Iñaki Iñurrieta Labaien
Oskar Aranak eta Jesus Mari Agirrek euskara juridiko-administratiboaz idatzitako azken post-ak agertu aurretxoan, kasualitate hutsez, duela urtebete 2TZUL blogean idatzi nuen artikulu bati emandako erantzun bat ikusi nuen, iazko irailean idatzia. Erantzun anonimo oso laburra, lerro bat eskas. Bere anonimoan eta bere laburrean, ulertu nuen —oker, beharbada— esan nahi zuela erdararen mendekoegiak zirela nire proposamenak.
Patxi Petrirenaren Legeen izenez artikuluari eman nahi zion segida nireak (Legeen Izenez II). Patxik egoeraren azterketa egiten zuen euskarazko testu juridiko-administratiboetan legeak aipatzeko moduez, eta horretan dabiltzan itzultzaileek aurkitutako zailtasunak eta praktikan hartutako moldeak laburbiltzen zituen. Nik pauso bat eman nahi izan nuen bide horretan, proposamen bi eginez legeak modu funtzionalean izendatzeko, hizkera juridikoarekin eta legeekin egunero deman dabiltzan itzultzaileek proba zitzaten.
Artikuluotan ageri ziren administrazio-itzultzaileek jakinarazia zuten legeen kasuistika oso zabala zela, eta bazirela guk erabilitako adibideak baino askoz bihurriagoak. Ni neu ere, neure proposamenak praktikan jartzeko saio batzuk egin orduko, ohartu nintzen kontua ez zela batere erraza.
Hasieran aipatu dudan erantzuna aurkituz geroztik, pare bat buelta eman dizkiot berriro legeen izenaren kontuari.
Uste dut orain askoz modu bateratuagoan izendatu ohi direla legeak duela urte batzuk baino. Hala ere, ikusten dut legeak aipatzen direnean oraindik ere izenlagun-kate luzeegiak agertzen direla; hau da, oraindik ere baduela baliorik Jesus Mari Agirreren artikulu aspaldiko batean («Zuzentzaileen zeregina Administrazioko itzulpengintzan» Senez 19, 1997) emandako aholkuak: hizkera juridiko-administratiboan ez dela komeni izenlagun-kate luzeak antolatzea, hierarkia informatiboaren eta argitasunaren kaltetan baitoa.
Hortik zetozen nire proposamen biak, eta erantzule anonimoak ustez gaztelaniarekiko mendekotasuna ikusten zuen lekuan, idazle zaharren tradizio luze zabala ikusten nuen nik. Kontua hizkera juridiko beregaina lortzea baita. Gaztelania aldameneko zutabean izatea lagungarria da euskarazkoa ulergaitza gertatzen denean. Helburua, ordea, erdarazko bertsiora jo beharrik gabe ulertzeko moduko testuak izatea behar luke. Erdal kutsuari ihes egin nahiak, berriz, testu irakurgaitzak egitea ekar dezake, eta horren ondorioa da aldameneko erdal zutabera begiratzea, hots, funtzionaltasuna hari bakarrik aitortzea.
Eta horretan, legeen izenaren auzi honek badu esanahi erantsi bat (balio sinboliko bat, nahi bada): parlamentu edo legebiltzar guztiak, Botere Legegilearen gordetzaile eta erabiltzaile direnez, burujabetzaren adierazpide dira, han erabakitzen eta egiten baitira erkidego batek bere burua gobernatzeko arauak. Legeak dira horren emaitzarik behinena. Eta arazo larria da —ala ez?— geure parlamentuetan egiten diren legeen izena modu funtzionalean —beregainean— erabili ezina.
Hizkera juridikoa formulismoz betea da. Legeak izendatzeko modua da formulismo horietako bat. Horretan, funtzionaltasunaren izenean, hizkuntza-ingeniaritza, brikolajea edo nahi dena, baina egin daiteke zerbait, pentsatuz gero euskarak gai —beregain— izan behar duela geure buruari ematen dizkiogun legeen adierazpide izateko.
Nik beste arlo batzuetan baino egingarriago ikusten dut euskara juridiko-administratiboan horrelako erabakiak adostea eta aplikatzea. Esate baterako, argota asmatzea (?) edo adostea (!) baino egingarriago. Legebiltzar, parlamentu, gobernu, aldundietako euskara-arduradunak eta itzultzaileak ados jartzea ez zait hain-hain zaila iruditzen. Esparru formal mugatu jakin batez ari gara, eragile eta erabilera jakin batzuk dituen esparru batez.
Ados nago zure gogoetarekin, Iñaki.
Lege-itzulpenaren ekarpenak eta behaztopak nahikoa identifikaturik eta erregistraturik daude. Nire ustez, egiteke dagoen ariketa da pentsatzea ea nola antolatuko genituzkeen euskaraz, baldin botere betearazleak eta botere legegileak euskaraz hitz egingo balute, beste herrialde guztietako botere gehienek ele bakarrean eta hainbat herrialdeetan ele bitan (itzulpenez nahiz korredakzioz), eta zenbait estatuz gaineko egituretan hainbat eletan (Europar Batasunean, frantsesez eta ingelesez korredakzioz, eta gainerako hizkuntza ofizialetan itzulpenez) esan eta idatzi beharrekoak. Hau da, bi eremu izango genituzke, batetik, euskaraz sortutako lege-testugintza, bestetik, eusakarara itzulitako lege-testugintza, elkar hobetzen laguntzeko, eta elkarren gogoetekin euskarazko lege-testugintza hobea, morrontza gutxiagokoa, beregainagoa, egiteko. Itzuliz, batzuetan ezinezkoa da gogoeta hori egitea. Eta izenburutik beretik hasten dira zalantzak, ea horrela eman beharko ote genukeen beti, edo ea horrela antolatu beharko ote genituzkeen legeak izendatzeko formulak euskaraz…Izenburutik beherago, edo barrenago, egitura formalean nahiz materialean, zalantzak eta behaztopak ugariagoak dira…Plain englisharen bolada etorri zitzaigun behiala, eta eragin zituen hobekuntza batzuk. Hala ere, euskarazko itzulpenak, sarri, gaztelaniazkoak baino errazagoak iruditzen zaizkit niri.
“Hala ere, euskarazko itzulpenak, sarri, gaztelaniazkoak baino errazagoak iruditzen zaizkit niri”: ados erabat; hori ere ikusi izan dut hainbat aldiz, halako testuak irakurtzean.