Brikolatzen

Paskual Rekalde Irigoien

Iaz, azaroan, Euskaltzaindiak XVII. Jagon jardunaldia egin zuen Baionan; gaia Euskararen oraina eta geroa Ipar Euskal Herrian izan zen. Hitzaldiak eta hizlariak anitz izan ziren, dela politikari (batto), euskaltzain, irakasle, irratietako langile, kazetari, kantari, bertsolari… Baita ikusle andana ere.

Erraten ahal da aski zorrotz ari izan zirela hara hurbildutakoak Ipar Euskal Herriko euskararen oraina zein den eta geroa zein datekeen azaltzen. Mamitsuak eta landutakoak izan ziren, orobat, parte-hartze gehienak.

Deformazio profesionalagatik edo jakin-minagatik, hizkuntzari ere erreparatu nion gutitan izaten baita, batera eta eskuar, horrenbertze ipar euskal herritar euskaldun eta euskaraz alfabetatu. Franko entzun nituen hizlarien ahotan brikolatu, desmartxa, irakaste-molde, numeriko, pleñitu, xifre… Hego Euskal Herriko hiztun anitzendako aski arrotzak, batzuk bederen.

Har dezagun han bildutakoen artean maizenik entzun nuena: brikolatu. Euskalgintzan ari direnak egunero «brikolatzen» ari direla erran ziguten. Frantseseko bricoler-etik hartua, gaztelaniaz bricolar edo hacer bricolaje genuke (RAEn ez da bricolar ageri; bai, ordea, bricolaje). Hiztegi Batuan ere tokia egin dio Akademiak. Nola erran hiztegian ez da ageri [«xitxuketa(n) ari izan» da eman dioten ordaina]. Ereduzko Prosa Gaur-en (EPG) behin ageri da bakarrik, Herria astekarian idatzirik.

Segi dezagun lerroan gibeletik heldu den desmartxa hitzarekin. Frantseseko démarche-tik hartu eta egokitua, hitzaren adieretako bat gestio edo kudeaketa da (adiera horretan entzun nuen barra-barra jardunaldian). Hiztegi Batuan oraino ez du tokirik, bai ordea Nola erran hiztegian. EPGn 39 aldiz bildu da: Herrian 28, Berrian 6 eta liburuetan 5.

Numeriko hitza ere behin baino gehiagotan entzun nuen. Baina ez zenbakiak aipatzeko, gaztelaniazko digital hitzaren ordain modura baizik. Frantseseko numérique-tik hartua, informatika arloan maiz erabiltzen den terminoa da: appareil photo numérique, information numérique… Digital badugu Hiztegi Batuan; ez, ordea, oraingoz numeriko. Nola erran hiztegian eta EPGn ere ageri da. Azken honetan 26 aldiz: 12 liburuetan eta 14 prentsan (eta horietarik gehien-gehienak Herrian). EPGren arabera, Itxaro Bordak Zeruetako erresuma liburuan «kamera numeriko» erabili du.

Eta lerro labur honen muturrean, xifre dugu. Frantseseko chiffre-tik hartutako hitz honek, bertzeak bertze, bi adiera hauek ditu: zifra eta kopurua. Hiztegi Batuan ez da ageri (zifra, bai). Nola erran hiztegian erraten da Hiztegi Batuan ez dela bildu (eta zifra dela erabili beharrekoa). EPGn 137 aldiz agertu da, gehien-gehienak Herria astekarian idatziak.

Airean joaki diren usoak bezala harrapatutako hitz hauek goiti-beheiti, jardunaldi hartako hizlarien mintzoa, eskuarki, ez zaie arrotza gertatuko Hegoaldeko hiztunei. Jakin badakigu testuinguruak (eta frantsesa jakiteak, jakina) laguntzen duela, baina ez da ukatzen ahal frantsesetik egokitutako hitz horiek ez direla sobera hedatu Hegoaldera, mugan aduanazainek geldiarazi dituztelakoz nonbait. Alderantzizko bidea errazago egin dute gaztelaniatik zuzenean hartutako hitzek, muga erraz iraganez.

Bitartean, Iparraldeko euskaldunak Hegoaldera hurbiltzeko, Herria astekariak orrialde oso bat erabiltzen du. «Hegoaldean gaindi» sailean biltzen dira egunkarietako berriak, Aguxtin Errotabehere kazetari baigorriarrak emanak. Berri horiek ez daude nafar-lapurteraz edo zubereraz astekariaren gainerako sailak bezala; nagusiki euskara batua da, nafar-lapurteraren ukituarekin. Hegoaldea Iparraldera hurbiltzeko edo Iparraldeko euskaldunek Hegoaldea hobeki ezagutzeko bertze modu bat. Eta alderantzizko bidea noiz eginen dugu guk? Kontrakorik egiten ez den bitartean, brikolatzen segituko dugu.