Paskual Rekalde Irigoien
Iaz, azaroan, Euskaltzaindiak XVII. Jagon jardunaldia egin zuen Baionan; gaia Euskararen oraina eta geroa Ipar Euskal Herrian izan zen. Hitzaldiak eta hizlariak anitz izan ziren, dela politikari (batto), euskaltzain, irakasle, irratietako langile, kazetari, kantari, bertsolari… Baita ikusle andana ere.
Erraten ahal da aski zorrotz ari izan zirela hara hurbildutakoak Ipar Euskal Herriko euskararen oraina zein den eta geroa zein datekeen azaltzen. Mamitsuak eta landutakoak izan ziren, orobat, parte-hartze gehienak.
Deformazio profesionalagatik edo jakin-minagatik, hizkuntzari ere erreparatu nion gutitan izaten baita, batera eta eskuar, horrenbertze ipar euskal herritar euskaldun eta euskaraz alfabetatu. Franko entzun nituen hizlarien ahotan brikolatu, desmartxa, irakaste-molde, numeriko, pleñitu, xifre… Hego Euskal Herriko hiztun anitzendako aski arrotzak, batzuk bederen.
Har dezagun han bildutakoen artean maizenik entzun nuena: brikolatu. Euskalgintzan ari direnak egunero «brikolatzen» ari direla erran ziguten. Frantseseko bricoler-etik hartua, gaztelaniaz bricolar edo hacer bricolaje genuke (RAEn ez da bricolar ageri; bai, ordea, bricolaje). Hiztegi Batuan ere tokia egin dio Akademiak. Nola erran hiztegian ez da ageri [«xitxuketa(n) ari izan» da eman dioten ordaina]. Ereduzko Prosa Gaur-en (EPG) behin ageri da bakarrik, Herria astekarian idatzirik.
Segi dezagun lerroan gibeletik heldu den desmartxa hitzarekin. Frantseseko démarche-tik hartu eta egokitua, hitzaren adieretako bat ‘gestio‘ edo ‘kudeaketa‘ da (adiera horretan entzun nuen barra-barra jardunaldian). Hiztegi Batuan oraino ez du tokirik, bai ordea Nola erran hiztegian. EPGn 39 aldiz bildu da: Herrian 28, Berrian 6 eta liburuetan 5.
Numeriko hitza ere behin baino gehiagotan entzun nuen. Baina ez zenbakiak aipatzeko, gaztelaniazko digital hitzaren ordain modura baizik. Frantseseko numérique-tik hartua, informatika arloan maiz erabiltzen den terminoa da: appareil photo numérique, information numérique… Digital badugu Hiztegi Batuan; ez, ordea, oraingoz numeriko. Nola erran hiztegian eta EPGn ere ageri da. Azken honetan 26 aldiz: 12 liburuetan eta 14 prentsan (eta horietarik gehien-gehienak Herrian). EPGren arabera, Itxaro Bordak Zeruetako erresuma liburuan «kamera numeriko» erabili du.
Eta lerro labur honen muturrean, xifre dugu. Frantseseko chiffre-tik hartutako hitz honek, bertzeak bertze, bi adiera hauek ditu: ‘zifra‘ eta ‘kopurua‘. Hiztegi Batuan ez da ageri (zifra, bai). Nola erran hiztegian erraten da Hiztegi Batuan ez dela bildu (eta zifra dela erabili beharrekoa). EPGn 137 aldiz agertu da, gehien-gehienak Herria astekarian idatziak.
Airean joaki diren usoak bezala harrapatutako hitz hauek goiti-beheiti, jardunaldi hartako hizlarien mintzoa, eskuarki, ez zaie arrotza gertatuko Hegoaldeko hiztunei. Jakin badakigu testuinguruak (eta frantsesa jakiteak, jakina) laguntzen duela, baina ez da ukatzen ahal frantsesetik egokitutako hitz horiek ez direla sobera hedatu Hegoaldera, mugan aduanazainek geldiarazi dituztelakoz nonbait. Alderantzizko bidea errazago egin dute gaztelaniatik zuzenean hartutako hitzek, muga erraz iraganez.
Bitartean, Iparraldeko euskaldunak Hegoaldera hurbiltzeko, Herria astekariak orrialde oso bat erabiltzen du. «Hegoaldean gaindi» sailean biltzen dira egunkarietako berriak, Aguxtin Errotabehere kazetari baigorriarrak emanak. Berri horiek ez daude nafar-lapurteraz edo zubereraz astekariaren gainerako sailak bezala; nagusiki euskara batua da, nafar-lapurteraren ukituarekin. Hegoaldea Iparraldera hurbiltzeko edo Iparraldeko euskaldunek Hegoaldea hobeki ezagutzeko bertze modu bat. Eta alderantzizko bidea noiz eginen dugu guk? Kontrakorik egiten ez den bitartean, brikolatzen segituko dugu.
Interesgarria da gogoeta. Egia da Iparraldera errazago sartzen zaizkigula zuzenean gazteleratik datozen “Hegoaldeko” hitzak, eta ohartu gabe erabiltzen ditugula. Alderantzizkoa ez da gertatzen. Hegoaldekoek gure erdarakadak ulertu behar lituzketela? Dudarik gabe; maiz oso hetsiak dira horri begira, eta xelebre batzuk bagina bezala begiratzen gaituzte (zergatik ez genuke alderantziz eginen?). Hala ere, Iparraldean ere ohartu behar dugu “desmartxa”, “numeriko”, “xifre” eta hitz horiek saihestu behar genituzkeela idatzizkoan bederen.
‘Brikolatu’ aditzak zuk diozun adieran bi agerpen baizik ez ditu Nola Erran hiztegiaren corpusean eta bi kasuetan aipu-marken artean ezarria da, erabiltzaileak hitza osoki beretu ez duelako marka hain segur. Gertaldi batean (E. Larrek egiten duen aipu bat), iragangaizki erabilia da, frantsesezko lehen erabilerari jarraikiz (‘xintxuketan ari izan’), eta bigarrenean (laborari sindikalista batek Herria astekarian) iragankorki: ‘zerbait antolatu edo arranjatu’. Bigarren adiera horretan, anitzetan metaforikoki baliatua da aditza (iturburu den frantses herrikoian bezala). Zuk Baionako jardunaldietan entzun duzun erabilmoldea bigarren jokabide horri zegokion, zorigaitzez, Iparraldean euskalgintzan ari direnek ez baitute lanean aritzeko bide egokirik eta ahal bezala aritzen baitira.
Hitz hori modako hitzetan sartzen dut nik, mementoan hasteko. Anitz badira holakoak (hizkuntza guzietan, baina gehiago menturaz gizartean ahulago direnetan), maizenik (ez beti, halere) mailegu hitzak edo kalkoak direnak euskaraz, eta kolpez garai batean, larrazkenean onddoak bezala, hedatzen direnak, ahozko mintzairan bereziki, usu erregistro edo erabileremu zehatzetan egonik halere (modaren efektua). Ardurenik, ez du irauten moda horrek, eta, hitzak erroak egiten ez baditu, zenbait urteren buruan indargabetzen eta desagertzen da. Ez dakigu ‘brikolatu’ aditzarekin zer gertatuko den. Gaur egungo euskalgintzaren egoera ikusirik, modak muga iragaten ez badu (eta zuk diozunaren arabera hala gertatzen da), nekez zabaltzen ahalko da, ene iduriko. Baina nork daki?
Asko gustatu zait “brikolatu” aditz hori. Laburra eta adierazahalmen handikoa. Euskaldun guztiontzat ulergarria. Eta, gainera, iragangaitz nahiz iragankor moduan erabiltzeko modukoa? Primerakoa! Gaztelaniaren eta frantsesaren eraginek kasu batzuetan Hegoaldekoon eta Iparraldekoen arteko komunikazioa baldintzatzen eta murrizten badute ere, egia da, halaber, euskara aberasteko ere aukera bikoitza eskaintzen digutela. Aprobetxa dezagun.
Oso gogoeta interesgarria, Paskual. Niri ere gertatu izan zait antzerakorik, baina ez dut inoiz izan zurea bezalako gogo ernea entzundako hitza harrapatzeko eta oroitzeko.
Baina Eneko Bidegaini esan nahi nioke ez nagoela ados hitz horiek sahiesteko agertzen duen asmoarekin. Ez dut uste hori ona denik inorentzako. Hori bai, idatziz bada, testuingurua ondo aukeratu, eta ahozkoa bada, beste horrenbeste, gehiegikeriarik ez gertatzeko.
Gehiegikeriak beti dira gogaikarriak, baina lekuz kanpoko txukuntasuna ere ez da hobea. Neurria topatu behar.
Ados? (bide batez, zenbat urte dira hitz hori Iparraldetik Hegoaldera zabaldu zela? eta zenbat lehenago Hegoaldetik Iparraldera? Edo, kasu biotan, benetako zabalkundea euskara batuari zor zaio?)
Brikolatu hitza gustatu zaizue hainbati. Eta badu bere berezitasuna. Baina Beñatekin ados naiz, modako hitza dela dioenean. Beharbada sartuko da, beharbada ez. Haatik, “numeriko”, “xifre” edota “desmartxa” ez dira onartuak hiztegi batuan, eta ez nituzke erabiliko idatzizko testu batean (ahozkoan malguago jokatuko nuke), bereziki Euskal Herri osora begirako testuetan. Ez dut uste hori lekuz kanpoko txukuntasuna denik.
Ez nuke astuna izan nahi, besteak beste ziur aski ados egongo naizelako Enekoren erabilera praktikoarekin (susmo hutsa da, baina hala uste dut).
Baina bere hitzen azpian dagoen filosofiak kezkatzen nau, alegia, “X” “Y” eta “Z” ez dira onartuak hiztegi batuan, ondorioz ez lituzke erabiliko.
Uste dut filosofia horrekin ez goazela ondo, areago, luzera begira oso txarto joango garela.
Funtsean uste dut ados gaudela. Ez nuke aditzera eman nahi Euskaltzaindiaren hiztegi batua biblia sakratu gisa kontsideratzen dudala, nihaur maiz ez bainaiz konforme hiztegian agertzen ez diren hitzei begira. Funtsean, badut asmoa noizbait halako hitz batzuei buruz hitz egiteko. Baina, preseski eta zehazki, ‘desmartxa’ eta ‘numeriko’ dira Iparraldetik kanpora zabalduko ez nituzkeen bi hitz.