Tristura

Itziar Aduriz Agirre

Aita tristuraz hil zitzaigun.

Medikuak esan zuen gaixotasun neurologiko baten ondorioz hil zela, baina guk garbi genuen tristuraz hil zela, hori baitzen berak azken asteetan behin eta berriro errepikatzen zuena.

«Aita, zer duzu?» galdetu eta berak «tristura» erantzuten zuen, eskua sabelean jartzen zuen bitartean. Azken asteetan behintzat, hortik ez zenuen ateratzen.

Orain ama hasi zaigu, «ama, zer duzu?» galderari, «tristura» erantzuten, eskua sabelaren gainean jartzen duen bitartean, esternoiaren parean. Beti erantzun bera eta beti eskua toki berean.

Tristura zela-eta, ospitalean ingresatu zuten orain dela aste batzuk. Urgentzietatik pasa ondoren, ingresatu behar zutela erabaki zuten eta gela batera eraman gintuzten. Ez zen inor iritsi ginenean. Handik ordu batzuetara, gaueko ordu txikitan, bi emakume iritsi ziren. Zaharrena, gaixoa, eta haren laguntzailea, bere iloba. Ez ziren euskaldunak.

Orduak pasa ahala, normala den moduan, hasi ginen elkarri galdezka, zer zuen batak eta zer besteak. Nik, amari begira, tristura zuela esan nuen, nire eskua sabel gainera eramanez. Gure amak baietz, tristura zuela, bere eskua sabel gainera eramanez.

Orduan ikusi nuen gure bizilagunaren aurpegian, «ya, tristura» esaten zuen bitartean, ez zuela guk esan nahi geniona ulertu, eta susmatzen nuen pentsatzen zuena, alegia, berak buruan zuen tristurak ezin zuela eragin ospitaleko ingresoa.

Nik ez nion argitu kontua. Egia esan, ez nuen gogo handirik hitz egiteko eta argitzeko amaren tristuraren nondik norakoak. Hala ere ez nuen gertakizun hura ahaztu eta lasaitasun pixka bat izan nuenean, ordenagailua hartu eta Elhuyar Hiztegian begiratu nuen tristura hitzaren esanahia.

Hauxe da bertan aurkitzen dena:

1. ‘Tristeza, pena, añoranza, angustia’. Adib.: Bihotzeko tristura: la tristeza del corazón.
2. (bereziki urdailari dagokiona): ‘indisposición, malestar’.

Seguru asko gure gelakideak lehen adiera zuen buruan, eta gure amarena, berriz, bigarrenetik gertuago zebilen. Niretzat ere bigarrenetik gertuago dabil, baina adiera horiek motz geratzen zaizkit.

Ematen du hitz batzuei gehiegi eskatzen diegula eta errealitatearen isla izatea zaila dela batzuentzat. Hori batez ere nabarmentzen da hitz horiek itzuli nahi ditugunean eta ezin dugunean ordain egokirik topatu helburu-hizkuntzan.

Burutazio hauekin guztiekin nabilela, eta hari honetatik tiraka, zuek itzultzaileak hartu zaituztet gogoan. Zein zaila den hitz jakin batzuk itzultzea, batez ere derrigorrez eta zehaztasunez eman behar denean ordain bat.

Hara non, bada, blog honetako nire lehen aportazioa izatera pasa den gogoeta hau.  Asteotan hainbeste tristura gora eta tristura behera ibili naizenez eta itzultzaileen lanaren zailtasunarekin gogoratu naizenez, hemen tristuraz bi hitz.

Banituen nire lehen honetarako beste planik, baina honek aurrea hartu die ezinbestean. Etorriko dira bestelakoak, gai akademikoagoak, ikerketarekin lotuagoak, baina susmoa daukat ia beti hitzen bueltan ibiliko naizela.

7 erantzun “Tristura” bidalketan

  1. Eta hor dugu nahigabe hitza ere:
    Elhuyarrek honela dio:
    2 “ iz. bereziki urdailaz
    indisposición, malestar

    Eta urdaileko nahigabe, tristura, pena hori, ez da bete-betean ondoez hutsa, ez, zuk ongi diozun bezala, badu beste ñabardura bat, erdal ordain horiek erabat jasotzen ez dutena. Etic diagnostikoak emic ikuspuntu osoa harrapatzerik ez balu bezala, maiz gertatzen den moduan, bestetik, etnomedikuntzak erakusten digunez (bide batez, Interneteko foro batean hau aurkitu dut, nafar batek idatzia: “he tenido sintomas ya… varios días con una especie de tristeza en el estomago”; eta Gabriel Bermúdez Castillo idazlearen eleberri batean, berriz, beste hau: “A mí me dieron un nauseabundo mejunje de zarzaparrilla, que me causó una profunda tristura en el estómago”).

  2. A zer kontakizun goxoa! Mila esker, Itziar.
    Esanahi zabalxeagokoak badira ere, hor ditugu, ekialdean, beste hitz hauek ere:
    – ezongi (izena eta adberbioa). “Ezongia dut”, “ezongi nago”.
    – ezongixko (adberbioa). Txikigarria.
    – ezongialdia (izena).
    Adibide gutxi ikusi ditut EPGn (neronek idatzitako bi, eta beste bi, bata Patziku Perurenarena, eta bestea Aingeru Epaltzarena).
    Ongi izan.

  3. Oso xamurra, Itziar.

    Bizkaian “pena” erabiltzen da toki batzuetan (Bermeon, Gernikan adibidez) mina esateko. “Pena handijek dakotez” esaten zuen Bemeoko amumak.

  4. Oso ederra artikulua!
    Gurean “estomaguan tristuria dakat” entzunda daukat. Orain arte ez dut pentsatu erdaldunek ezingo zutela gure moduan ulertu, egia esatera, larritasun horrek trIstetik ere badu-eta!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude