Fernando Rey Escalera
Azkenaldi honetan, euskararen gaineko gogoeta giza anatomiara eta fisiologiara lerratu zait. Eta itzulpengintzaren gaineko hausnarketarako, niri behinik behin, errazagoa zait metodo deduktiboa induktiboa baino. Zer pentsatua ematen didaten bi hitz ditut gaur gogoeta-gai.
UZKIA
«Uzki» hitza da horietako bat. Aspaldikoa dut duda, baina, Anaïs Nin-en Venusen delta liburua zuzendu behar izan nuenean, berritu egin zitzaidan deserosotasuna.
Terminologiari buruzko teoriaz oso gutxi dakit, baina dakidan apurra da terminoak, besteak beste, zehatza izan behar duela, eta erregistro mailak ere baduela bere garrantzia. Bi aspektu horietan ikusten dut problema gaztelaniaren «ano» eta frantsesaren «anus» hitzaren ordainerako «uzki» erabaki denean.
Beharbada, berandu heldu da gogoeta hau, ederki baitakit eskoletan-eta hitz hori zabaldu eta normalizatu dela digestio aparatuaren bukaerako zulo esfinterduna izendatzeko. Halaxe ematen du Giza Anatomiako Poltsiko Atlasak (Heinz Feneis-en liburua, Elhuyarrek argitaratua); halaxe ageri da UZEIk egindako lanetan eta Euskalterm Terminologia Banku Publikoan (halako kritikek ez dute inola ere zalantzan jartzen edo gutxiesten UZEIko edo Elhuyarreko lagunek egindako aportazioa: aski lan on, zail eta lagungarria egin zuten denontzat, hain baliabide gutxi zegoen garaian gainera).
Maizenik erabiltzen diren hiztegietan, hau esaten zaigu:
Elhuyar
Uzki
1 iz. Anat.
ano, orificio anal
2 iz. Ipar.
culo, trasero
Zehazki
ano m uzki; ipurtzulo adkor, atzeko zulo adkor.
Baina, nik dakidala, eta Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, «uzki» ipurdi hitzaren sinonimo hutsa da, hitz hori erabiltzen duten gehien-gehienentzat behinik behin. Badiat uzkian zilo bat / beti hire zerbutxuko, / zabalik diat nahi dianian / hantik sudurra sartzeko.
Zuloa izendatzeko, jakina, ipurdi/uzki + zulo/zilo elkarketaz baliatzen gara. Horregatik diot nik «ano/anus» hori «ipurtzulo» eta «uzki-zilo» esan beharko genukeela. Badakit gaztelaniadunok «ano» esaten dugunean beste erregistro maila batean ari garela, eta ipurtzulo edo uzki-zilo erabiltzeak ez dirudiela egokiena anatomiaz hitz egiteko. Baina, beste hitz baten premian bagaude hizkera finagoan edo teknikoan edo dena delakoan erabiltzeko, beste zerbait beharko genuke, maileguaz baliatu beharko genuke segur aski. Gure auzo-erdarei begiratuta hauxe ikusten dugu: gaztelaniak, italierak eta galegoak «ano» dute; frantsesak, katalanak, portugesak, ingelesak eta alemanak, «anus».
«Anoa» edo «anusa» proposa liteke. Baten batek esan lezake gure aitak lanerako «companaje» deitzen zion horrekin nahas litekeela «anoa», baina polisemia ez da halako traba ere. «Anusa» ere esan genezake.
Beharbada honek ez du bueltarik, eta izugarri zabaldua dago hitza, baina nik, besterik gabe, problematika honen atzean dagoen tranpa utzi nahi dut agerian: hitz baten premia sentitu, eta, ordain gisa, bazterreko euskalki batekoa hartzea horretarako, baina esanahia aldatuta. Imajinatu, segundo bakar batzuez, zer esanen luketen euskaldun gehienek erabakia alderantzizkoa izan balitz: culo / cul = uzki; ano / anus = ipurdi.
OHATZEA
Antzeko zerbait gertatzen da «litera» edo «lit superposable» hitzarekin. Begira zer dioten hiztegi erabilienek:
Elhuyar
Litera
1s.f.
ohatze
En mi habitación hay dos literas: nire gelan bi ohatze daude.
Zehazki
Litera
1 f elkarren gaineko ohe(ak), elkarren gaineko(ak).
2 (de barco, tren) ohexka, ohatze.
Ez da egokia, nire ustez. Ohatzea, hitza erabiltzen dugun gehienontzat, ez da litera bat. Litera ohe espezifiko bat da, eta, beraz, bi bide baizik ez ditugu horretarako: edo mailegua (literak, lits superposés, bunk beds), edo hitza sortzea. Baina ez da zilegi, nire ustez, norberarentzat bitxia-edo den hitza hartu, esanahia aldatu, eta guk nahi dugun horretarako erabiltzea.
Fernandoren artikulu guziek poza ematen didate, eta honek bereziki: gure etxean, ohatzean egiten dugu lo. Gure semeak bi hitzak ezagutzen ditu, ohea eta ohatzea, lehendabizikoa eskolako euskara da, eta bigarrena, etxekoa, baina biek objektu bera izendatzen dute. Arras gogoeta zentzuduna iduritu zait sarrera honetakoa, eta erabat ados nago
Fernando Reyrekin ados egon naiteke (oraindik ez naiz auzi honetaz gogoetatzen hasi), gauza bati dagokionez izan ezik: anoaren polisemia traba ez delakoa. Horretarako, adibide deigarri bat paratuko dut. Uxue Apaolazaren “Umeek gezurra esaten dutenetik” liburuko lehen ipuinean, egileak “anoa” hitza erabili du, “dosia” adierazi nahian (seguruenik hiztegiren batek hara bultzatuta), eta liburuaren zuzentzaileak gaizki zuzendu dio eta “uzkia” jarri, drogaren testuinguruan guztiz arraro gelditu arren. Testua hala gelditu zen (bigarren parrafoa da):
“Komunera bakarrik etortzen naiz. Drogak nik erosten ditut, horretan ez dut dependentziarik onartzen (…). Ondo neurtu behar da uzkia; hitz-jario kontrolik gabeak garesti ordaintzen dira”.
Bitxikeria horrekin ere, Apaolazaren ipuinik ederrenetakoa eta aipagarrienetakoa dugu.
Aupa, Angel.
Nik ere ez dut garbi, Angel. Testuinguru jakin batean, anatomiaz ari garenean, segur aski ez litzateke izanen nahasgarria.
Dena dela, ez daki zuk aipatzen duzun horretan ere ez ote den gertatu nik salatzen dudan fenomenoaren beste adibide bat. Nik dakidala, “anoa” ez da ez dosi, ez “ración” (ostalaritzan edo gastronomian duen adieran). Nik dakidala, “lanerako edo biderako eramaten den janaria” da.
Egin liteke hitzaren zabalkuntza semantikoa? Ez dakit.
Baina begira zer ongi ulertzen diren “dosi” hitza eta “errazio” hitza.
Ongi izan.
Ez dut ulertzen zergatik ez dirudien ipurtzulok “egokiena anatomiaz hitz egiteko”. Anatomikoki zehatza eta zuzena da etimologia, ezta? Ipurtzuloaren arbuioa gehiago azaltzerik bai, Fernando?
Ezin dizut erantzun garbirik eman, Luistxo. Nik ez dut problemarik ipurtzulo erabiltzeko. Are gehiago, iruditzen zait zenbait kasutan tonuak ematen diola normaltasun puntua edo zakarkeria puntua, ez hitzak berak (Halaxe gertatzen da “kaka” hitzarekin; lehenago joaera handiagoa zegoen libratu edo obratu esateko, eta, gaur egun, nik dakidala, lasai asko erabiltzen du jende gehienak “kaka egin”. Erdaraz ere, gure etxean “hacer de vientre” zen normalena, eta “cagar” esatea gaizki ikusia zegoen; orain, berriz, normalizatu dira gauzak).
Ipurtzuloa dela-eta, kontu pare bat.
Zoritxarrez, konnotazio negatiboarekin eta tonu zakarrean aditu dugu gehienetan “ipurtzulo” hitza, baina hori gainditu egin liteke. Eta arrazoi duzu: hitza ezin egokiagoa da, eta zehatza. Hitz askorekin gertatzen da fenomeno hori: hizketan ari denak normal erabiltzen badu hitza, galdu egiten du izan lezakeen zakarkeria puntu hori. Alde horretatik, maiz sobran ditugu eufemismoak. Batzuek beldurra diote “zahar” hitzari. Badakizu, “viejos, no; viejos son los trapos” diote batzuek, baina errespetuz eta inolako kutsurik gabe ere erabiltzen ahal da “zahar” hitza.
Beste kontu bat da hizkera teknikorako beste hitzik behar ote den. Inguruko hizkuntza guztiek badute beste hitz hori: “ano/anus”. Euskarak ez du behar? Igual bai. Egia da ez dela gertatu hori zenbait hitzekin, “pene” hitzarekin adibidez. Gaztelaniaz eta, ikusten dudanez, beste hizkuntza askotan ere, oso ongi bereizten dituzte erregistro horiek (cola, pito, chorra… / pene). Badirudi euskaraz hitz bakar batekin gelditu garela erabilera markatu gaberako eta teknikorako, nahiz eta badiren beste asko.
Berba askorekin gertatu da hori euskaraz: adierak “faltsutu” edo behartu egin dira hutsuneak betetzeko. Dena den, ez dut uste hori denik “uzki”-ren kasua. Egia da euskara batzuetan ipurdia izendatzen duela, baina beste batzuetan ipurtzuloa esateko erabiltzen da. Bizkaieraz nahiko arrunta dela esango nuke. Nik, behintzat, holantxe ikasi nion amari.
Erregistro neutro horretatik aparte, bada “txulo” ere, zatarragoa edo. Eta “atzeko begi” eta “tutu” lagunartekoak.
Zakilari dagokionez, arrazoi duzu, beharbada “zakil” eta “pene” ez daude maila berean, baina ezin da ukatu euskaraz badugula aukera zabala hori izendatzeko: umeekin erabiltzen diren berba hipokoristikoak (txilin, pitilin, pitiko…), izendapen eufemistikoak (txistu, txilibitu…), neutroagoak (zil, adar), barregarriak (beheko buru, txistor, zepelin) eta gordinagoak (txokorra, larakoa, buztana…).
Hona gaur goizean eta Arabako Uzkiano gogoan Hiri buruzagiko kronistak berritu didan pasadizoa:
“Urbano Egozkue Gaskue. Eugiko Luzioinbordan sortua. Etxearen izena, berez, Loperenekoborda zen, baina Urbanoren aita Luzio zenez, jendeak Luzioinborda esaten zion. Etxea urpean gelditu zen, urtegia egin zenean.
Behin batean, gerra ondoko lehen bertso txapelketan (1960), Alfontso Irigoien gai-jartzaileak Urbanoren txanda zela adierazi zuen mikrofonotik:
– “Datorrela Urbano Egoskua, datorrela Urbano Egoskua, esan zuen.
Hura entzunda, gure Urbano badoa agertokira eta, gora igotzean, hauxe esaten du:
– “Egoskua-Egoskua… ipurditik sartzan eskua!!!, ni Egozkue naiz!!
Halako marmar-hotsa entzun zen epaimahaikideen artean. Saioa bukatutakoan, Urbanok hauxe esan zuen:
– “Nik huraxe esan ondotik, epaimahaikideek ez zidaten puntu erdirik ere eman, erdiak apezak baitziren, eta kanporatu ninduten”.