Itzultzaileak gaindimentsionatuta? (salaketa bat edo bi)

Angel Erro

Homeroren Odisea gau antzaldatu bakar batean irakurri nuen. Lehenago sekulan ez nuen liburu batekin antzeko bizipenik izan, geroago ere ez. Aurpegia eguzkitara paratuko banu bezala zen.

Grégoire Bouillier, Txostena niri buruz

I

«Itzultzaileoi hauspo gehiegi ematen zaigu». Hola esan diet lagunei Grégoire Bouillier-en Rapport sur moi liburuaren itzulpena, nik egina, aurkeztetik etorri berritan. Egia osorik aitortzeko, esanari lehen pertsona eta artikulu hurbila orain gehitu dizkiot, nik kritikatu akatsean berean erori bainaiz, neure burua bete-betean itzultzailetzat ez aitortzeak aitzakiarako balio ez didala. Liburuaren itzultzaile soila izanik, jendaurrean egilearen tokia hartu eta ia haren izenean hitz egin dut, ez bainaiz mugatu itzulpenaren gorabeherak, aski interes gabeak, iruzkintzera.

Eta itzultzaileek ez dute zertan itzuli duten lanean adituak izan. Hori, itzulitakoa lan klasikoa denean, apalategirik harroena ere konkortzeko beste bibliografia eragin duena, nabarmenagoa izaten da. Urtetan galdetu diot neure buruari Literatura Unibertsala saileko liburuei zergatik ez dien obra bakoitzean aditu batek idazten. Ez nuke kasu bakar batean zentratu nahi (gainbegiratu ditudan eta jatorrizkoan lehenagotik eta ia buruz ezagutzen nituen pasarteetan behintzat, nire ustez, onik atera baita itzultzailea), baina kezka hau berritu dit Literatura Unibertsalekoetatik eskuratu dudan azken aleak, Pedro Calderón de la Barcaren Bizitza amets-ek, Xabier Payák euskaratuak. Itzultzaileak hitzaurrea ere idatzi dio, Calderónen lana argitu eta hurbilduko lukeen aurkezpenean baino itzulpenaren irizpideetan luzaturik.

[Sail horren eredutzat nahiko nukeen Cátedra argitaletxeko Letras Universales sailean itzultzailea eta sarreragilea maiz bereizten dituzte. Katuloren olerkiak, esaterako, Juan Antonio González Iglesias poeta finak itzuli ditu eta sarrera oparoa eta oin-ohar jakingarriak José Carlos Fernández Corte irakasleak egin ditu (González Iglesias ere Salamankako unibertsitatean latindar filologiako irakaslea bada ere; izan ere, argitaletxe bereko Ovidioren Amores eta Ars amandi berak itzuli eta hitzaurrea eta oin-oharrak ere egin ditu)]

Ez dut esan nahi itzultzailearen hitzaurre horiek interesgarriak ez direnik. Juan Garziaren Shakespeareren Soneto hautatuak itzulpenaren aitzinsolasa ere nabarmen, eta are arrandiaz, makurtzen da Shakespeare eta (bere) sonetoak euskarara ekartzeko auziaren aldera, eta oso gogokoa dut testua.

Hobe genuke, dena den, bi eginkizunak pertsona ezberdinen esku uztea, gutxi direlako bai itzulpenari bai hitzaurre (eta aparatu kritiko) egoki bati behar bezala kara emateko gauza. Haietako bat, literatura klasikoaren eremutik atera gabe, Carlos García Gual litzateke, helenista entzutetsua eta Odisearen itzultzailea.

II

Beste bat Eduardo Gil Bera genuke. Iaz atera zuen, nik dakidala, gurean oihartzunik izan ez duen saiakera: Ninguno es mi nombre (Sumario del caso Homero), Pre-textos, 2012. Liburu handinahia da, asmoa zer eta eztabaida homerikoa argitzea baitu, hau da, zein ote zen Iliada eta Odisearen benetako egilea eta bi liburuak egile berarenak ote diren. Eduardo Gil Berak inkognita argitu bide du, honetan espezialitatutako blog batean diotenez, «[en] un text digne de prestar-hi atenció, tant per la seva profunditat com per la seva originalitat». Ez dut nik hemen spoilerrik egingo, Odisearen egilearen izena aipatuz, ia enigma poliziako moduan argitzen duen saiakerarena.

Pena euskal literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetako honek bere deskubrimenduaren berri euskaraz eman ez izana! Eta pena hitzaurre jakingarri askoa idazteko gai den itzultzaile honek Odisea itzuli ez izana! Edo ez?

Izan ere, Eduardo Gil Berak itzuli du Odisea. Euskarara. 2004ko udaberrian datatutako kopia bat dut nik, fotokopietan. Baina ez omen zuen topatu nork argitaratuko zion. Horrek ez du gure literatur sistemaz ezer onegirik esaten.

Odisearen aitzinsolasean Gil Berak aurreratzen du erdaraz irakurtzea beste erremediorik ez dugun enigmaren argitzea: «Iliadaren poeta eta Odisearena ez dira bat eta bera (…). Odisearen egileak ezagutu baino gehiago miretsi egiten du Iliada».

11 erantzun “Itzultzaileak gaindimentsionatuta? (salaketa bat edo bi)” bidalketan

  1. Bada, nik badut Odisearen itzulpen zaharrago bat. Aita Onaindiak bizkaierara itzulitakoa, 1985. urtean Euskarazaintzak argitaratutakoa.

  2. Ez zara bakarra izan, Angel. Hitzaurreokin antzeko kezka izan dut nik beti, ez ote zen egokiago aditu bati sarrerako hitz batzuk eskatzea edo beste edizio baten hitzaurrea euskaratzea.

    Calderónen kasuan, ordea, guztiz pertinentea iruditzen zait itzulpenari berari buruz jardutea, zeren, jatorrizko hizkuntza gaztelania izanik, askorentzat oraindik burugabea baita halako lanei ekitea, horiek estilo-ariketa hutsak balira bezala.

    Beraz, zenbaitetan jakingarri gerta dakizkioke irakurle arruntari itzulpenaren barruko gogoetok, eta baita pizgarri ere liburua erosteko.

    Gil Beraren “Odisea”k ezkutuan jarraitzeak, berriz, argi asko erakusten du norantz ari den edizioen mundua gurean (derrota ilun askoa duela). Hala ere, sarean argitaratzen ez luke lan handirik izango, nik uste.

  3. Ez, Odiseak ezkutuan jarraitzea ez da seinale ON, dudarik gabe. Baina ez dago zertan argitaletxeei egoztea horren erantzukizuna. Argitaletxeok, kasu honetan, katearen azken begia gara. Nik ere jaso nuen Odisea hori argitaratzeko eskaintza, ez nago harro ukoa eman izanaz –edo izan beharraz–, baina damu ere ez naiz.
    Izan ere, bai, pena da “pena euskal “literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetako honek bere deskubrimenduaren berri euskaraz eman ez izana!”. Baldin eta deskubrimendu hori benetako deskubrimendua bada, baldin eta itzulpen hori benetako itzulpen egokia bada, eta baldin eta hitzaurre hori balizko liburu eta bilduma horretarako aproposa balitz.
    Bestalde, galdetu beharko litzaioke Gil Berari zergatik ez ote zion Pamiela etxeak –non argitaratu baitzituen garai hartako bere euskarazko liburu gehienak eta zeinarentzat editore-lanetan denboraldi bat eman baitzuen– liburu hori argitaratu nahi izan.
    Baina apustu egingo nuke 1000/ 500i ezen ez duela sarean jartzen, euskal irakurle gutxi-heziok geure burua janzteko aukera dohainik izan dezagun.

  4. Ia hamar urte pasa dira Gil Beraren eskaintza horretatik, saiatuako naiz gutun hori (Gil Berak bidali ziguna) aurkitzen. Ez dakit zergatik, baina ez zitzaidan tonua gustatu (oraintxe bertan ezingo nuke esan zer arrazoi izango nuen horretarako). Ezezkoa –gainera– ez nion funtsean diru-kontuengatik eman (hori ere kontuan izango nuen, seguru aski). Eta oraindik ere, Ulyssesekin batera prest nintzateke argitaratzeko. Dena dela, uste dut Gil Berak LUn argitaratzeko asmoa izan zuela, baina ez zirela ados jarri (holako zerbait dut buruan, baina hitz egingo dut EIZIEko garai hartako kudeatzaileekin, ea horren konstantziarik ba ote dagoen).
    Baina gauzak bere lekuan jartzea komeni dela iruditzen zait. Badirudi editore batek halako obra sublime bati UKOA ematen badio, automatikoki “pello-kirten”, artaburu, diruzale eta putakumetzat hartu beharra dagoela. Eta tasun horiek guztiak hobeto banatu beharrak daude tartean direnen/garenon artean.

  5. Lasai, Xabier, euskal liburuez ezer dakien inor gutxik pentsatuko luke halakorik! Inor gutxik edo inork ez!

    Bestalde, bere garaian irakurri nuen aita Onaindiak itzulitako Odisea hori. Bihotzez gomendatzen dizuet. Ez dakit zuzena, fidela edo horrelakorik den. Dakidana da bizkaiera eder batean dagoela, neuk une hartan (Bizkaitik urrun nenbilelako akaso) asko estimatu nuela. Eta ez dakit ere bizkaiera hori zuzena, fidela edo horrelako ezer den. Eta bost axola.

    Bada ere euskarazko beste bertsio bat, Juan Kruz Igerabidek egina eta Ereinek argitaratua 2000an. Ez dut irakurri, baina bilduma horretako beste liburu batzuk bai, eta ziur naiz hori ere oso ederra dela eta, ziur aski, askoz ere estandarragoa (hori, berez, ez da ez ona ez txarra). Baina oker ez banago ez da itzulpen osoa, zati hautatuena edo laburtua baizik. Beste norbaitek argituko du hobeto.

  6. Atsaldeon, hara Xabier, oraindik prest bazaude, publika ezazu ba. Ulyssesekin batera, edo nahi duzun maneran, Izan ere, igual nire eskaintza publikatzen ahalko duzu, ez ordea zure ezezkoa: kontestarik batere ez zenuen eman. Nik uste euskal editore guztiei eskaini niela, eta kontestarik batere ez nuen jaso inorengadik ere.
    Onaindiaren eta Igerabideren itzulpenak ez dira osoak.
    Bakarren batek onlinean publikatu nahi balu, segidun egiten ahal du, nire partetik behintzat.

  7. Gabon, Eduardo. Esaten dizut berriro ere kontu horiek guztiak oso ahaztuak ditudala. Ez dut gogoan kontestarik eman nizun ala ez. Baina zuk jaso ez bazenuen, nik bidali ez nizun seinale. Ez da nere jokabidea izaten, erantzunik ez ematearena, baina hala egin banuen, bihoakizu barkamen-eskea ere hemendik bertatik. Berdin on-line publikatzeko prest ez zinela egongo esateagatik ere. Apustu hori galdu dut, beraz. Oraingoz, ez baduzu arazorik, neronek argitaratuko dut on-line (oraingoz) igela-ren webgunean, hemendik hilabete pare batera, artxiboa bidaltzen badidazu. Nahiago baduzu leku egokiagoan egon dadin, bidal ezazu armiarma.com, beste holako milaka testuren konpainia noblean egon dadin. Eta Ulysses argitaratzeko moduan banaiz, hemendik hiru edo zortzi urtera, egon zaitez ziur zuk itzulitako Odisea aldamenean izango duela.
    Ongi izan, eta nahi duzun arte.

  8. Galdera bat Gil Berari: zer zati falta zaio Onaindiaren itzulpenari?

    Liburuak berak hiru iturri hauek aipatzen ditu:
    “a) Homeri Opara, David B. Manro et Th. Allen (Oxford)
    b) Odyssée, Jean Bérard (Paris, 1960)
    c) Odisea, Luis Segalá (Barzelona, 1961)” (3. or.)

    Hogeita lau kantu daude itzulita. Ematen du itzulpen osoa dela. Ez dakit, oso harrituta geratu naiz goiko oharrarekin.

    Mila esker aldez aurretik.

Utzi erantzuna