Izen-joskerak vs aditz-joskerak norgehiagoka

Irantzu Epelde Zendoia

Gaztelaniaz eta frantsesez, hizkera jasoan hitz egin edo idatzi nahi denean, sarri agertzen da estilo nominalerako joera. Nolabait esateko, aditzak baztertu eta trukean izenak jarrita, hizkera dotoretu egingo bagenu bezala, edo halako efektu estilistikoren bat lortzeko. Inguruko erdaretan nominalizaziorako joera indar handikoa izateak ondorioak dakartza euskarara, itzulpenaren bidez edo bestela. Badirudi hasieran administrazioko testuetako kontua zela batez ere, baina gero indartsu zabaldu zen prentsara, eta gaur egun hainbesteraino hedatu da, ia edonon aurki dezakegu izen bihurtutako aditzen bat. Joseba Lozanoren “Izenzalekeria” artikulutik [1] hartu dut adibidea:

  • Langileen hautaketarako irizpide subjektiboen erabilpenaren salaketa egin dute sindikatuek.

Horren ordez, Lozanoren proposamena, hauxe:

  • Langileak hautatzeko irizpide subjektiboak erabili direla salatu dute sindikatuek.

Lehenbiziko perpausean, bat baino gehiago dira aditzen bidez aise eman daitezkeen izenak, eta ezin ukatu izenez ongi hornitutako perpausa luzea eta hizkera jasokoa bada, astundu egiten dela esana. Baina esana da erraz, eta egina garratz: erdaratik itzuli behar duen testugileak etengabe egingo du topo honelako egiturekin, eta gehienetan beste bide batetik eman beharko ditu. Egokitze ahalegin berezia eskatuko dio, eta aldi bakoitzean saiatu egin beharko du halakoak euskarazko adierazpide normalez ematen.

Besteren artean Juan Garziak [2] eta oraindik orain Patxi Petrirenak [3] azalduak dituzte erdararen fraseologiaren eraginez sortutako egitura honen hainbat alderdi, eta ez noa haiek ezin garbiago erakutsitakoak hemen berriz esatera. Goiko lehenbiziko adibidean, egin aditzak begietan emanda, Iparraldeko egungo euskal testu idatziak etorri zaizkit gogora, eta nola aspaldian maiz egokitu zaidan Juan Garziak aditz betegarri edo ortopediko izendatzen dituen horiek han eta hemen ikustea, prosan eta prosatik kanpo. Azkena, oraintsu, Nola Erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan suertatu zait, bestelako kontu batengatik adjoint sarreran ikusmiran nenbilela:

adjoint
adjointe
1 adjectif
laguntzaile
2 nom masculin ê nom féminin
auzapezorde (BL) — axuant (BL) — alkateorde (MD)

içi comme ailleurs le choix du Maire et des adjoints a eu lieu à la suite des élections

denetan bezala egin da hemen ere auzapez eta axuanten hautaketa hauteskundeen ondotik

Neure artean, ez ote litzatekeen naturalagoa le choix aditz baten bitartez aldatzea euskarara. Beharbada, honela:

  • Auzapeza eta axuantak hauteskundeen ondotik hautatu dira hemen ere, denetan bezala.

Hartara, ez legoke egin «ortopedikoaren» premiarik, eta nekerik gabe saihestuko litzateke hitzez hitzeko itzulpenak berez bezala ekartzen duen izen-joskera.

Hango eta hemengo adibide bailara ikusita, izenburuan salatutako norgehiagoka erremediorik gabe galdua duela iruditzen zait aditz-joskerak…


[1] Lozano, Joseba. “Izenzalekeria”, Administrazioa euskaraz. Vitoria-Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 2000ko uztaila, 27. zenbakia, 19. or.
[2] Garzia, Juan. 2005. Kalko okerrak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 86-89. orr.
[3] Petrirena, Patxi. 2011. Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 86-88. orr.

Erantzun bat “Izen-joskerak vs aditz-joskerak norgehiagoka” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude