Garai hartan, garai hartakoa

Elixabete Perez Gaztelu

Blog honetan parte hartzea (kezkagarri samarra ez ezik) aberasgarria (ere) denik ezin ukatu: aukera ematen du elikatzeko (batzuen eta besteen luma zorrotz eta ongi hornituen inbidiatan, askotxotan); gogaideren bat mintzatzen bada, geure iritziei sendoxeago eusteko; inoiz edo behin, harako beste hark esanean zirrikitu eta lainoa ikusteko, eta, jakina, baita gure usteen ahulezia eta okerrez jabetzeko ere.

Gertatu ere gertatzen da, hileko mandatua bete behar eta, aspaldi edo berriro begietan eman zigun gertakariren bat, inoiz zalantza-bidea izan zaiguna, asti faltagatik begi-belarrietako zokoren batean estalita utzi genuena plaza honek berreskuratzeko aitzakia, eta aukera, ematea.

Egoera horretantxe ikusten dut, bada, neure burua, zalantzetako hari-mutur bati heldu beharrean. Honexekin du zerikusia: denbora adierazten duen garai izena (2 garai); Orotariko Euskal Hiztegiko hiztegi-sarrera honetakoa:

garai (V-gip, G, AN-gip-larr-5vill-ulz-erro, B; H). Ref.: A; VocZeg 288; AspLeiz2; Iz Als (amárgaraiyan, bedatzigaraiyán), Ulz (ta), ArOñ; Gte Erd 130. Tr. Documentado en textos guipuzcoanos y alto-navarros desde mediados del s. XVIII. Entre los vizcaínos sólo lo encontramos en D. Aguirre, Arrese-Beitia (AmaE 368) y algunos autores del s. XX. Al Norte hay algún ej. aislado en J. Etchepare y Mattin (22). En DFrec hay 549 ejs., 3 de ellos septentrionales. Momento, hora; época, tiempo. “Temps, moment opportun, occasion. Non zen Iesus garai artan? (LE).

Zehatzago esan, garaian inesibo singularraren eta garaiko-ren erabilera. Argi dezadan alde batera utzi dudala OEHko hiztegigileek 2 garai  hiztegi-sarrerako GARAIAN azpi-sarreran ematen duten beste adiera, “garaian garaikoa”, “behar den, egoki den ordua…” adieraztekoa, alegia.

GARAIAN. a) A tiempo, en el momento apropiado. v. GARAIZ. […] Garaian zatoz. Oraintxe daude ezkontzeko zortzi mutil ta bederatzi neska. AndAUzta 42.  (Empleo irónico, con el sentido de ‘a buenas horas’).  Garaian oroitu zaiote. Ag G 302. b) (S, R ap. A; gaian R-uzt ap. A). (Precedido de part.). “Eta… gizon egin garaian, ubi homo factus est” Bon 6. […]

Auzia kokatu eta hornitzeko, bi iturburutara jo dut: Interneten eskura dagoen Elizen arteko bibliaren euskal itzulpenera eta (itzulpen hori ere hartzen duen) Ereduzko Prosa Gaur corpusera.

Batez ere kontakizunaren hasieran, gertakariak denboran (bai iraganean bai etorkizunean) kokatzeko darabilte Bibliaren euskal itzultzaileek garai hartan (35 aldiz), eta gehiagotan (60 aldiz) orain bazterrean paratuko dugun aldi hartan:

  • Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. Has 11,1
  • Jaunak dio: «Garai hartan Israelgo leinu guztien Jainko izango naiz eta haiek nire herri izango dira». Jr 31,1

Kontalariak (iragandako) denboraren erreferentzia zehatzik ez duela adierazteko erabiltzen den garai batean ere  hor da, jakina. Hau ere saihetsean utziko dugu:

  • Garai batean, oraindik legerik ez zegoenean, ni bizirik nengoen; agindua etorri zenean, ordea, bekatua piztu zen. Erm 7,9

EPG corpusean ere garai hartan arestikoen ildokoa maiz jasoa dago. Liburuetan 1217 esaldi, 197 liburutan; prentsan 446 esaldi, 381 artikulutan. Bidenabar, aitor dezagun liburuok biltzen dituztela adibide gehienak: Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean: 144 agerraldi / 72 esaldi; Legeen espirituaz II, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta: 110 agerraldi / 54 esaldi; Luzaiden gaindi, Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren: 66 agerraldi / 33 esaldi eta Elizen arteko Biblia, Askoren artean: 66 agerraldi / 33 esaldi.

Garaian galdetuz gero, Bibliako adibideetan dena delako garaiaren erreferentea diskurtsoko beste elementu batek mugatzen du, agerian mugatu ere: noren, noizko, zertarako… garaian. Era honetara:

  • Eberrek bi seme izan zituen: batak Peleg, hau da, «Zatiketa», zuen izena, bere garaian zatitu baitzen mundua; anaiak, berriz, Joktan. Has 14,1
  • Filistearrek lurrez beteak zituzten Isaaken aita Abrahamen garaian honen morroiek zulatutako putzu guztiak. 5. Has 26,18
  • Abraham zaharra izan arren, Sara haurdun gertatu zen, eta semea eman zion, Jainkoak iragarritako garaian. Has 26,15
  • Izan ere, ardiak ernaltzeko garaian hauxe ikusten nuen ametsetan: ardiak ernaltzen zituzten ahariak marradunak, pintoak eta nabarrak zirela. Has 31,10
  • eta, bere inguruan zenbait gizon bildurik, taldeburu egina. Baina Davidek Hadadezer menderatu zuen garaian, Damaskora jo zuen Rezonek eta Damaskoko eskualdeaz nagusitu zen. 1 Erg 11,24

EPGko datuak, berriz, ez dira erabat gisa horretakoak. Jaso berri ditugunen ondoan, erreferentzia-mugatzailerik ez duen garaian (mugatu) soilok ere ikusi ditugu: idazleak ez du zehazten irakurleak zein garaitan kokatu behar duen diskurtsoan esana.

  • Garaian Nafarroako errege-erreginek eraiki zuten, iparraldetik heldu zen lanjerraz defendatzeko.
  • Bestetik, garaian hegoaldeko gazteekin genuen lotura mantentzen aritu ginen.
  • Garaian eskandalagarria bere mailako andere batentzat.
  • Garaian Seaskaren kolegioa ibiltaria zen, ez baitzuen egoitza finkorik.

Ezin da esan jasotzen ari garen azken hau joera nagusia denik, baina corpus horretatik kanpo ere, gure ikasleen lanetan ere, ikusten hasiak gara halakoak.

Gaiari osorik heltzeko oraingo ahalegintxo hau baino zabalagoa eta sakonagoa beharko litzateke, baina, labur beharrez, garaiko-ri ere begiratuko diogu (axaletik bada ere), honek ere gure ikasleen lanetan ere lekua du eta. Esate baterako, hemen:

  • Kantu lirikoa izateko asmoaz gain, garaiko giro kultural orokorra bildu zuen.

Bibliako itzulpenean bi adibideok bakarrik ikusi ditugu aztergai dugun garaiko-ren tankerakoak. Biek dute erreferentea zehaztua: dela izen elkartuko mugatzailea, dela erlatibozko perpausa:

  • Nire bake-garaiko jantziak erantzi eta erregutzaileen jantzi latza jarri dut: deiadar egingo diot Betikoari bizitzako egun guztietan. Ba 4,20
    Esaneko seme-alabei dagokienez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineten garaiko grina txarrei. 1 P 1,14

EPGko adibideetan, berriz ere, osagarririk gabeko garaiko soil asko ikusi ditugu:

  • Euskal artistek garaiko mugimenduari egin zizkioten ekarpenak ere badira erakusketan:
  • Paper Hotsak Gaztelupeko Hotsaken adarrak berreskuratu du Lopetegi, haren bertsoak eta garaiko testuingurua ezagutaraziz.
  • Kableen mozketa garaiko testuinguruan kokatzen du Josebak.

Oker egon gaitezke, baina gure gramatikaren eta OEHko 2 garai hiztegi-sarrerako adibideen arabera,  garaian, garaiko-k erreferentea mugatzeko osagarria eskas dute EPGko bestelako adibideotan; dela erakuslea (garai hartan, hartako…), dela izenordaina (NOREN garaian, garaiko…), dela erlatibozko perpausa…

Horrenbestez, gure ustea da 2 garai-k ezin dituela zerak denboran kokatu osagarririk gabe, zerak leku-denboretan kokatzeko darabiltzagun beste izen arin batzuek bezalaxe; demagun, aldi-k bezalaxe. Izen arinok osagarria dute eta osagarria berariaz adierazi behar bide da diskurtsoan.

Horren seinaletzat har daiteke, zehaztu ezean, entzuleak dena delakoa denboran kokatu ahal izateko argibideak eskatuko lizkiokeela solaslagunari:

—#Ane garaian bizi zen.
—Zein garaitan bizi zen Ane?

—#Martin garaikoa zen.
—Zein garaitakoa zen Martin?

Ez dakit garai honetako (eta honetarako) gogoeta egokia plazaratu dudan.

Erantzun bat “Garai hartan, garai hartakoa” bidalketan

  1. Ados. Osagarria behar duela uste dut nik ere, baina, “garaiko” izenlagunari dagokionez, baliteke gaur egun gauzak aldatzen hasita egotea.

    “garaian” biluzi hori bereziki deigarria gertatu zait, baina ekarri dituzun EPGko lau adibideak prentsakoak dira; alegia, ez dute zertan “ereduzko prosa” izan, Ereduzko Prosa Gaur corpusean agertzen badira ere (“Ereduzko Prosa Gaur” corpusa oso tresna interesgarria eta baliagarria da —nik, behintzat, maiz erabiltzen dut—, baina ez dut uste izenburua oso egokia denik, ez dut uste izena izanari dagokionik, ez bete-betean behintzat. “Ereduzko prosa” delako hori, zergatik da ereduzkoa? Corpus horrek bi sail ditu: bat “liburuak” izenekoa da. Hor dauden liburu guztiak zergatik diren ereduzkoak luze eztabaidatu liteke, eta ereduzkotzat har litezkeen beste asko zergatik ez dauden hor bada eztabaidagai polita, baina ez da oraingo gaia. Beste saila “prentsa” da, eta horko testuak ez dira, berez, “ereduzkoak”, sistematikoki sartuak baizik. Alegia, aldi jakin bateko prentsaren erakusgarri bat da, baina ez, berez, “ereduzkoa”).

    “garaiko” adibideak ere, azkena kenduta, prentsakoak dira. Baina badira beste adibide batzuk EPG corpusean, Elixabetek eman dituenez gainera. Ikus, adibidez, EPGn “garaiko giro” eskatuta (egileak goi-mailako idazleak dira guztiak):
    – Garaiko giro garbizale itogarritik irteten lagundu zuen, eta nazioarteko hitzei ateak erabat zabaltzeko deia egin zuen. [Koldo Zuazo]
    – Idazten ari ziren gidoia oso kritikoa omen zen garaiko giro politikoarekin. [Anjel Lertxundi]
    – Beharbada garaiko giro eta planteamolde esentzialisten propioa da “erlijiositate” orokor hori. [Joxe Azurmendi]
    – (…) eta hegoaldeko giro itogarri hartatik ihes eginda, New York izan zuen hil ohantze, haren larruan garaiko giro homofobiko eta arrazista jasanda. [Karlos del Olmo]
    – Ezbairik gabe, garaiko giro psikodelikoaren eragin handia jaso zuen Smile-k. [Iban Zaldua]

    Esango nuke adibide horietan “orduko”ren sinonimotzat erabili dela “garaiko” biluzi hori. Eta esango nuke, oraingoan irrist egiteko arrisku handia hartuta, gaztelaniazko “de la época”ren oihartzuna egon litekeela hor. Xeheago aztertzekoa litzateke zenbateraino dagoen zabalduta hori, eta noiztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude