa (without prejudice) ere bada.
      Esapidea erabili nahi izanez gero, eta batzuetan beharrezkoa da, nik neuk «hargatik eragotzi gabe» erabiltzen dut. «Kalterik gabe»ren aldean badu abantaila bat, esaldiaren aurrera ekarri ahal duzula. EHUren Legeak/Leyes bildumako 14. alean (http://ttiki.com/48557) huraxe erabiltzen da eta handik atera ditut adibide hauek:
      «1. Hargatik eragotzi gabe Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren testu bategina-ren 19. eta 20. artikuluetan eta beste lege osagarri batzuetan ezarritakoa, soilik…»
      «…hamar eguneko epean hasi ahal izango du prozedura, hargatik eragotzi gabe Konstituzio Auzitegiari buruzko 1979ko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren IV. tituluko II. kapituluan ezarritakoa aplikatzea».
      «Hargatik aurrekoa eragotzi gabe, Lehiaren Batzorde Nazionalak edozein informazio eskatu ahal izango du…»
      «Hargatik eragotzi gabe bidezko izan daitezkeen erantzukizun penal eta zibilak, diziplinazko falta oso larritzat joko da…»

      Alberto Martínez de la Cuadra

Utzi erantzuna