Beñat Oihartzabal
Izan dut berrikitan, P. Urteren Grammaire cantabrique basque delakoaren eskuizkribuari soako baten emateko parada. XIX. mendearen azken urteetako argitalpena aspaldi hostokatua nuen, baina kuriostatea banuen eskuizkribua nola egina zen ikusteko. Hain zuzen, orain Sancho el Sabio fondazioko EMDk sarean irakurtzeko gisan ezarria baitu jatorrizko bertsioa, hartan ikuska ibili naiz. Lehenbizikiko orrialdeetan, Urtek letren ahoskeraren deskribapena egiten duen orrialdeetan, bada begia jo didan etimologia bat, euskaldun hitzari dagokiona. Honela dio Urtek u letraren ahoskera aipatzean: [1]
Qua silaban den u ere ondoriorik gabekoa da: esquäldúna ‘cantabre’; esqualherria ‘cantabrie, pays de cantabres’. Zenbaitek, ca edo ka, u gabe idatzia balitz bezala ahoskatzen dute qua, eta beste batzuek, escaldúna, eskaldúna idazten dute. Baina beste batzuek u ahoskatzen dute, hala nola latindarrek qua; haatik, azpiko hautsi-markarik gabeko c batekin izkiriatzen dute: escualdúna. Hitz hau, ‘main’ erran nahi duen escúa, eta ‘ayant’ edo ‘celuy qui a’ erran nahi duen aldúna hitzez osatua da. Horrela, diotenaren arabera, escualdúna dioenak ‘un homme tout main et tout bras’ dio, erran nahi baitu ‘un homme très agissant’.
Blog honetan berean, duela zenbait aste, euskaldun hitzaren osamoldeaz ari izan zitzaigun I. Segurola, eta bere dudak agertu zituen noizkoa zen euskalduna “euskara duena” dela dioen ipuina. Zahar-usain haundirik ez zion hartzen ixtorioari. Urteren etimologiak erakustera ematen digu, preseski, duela hirurehun urte ez zela hain argi euskaldun hitzak euskara izan zezakeela oinarrian. Alabaina, hark eskualdun hitzaren etimologiaz gogoeta egin zuelarik, ez zitzaion eskuara gogoratu, esku baizik, –aldun izanik orduan hitzaren beste osagaia (esku+aldun).
Ez dakit noizez gero onartua den euskalarien artean euskaldun hitza euskara hitzetik abiaturik eratua dela. Chahok argiki hala erran zuen bere 1836ko gramatikan,[2] baina ez du iduri mende bat lehenago holakorik aitzinatua izan zen, edo, orduko norbaitek jadanik egina bazuen, biziki zabaldua izan zen. Etxeberri Sarakoak, adibidez, Urtek bere gramatika idatzi zuen urteetan euskararen hastapenak goraipatu zituenak, ez zuen holako lotura formalik egin, nahiz argi zeukan eskualdun herriak zirela eskuaraz mintzo zirenak. XVIII. mendeko ezin baztertuzko erreferentzia den Larramendik ere ez zuen egin, ez behintzat, usteak engainatzen ez bainau, Arte delakoan, ez eta ere, ez modu argian behintzat, hiztegi hirukoitzean.
Baina itzul nadin ene harira: esku-ra.
Urteren gramatika ez zen bere garaian argitaratu, kasik bi mende geroago baizik. Eskuizkribua Ingalaterran izanki, ez zuten haren berririk izan, ez Larramendik, ez Chahok. Bizkitartean, bien lanetan ageri da euskara hitzaren oinarrian esku ezartzen duen ideia, Urtek ere, ikusi dugun bezala, beste gisaz, euskaldun hitza aztertzean lehenago agertu zuena.
Interesgarri da ikustea euskara izenaren oinarrian esku emanik, beren aldetik zer interpretazio egin zuten bi autoreek hitz honetaz, zer kolore eman zioten motibazioa azaltzerakoan. Larramendik honela zioen: [3]
Eusquera, escara, escuara significa modo de hablar manual, y libre, como si dixera escuera, escucoera, de era que significa forma, modo, y tiempo, y de escu, escua ‘mano’, y escuco ‘libre’, y dueño, eznaiz escuco ‘no soy libre, ni dueño de hacer algo’: todo lo qual quadra bellamente a la lengua vernacula, y materna. Al Bascongado generalmente llamamos Euscalduna, y à todo los paìses en que se habla el Bascuenze, Euscalerria.
Euskara hitzaz esku/eskuko+era azterketa eginez, Larramendik ez zion esku(ko) izenari Urtek bezalako interpretaziorik eman, haren arabera, libertatea eta eskukotasuna adierazten baitzituen. Herri hizkuntzaren izenean berean aurkitu nahi zituen kontzeptu haien zigiluak, harentzat aitzinako euskal herriari zegozkion hatzak.
Chahok, berriz, urrunago eraman zuen euskararen zahartasuna, ez baitzuen noizbaiteko Euskal Herrira mugatu, baizik ere giza mintzoaren urruneko hastapenetan kokatu, gizakia oraino eskuz mintzatzen zen garaietan. Etimologia jokoetan arau hertsiegirik gabe ibiltzea gustatzen baitzitzaion Chahori ere, Aitorren leienda Lara bardoari kontarazi ziolarik, ele hauek eman zituen haren ezpainetan: [4]
Eskua mihiaren laguntzailea da, eta haren lehenbiziko adiera lehenbiziko mintzairatik ezin bereizizkoa da. Jestua begiei mintzo zaie. Hotsak belarria jotzen du. Biak gogoari ari zaizkio. Zein populuk izan du, eneak baino goragoko mailan, elearen inspirazioa eta jestuaren eta pentsaeraren arteko adostasuna? Imitazioaren antze horrek, besoen, eskuen, erhien mugimendu kalkulatuek laguntzen zuten hizkuntza artikulatua, beharrez ordezkatzen: Eskuara izena eman zitzaien, erran nahi baitu jestuaren zientzia, eskuekin mintzatzeko artea. Hitz bera ene populuaren hatsarreko mintzairaren izendatzeko ere baliatu zen, eta haren beraren izena araberan eratu zen: Eskualduna!
Hiru euskalari, euskaldun edo euskara hitzez etimologia bertsua, zeinek bere aldetik aitzinatu zutenak, hiruek esku oinarritzat emanik. Bizkitartean, etimologia bakar horren gibelean euskaldunez eta haien jatorrizko eta berezko izaeraz hiru itxuratze desberdin, nozio adierazgarri batzuetan gorpuztuak: aritzea (Urte), libertatea eta beregaintasuna (Larramendi), giza hizkuntza agertu zen garaiko primitibotasuna eta jatorrizko hizkuntza-naturaltasuna (Chaho).
Iraganeko euskalarien etimologiek ez zuten beti hitzen erabidea arras zuzenki argitzen, bai, haatik, molde segurago batean menturaz, haien egileen eta hauen garaiko zenbait ikusmolde erakusten.
[1] Grammaire cantabrique basque [eskuizkribua, datarik gabekoa, baina 1716 ingurukoa], 11. argazkia. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/2105
[2] “Les Basques pyrénéens donnent à leur langue le nom de Eskuara; ils s’appellent entre eux Eskuaradun, ‘qui a, possède, connaît, ou parle l’idiome eskuara et par euphonie, Eskualdun.” Etudes grammaticales sur la grammaire euskarienne, Paris, 1836, 2. liburua, Grammaire euskarienne, 3. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=yObJHJK0p6YC&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false
[3] Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin, Donostia, 1745, sarrerako XIII. lerroaldea, xxvii. orr. Sarean: http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/1773
[4] Histoire primitive des euskariens-basques, Madrid et Bayonne, 1847, 179. orr. Sarean: http://books.google.fr/books?id=M0UOAAAAQAAJ&printsec=frontcover&hl=fr&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false