Julia Marin Arteaga
Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860 – Badenweiler, Alemania, 1904). Herriaren dramaturgoa.
Nasdrovia, Txekhov obraren beste ipuin batekin natorkizue: Izaki babesgabea. Beste esperimentu bat zuekin konpartitzeko asmotan.
Trama
Ipuin honen protagonista emakume hitzontzi bat da. Egun batean, bankura doa bere senarrari (Xukin aholkularia) eskubide osoz dagokion diru kopuru bat erreklamatzera, hogeita lau errublo eta hogeita hamasei kopek gutxiago ordaindu baitizkiote lanetik kaleratu dutenean bost hilabete gaixorik eman ondoren. Bankuan, Rustinov zuzendaria topatuko du, oinazetan bizi da, hezueriak jota; baita haren laguntzaile Potxatkin ere, erretiroa hartzeko adinean dagoen agurea. Emakumeak lortuko du nahi duena bere erretolika amaigabeari esker.
Hizkuntz trataera
PERTSONAIA | ERREGISTROA |
Emakumea | Hizkera informala Azpeitiera |
Bi bankariak: Rustinov eta Potxatkin |
Batu neutroa |
Emakume honekin herri xehearen karikatura egin nahi izan zuen Txekhovek. Hizkuntzaren aldetik, behar genuen, beraz, hizkera bat aukera emango ziguna protagonistaren histeria bere betean agerian uzteko, bizkor-bizkor jarduteko modukoa behar zuen eta jolasa muturreraino eramateko gauza zena.
Aktorea (Alazne) errenteriarra da. Eskualde horretako hizkera ez dago oso urrun batutik, hortaz berehala baztertu genuen. Azpeitiera zen aukera paregabea, eta gainera bagenuen taldean azpeitiar peto-peto bat (Erika), aholkulari fina eta zorrotza bilakatu zitzaiguna. Ordu mordoxka bat eman genuen hirurok elkarlanean pertsonaia maitagarri hau eraikitzen.
Beste muturrean bankuko langileak ditugu. Onenak emanda daude biak, sasoia aspaldian dute galdua. Aspertuta bizi dira. Batu neutroan jardutea komeni zitzaigun, beraz. Nabarmentzeko modukoa da laguntzailearen pertsonaia egin zuen aktoreak (Freddy) ez dakiela euskaraz.
Interpretazioari dagokionez, bankuko zuzendariarena egiten zuen aktoreari (Juan Mari) batuan kosta egiten zitzaion eszena honen hasieran duen patxadatik bere onetik atera arteko bidaia egitea. Neurri handi batean, emakumearen hitz jarioak eragin behar zion emozio bilakaera hori. Azpeitierak zabaldu zion atea.