Tristura

Itziar Aduriz Agirre

Aita tristuraz hil zitzaigun.

Medikuak esan zuen gaixotasun neurologiko baten ondorioz hil zela, baina guk garbi genuen tristuraz hil zela, hori baitzen berak azken asteetan behin eta berriro errepikatzen zuena.

«Aita, zer duzu?» galdetu eta berak «tristura» erantzuten zuen, eskua sabelean jartzen zuen bitartean. Azken asteetan behintzat, hortik ez zenuen ateratzen.

Orain ama hasi zaigu, «ama, zer duzu?» galderari, «tristura» erantzuten, eskua sabelaren gainean jartzen duen bitartean, esternoiaren parean. Beti erantzun bera eta beti eskua toki berean.

Tristura zela-eta, ospitalean ingresatu zuten orain dela aste batzuk. Urgentzietatik pasa ondoren, ingresatu behar zutela erabaki zuten eta gela batera eraman gintuzten. Ez zen inor iritsi ginenean. Handik ordu batzuetara, gaueko ordu txikitan, bi emakume iritsi ziren. Zaharrena, gaixoa, eta haren laguntzailea, bere iloba. Ez ziren euskaldunak.

Orduak pasa ahala, normala den moduan, hasi ginen elkarri galdezka, zer zuen batak eta zer besteak. Nik, amari begira, tristura zuela esan nuen, nire eskua sabel gainera eramanez. Gure amak baietz, tristura zuela, bere eskua sabel gainera eramanez.

Orduan ikusi nuen gure bizilagunaren aurpegian, «ya, tristura» esaten zuen bitartean, ez zuela guk esan nahi geniona ulertu, eta susmatzen nuen pentsatzen zuena, alegia, berak buruan zuen tristurak ezin zuela eragin ospitaleko ingresoa.

Nik ez nion argitu kontua. Egia esan, ez nuen gogo handirik hitz egiteko eta argitzeko amaren tristuraren nondik norakoak. Hala ere ez nuen gertakizun hura ahaztu eta lasaitasun pixka bat izan nuenean, ordenagailua hartu eta Elhuyar Hiztegian begiratu nuen tristura hitzaren esanahia.

Hauxe da bertan aurkitzen dena:

1. ‘Tristeza, pena, añoranza, angustia’. Adib.: Bihotzeko tristura: la tristeza del corazón.
2. (bereziki urdailari dagokiona): ‘indisposición, malestar’.

Seguru asko gure gelakideak lehen adiera zuen buruan, eta gure amarena, berriz, bigarrenetik gertuago zebilen. Niretzat ere bigarrenetik gertuago dabil, baina adiera horiek motz geratzen zaizkit.

Ematen du hitz batzuei gehiegi eskatzen diegula eta errealitatearen isla izatea zaila dela batzuentzat. Hori batez ere nabarmentzen da hitz horiek itzuli nahi ditugunean eta ezin dugunean ordain egokirik topatu helburu-hizkuntzan.

Burutazio hauekin guztiekin nabilela, eta hari honetatik tiraka, zuek itzultzaileak hartu zaituztet gogoan. Zein zaila den hitz jakin batzuk itzultzea, batez ere derrigorrez eta zehaztasunez eman behar denean ordain bat.

Hara non, bada, blog honetako nire lehen aportazioa izatera pasa den gogoeta hau.  Asteotan hainbeste tristura gora eta tristura behera ibili naizenez eta itzultzaileen lanaren zailtasunarekin gogoratu naizenez, hemen tristuraz bi hitz.

Banituen nire lehen honetarako beste planik, baina honek aurrea hartu die ezinbestean. Etorriko dira bestelakoak, gai akademikoagoak, ikerketarekin lotuagoak, baina susmoa daukat ia beti hitzen bueltan ibiliko naizela.