Enkargua

Iñigo Aranbarri Alberdi

Denboralea generaman elkarrekin hitz egiteke. Segituan ezagutu nuen ahotsean.

—Fabore bat eskatzeko hots egin diat. Nahi baduk bidali nazak txoritara, baina utzidak hitz egiten.

Ezagutzen nuen. Ez ninduen harritu.

—Kontua duk ikasleak literaturara biziatu nahi ditudala, baina klasikoekin. Badakik, baina hasten haiz, eta dena duk Jainkoa, bekatua eta Miserikordiako madrea. Eta hala ez duk erraza. Horregatik pentsatu diat beharbada idatziko hidaala testu bat, hik egina, baina zaharren maneran, ez antzemateko moduko apokrifo bat.

—Adarrean ari haiz.

—Nahiago nikek.

Apokrifoa. Zuzen zebilen. Bidali behar nuen txakurraren salara.

—Hago. Hago pixka batean. Pentsatu diat ederra litzatekeela, ariketa egiten hasita, bazakiat asko eskatzea dela, baina gure gaur egungo eredutik aldentzea.

Hau ergela duk, pentsatu nuen neure artean.

—Esan nahi diat, erronka ederra dela idazle batentzat gaur ez bezala idaztea, ezta? Konparazio batera, Azkueren lexiko garbizaleari ihes eginda, Altuberen joskera estuari xirkoa eginda… ulertu didak, ezta?

—Ulertuko ez diat ba.

—Eta?

Isiltasuna.

—Emadak pare bat egun. Pentsatuko diat.

Epela naiz. Ez dakit zergatik esan nion pentsatuko nuela erabakia banuen, beharbada sinestuta nengoelako idatziz errazago esango niola topatzeko beste bat, ez zitzaidala ezer ateratzen-eta.

Nola ez dakidala, sukar gaizto batek harrapatu ninduen, ordea. Ordubete baino lehen, haren helbidea jotzen ari nintzen e-postan:

«Aitasantu berriarena ikusita, zer moduz San Frantziskoren hagiografia batekin ahaleginduko bagina? Hori bai, utzidak behintzat gaur egungo grafia erabiltzen. Ikasleek eskertuko ditek».

Ez dut erremediorik. Beroa zer den. Erantzuna jasotzerako, prest nituen aurreneko lerroak.

Altuberen sintaxiari ostikada eta Azkueren hiztegiari gibelekoa, aurreneko esaldian zihoazen. Jolas polita zen.

Berehala bidali nion lehen zatia:

Zen San Frantzisko animoso, goapo, garboso eta goranahia, eta hala bizarroki portatzen zena guzietan. Zuen arreba bat monja deskalza Gandian sandaren fama zuena. Honi eskribitzen zion aitak, nola bere anaia Frantziskok aitzinamendu asko ikusten zuen bere estudioetan Parisen, baina gastu anitz ematen ziola.

Urduri itxaron nion erantzunari. Ez segitzeko esango zidala, banekien. Nola esango zidan zen kontua.

Erantzuna ez zen nik esperotakoa izan baina.

«Ez nazak horrela utz, segi mesedez».

Bigarren zatia hurrengo egunean bidali nion:

Venezian enpleatzen zen asistitzen eriei ospitalean; eginez behar ziren zerbitzu guziak hain nola Kristo berari. Bertzeen artean zen bat llagaz, materiaz usain gaixtoz gogaitz ematen ziona. Sanduak garaitzeko, zer egin zuen? Begiratutz pobre hura, nola balitz Kristo bera, aplikatu zuen bere ahoa llagara, txupatu zion materia zeriona, eta azio honen kausaz egin zion Jangoikoak grazia, ez sentitzeaz handik aitzina gogaitzik batere halako lanetan, baizik debozio eta gustu.

Klasiko gore bat. Ez zegoen kexatzeko. Ordenagailua itzali eta ohean sartu nintzen. Zornetan zupa eta zupa ahoa. Hor zuen gazteak amuan harrapatzeko beita. Hurrengo egunean bidali nion falta zena. Harrezkero ez diot telefonorik hartu. Emailak heldu ahala ezabatzen dizkiot. Ikasleek zer pentsatzen duten, ez dakit.

Frantzisko ez dela Asiskoa, Xabierkoa baino, irakurri eta batera jakin zuen. Testua ez dela nirea, gaur.  Egilea Joakin Lizarraga da, Elkanoko erretorea.

Akatuko nau.

Txikitako hitz txokanteak

Juan Luis Zabala Artetxe

Txera samur bat diet haurtzaroko elebitasun basati samar eta azalpen filologiko gutxikoan aldiro-aldiro txokatuta uzten ninduten hitz batzuei: txoka(t)u txoka(t)uta – txokante, antojua (eman) – antojagarri, xelebre, inuzente, kurioso-kurioso, sikiera, apenas, akaso, famatu… Gaztelanian dute jatorria guztiek, baina ez dira mailegu hutsak, mailegu moldatuak baizik, antzaldatzeraino bihurrituak.

Horietako batzuek ez dute lekurik egungo euskara batuan; beste batzuk zabaldu dira erabilera arautuetara, baina ez dira beti zuzen erabiliak izaten. Delikatuak dira, izan ere, gorputz batetik bestera pasatutako organoen antzera.

Adibide batzuk jartzea pentsatu dut, eta kasu batzuetan egiten diren akats nagusien berri ematea, nire senaren arabera betiere:

  • Txokatu (egin) zait zu hemen ikustea.
  • Txokatuta nago zu hemen ikusita.
  • Oso txokantea da zu hemen ikustea.
  • Antojua ematen didate zuk egindako babarrunek.
  • Zuk egindako babarrunak antojagarriak dira.
  • Ondo xelebrea duk hire egoera, hi heu bezain xelebrea ia-ia!
  • Zer inuzente klase haiz hi, halakoa? (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako inocente-ren baliokide moduan erabiltzea; ergel eta gaizto hitzen adierak batzen dituen hitz gaitzesgarria da, nire senaren arabera, inuzente.)
  • Kurioso-kurioso utzi ditu arropak ohe gainean. (Txukun-txukun utzi dituela adierazteko, jakina; ez jakin-minez.)
  • Sikiera zu ikusterik banu! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako (ni) siquiera-ren baliokide moduan erabiltzea: Ez daukat sikiera zu ikusterik ere*.)
  • Apenas kantatzeko gogo handirik geratu zitzaion, hartu zuen muturrekoa hartu eta gero! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako apenas-en baliokide moduan erabiltzea: Ez zaio apenas kantatzeko gogorik geratu, hartu duen muturrekoa hartu eta gero*.)
  • Akaso neu ere joango naun. (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako acaso-ren baliokide moduan erabiltzea: Hiri laguntzeko ez balitz, lan hauek hartuko nituela uste al dun akaso?*.)
  • Asko famatu zidaten mediku hura, baina ez zion nire gaitzari antzeman! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, famatu aditza ‘ospetsu egin’ adierazteko erabiltzea: Xaguei buruzko ikerketak famatu zuen zientzialari hura*.)

Eta nola segurua den oker eta motz aritu naizela, zuen oharren zain geratzen naiz.

Txakur-bizimodua

Idoia Santamaria Urkaregi

aho-zabalka

Minutu bat, mesedez. Ea kafeak esnatzen nauen.

A ze gaua, alajaina. Hara orain; hemen dabil, otzan-otzan, kafe egin berria niri katilura ateratzen. Ohiko liturgia. Errudun sentitzen den guztietako penitentzia. Hilabete pasatxo darama aztoratua gure Mari Larrik. Azken bi asteak, erretxindua; herenegundik, berriz, antsietateak jota zeharo. Baina atzokoak marka guztiak hautsi zituen.

Bere mahai horretan bizi da aspaldi. Tira, beti izan da berezia mahai hori; ni hemen bizi naizenetik bai behintzat. Batzuetan —azken hilabetean, esaterako—, papertzarrez gainezka (gero, telefonoz berriketan ari denean, berriz esango du ez duela ia paperik erabiltzen: zera!); beste batzuetan, berriz, ebakuntza-gela bat baino esterilizatuagoa: bukatutako lanen karpetak —urdinak beti— mahaiaren ezkerraldean, bata bestearen gainean, txukun-txukun; haien ondoan, IRAKURTZEKOAK dioen kartoi baten azpian, beste tontor gero eta garaiago bat; eskuinean, lan hasiberrian behar dituenak eta egutegi txiki bat, zenbaki gehienak zirriborratuak dituena: medikua; bilera; aita; albaitaria (dios! ahaztuko ahal zaio!); masajista; ikastaroa; masajista (bai, berriz; maiz joaten da, ni ere susmoa hartzen hasita nago…). Egutegiaren ondoan, zapi txiki bat, zapi bera beti, ordenagailuaren pantailan pilatzen zaizkion hauts-pinportak kentzeko; eta errotuladoreak —punta finekoak—, ordenagailuaren ondoan: urdina, gorria eta beltza. Hiru beti, eta mahai gainean; ez gainerako errotuladore eta boligrafoak dituen potoan, ez, mahai gainean. Kafe-kikara, zuria beti, beti bera, eskuinean, ur-basoaren ondoan.

Makina bat ordu emana naiz ni mahai horren azpian. Leku atsegina da, ez pentsa, siestarako goxo-goxoa; lo-kanta ederra da ordenagailuaren xurrunga epela. Kontuz ibili beharra daukat, hala ere. Mahai gaineko ordenaz gainera, mahai azpikoa ere errespetatu beharra dago Mari Larriren etxean, ez baduzu nahi bat-batean ostiko bat hartu muturrean: ezin gehiegi hurbildu mahai azpiko kableetara, urduri jartzen baita bestela, ordenagailua itzaliko ote zaion beldurrez edo (a, Madame Ordenagailu: ez da traste sakratuagorik etxean). Oinen ondo-ondoan ere hobe ez jartzea; ez dago lo egiterik haren oinen zirkin urduri etengabeekin. Lo egitea, bai, baina, horretarako, haren bakarrizketara ere ohitu beharra dago. Batzuetan, behin eta berriz errepikatzen ditu esaldi batzuk, ozen, doinua aldatuta; edota beti berdin, mantrak balira bezala, pantailari so; beste batzuetan, tupustean, hor ekiten dio garrasika: «zer ostia?» «¿sin perjuicio de qué?» «kaka, zer du orain Wordek?» Adi halakoetan, benetan arriskutsu bihurtzen da-eta mahai azpiko oin-dantza. Atzo ere, eskapada ederra, biraoak abisua emanda.

Esana dut hilabete osoa daramala aztoratua. Itzulpen-eskaera bati baietz esan, itzultzen hasi eta lanari ekin bezain pronto hasi ziren komeriak (hori ere ez da berri-berria: aurrena lanari baiezkoa eman, eta gero hasten da kontuak ateratzen; ez dut sekula ulertu: badu zerbait zenbakiekin larriak larriagotzen dizkiona). Hasi zen lanean halako batean, baina behin eta berriz altxatzen zen aulkitik —ohi baino askoz sarriago—, sukalderako joan-etorri etengabean. Kafe bat. Ura. Txokolatea (alarma guztiak keinuka hortxe). Garbigailua. Arropa zabaldu. Aulkira berriz. Joan-etorri bakoitzarekin, ostiko bat. Eskerrak txokolate-apur batzuk erortzen zitzaizkion tarteka mahai azpira. Galtzaren barrenetik tira egin behar izan diot ia egunero, behingoz kalera atera eta maskuria hustuko banuen.

Horrela eman dugu azken hilabetea etxean. Penagarri. Paranoiaren mugan. Gero eta txokolate gehiago berak, gero eta paseo gutxiago nik. Atzo iluntzean, berriz, hekatonbea. Mahai azpian nengoen ni, epel-epel, erdi lo, izkina batean kiribilduta, eta, halako batean, mugimendu urduri errepikakor bat sumatu nuen buru gainean. Han ari zen nonbait gure Mari Larri, tekla bat sakatu eta sakatu. Brastakoan altxatu zen aulkitik, eta iruditu zitzaidan arnasestuka zihoala korridorean barrena. Telefonoz hizketan ere entzun nuen, baina ez nintzen mahai azpitik mugitu, badaezpada. Konturatu nintzen, hala ere, ez zela jada entzuten mahai gaineko ordenagailuaren xurrunga. Akabo. Madame Ordenagailuren konspirazioa. Kable-mugimendu bat nire ondoan, eta, danba, etxeko atea zartako batez itxita alde egin zuen doña Paranoiasek. Handik gutxira itzuli zen: atearen danbatekoa, alde egiterakoan bezalakoxea. Ni, zer gerta ere, mahai azpiko neure txokoan, geldi-geldi. Mahai gainean zebilen zarata entzunda, laster konturatu nintzen beste Madame bat ekarri zuela etxera. Ondo ezagutzen dut xurrunga sor hori. Baina horrekin ere ez zen lasaitu gure Mari.

Gainera, eta hau berria da, edaten ere hasi dela uste dut. Ez dakit zenbat denbora eman duen bart telefonoan, ordu txikietan, euskalbar gora eta euskalbar behera, isildu gabe, artzain-txakur bat txapelketa garaian baino urduriago. Taberna berriren bat, nonbait. Eta parte onekoa ez, efektuei begiratzera.

Kezkatzen hasita nago, hara. Ea kafeak baretzen duen.

Poetak ez dira itzultzaile onak

Gotzon Egia Goienetxea

Osip Emilievitx Mandelstam (1891-1938) XX. mendeko errusiar poeta onenen artean dago, aditu gehienen iritzia sinestera. Poesiaren uhin akmeista besarkatu zuelarik, haren ordezkari gorena izan zen, Anna Akhmatova, Nikolai Gumiliov eta Mikhail Kuzminekin batera. Poesia kultura unibertsalaren oroimina da beretzat, hitzak materiaren ahots dira, eta ahotsaren materia, harria. Hitz zuzen eta argiak maite ditu. Ez du sinbolisten bidea onartzen, haien ikuspen erlijiosoa, beste munduaren alderdi ezkutuak etengabe aditzera eman nahi hori.

Gaztaroan, boltxebikeen iraultzaren aurretik, ikasketak Frantzian eta Alemanian egin zituen. Iraultzaren osteko lehen urteetan, haurrentzako ipuin laburrak eta itzulpenak eginez irabazten zuen bizibidea. Bere burua outsider-tzat hartu zuen beti, berehala izan zituen arazoak agintari boltxebikeekin. Jazarpen propagandistikoa hasieran, gogortzen joan zena; Armeniara joan zen, gauzak baretuko ote ziren… Horrela, 1932an Stalinen aurkako poema bat idatzi zuen arte: handik aitzina, sobietar boterearen esetsaldi atergabea ibiliko zuen orpoz orpo. Askok diote, baina, epigrama bera baino larriago izan zela Aleksei Tolstoi sobietar idazleen buruzagiari 1934an eman zion masailekoa, auzi eztabaida hutsal baten erdian. Batera izan zein bestera, atxilo hartu zuten, lehenengoz, 1934an; deserrira bidali zuten, Ural mendien bazter ezkutu batera lehenik, Errusia erdialdeko Voronezh hirira gero, hiru urtez. Moskura itzulita, ostera preso altxatu zuten 1938an; hotzak eta goseak hil zen, urtearen amaieran, Ekialde Urruneko Vtoraya Rechka kontzentrazio esparruan, Vladivostoketik hurbil.

Haren alargun Nadezhda Mandelstam-ek Itxaropen guztien aurka oroimen liburuan bildu zituen senarrarekin batera ibili zuen bizialdi oinazetsua. Ihesaren eta miseriaren oldarraren erdian, hausnar egiten du literaturaz, gizatasunaz, poesiaz eta itzulpenez. Gauza gogorrak esaten ditu itzultzaileen gainean, senarraren iritziak bere hitzetara bilduta:

«Itzulpen prozesua guztiz sorkuntza poetikoaren alderantzizkoa da (…) Ez dut horrekin aipatu nahi, jakina, poeten fusioen mirakulua, Zhukovskirenean edo A. K. Tolstoirenean gertatzen dena, itzulpenak arnas berri bat dakarrenean gure poesiara (…) Halako arrakastak benetako poetek bakarrik lortzen ahal dituzte, eta horiek ere, gutxitan. Itzulpen soila ekintza arrazional bat da, hotza, bertsogintza soil bat (…) Itzulpen lana kontraindikatua zaio benetako poetari, poesiaren sorkuntza eragoztera ere iristen baita.(…)

Bolada batez, gure herrian poesia irakurtzeari utzi zion jendeak. Akhmatovak hala esan zuen horretaz: «Benetako poesiaren izatasuna da horrenbesterainokoa, non ordezko zerbait behin irensten duena pozoituta gelditzen baita betiko». Orain ostera irakurtzen da poesia, inoiz baino gehiago, jendeak ikasi baitu itzultzaile lanbidearen emaitza guztietatik bereizten».

Sinetsita hitz egiten dute Mandelstamdarrek pasarte horietan, benetako poeten talaiatik, goitik behera begiratzen digute traduktore aizundu eta faltsutzaileoi. Ez dira bakarrak, zoritxarrez: esango nuke letren hierarkia hori (goien, idazleak; behean, itzultzaileak) ikuspen zabaldua dela, gure artean ere, kirol izpiritu batek gobernatuko balu bezala egileen sailkapena. Idazle izan gaitezke mundura jaiotakoak, baina, horra, batzuek ez dute inoiz sormenaren Parnasora sartzeko giltzarik aurkituko, eta, besterik ezean, itzulpenak egitera ikusiko dute mugatuta beren arrunkeriazko existentzia. Hitz batera, idazle izateko balio ez duenak, itzultzaile izatera nahikotu beharko du. Alderantziz, jakina, Parnasoren giltzak sakelan dituenak ez du debekurik, ez mugarik, itzulpenaren ogiari kosk egiteko, behar duen guztietan, goseak hartara estutzen badu.

Agian, bizi beharrak bultzaturik egindako itzulpenen kalbarioaz ari da Mandelstam, itzulpengintza hain estimu apurrean hartzen duenean, urtetan bizibidea eman dion langintzarekin hain esker txarreko azaltzen denean. Poesiaren barne iturria ahitua aurkitzen zuenean, Mandelstamek frustrazioz beterik atxikitzen zituen ogibidezko itzulpen haiek. Etsipenaren gailurrera iritsi zen 1928an, Till Eulenspiegel, Herbehereetako eta Alemaniako folkloreko kontakizunaren bigarren argitalpen bat itzultzeko eskatu ziotenean. Lehen edizioaren itzultzailearen izena jartzea ahaztu zitzaion Mandelstami; plagio salaketa bat jarri zion hark, eta, atzetik, sobietar agintarien susmo guztiak abiatu ziren Mandelstamen urratsak gertutik zelatatzera. Armeniara joateko garaia heldu zen, baina nori itzuriz? Sobietar jazarpenari ala itzulpenaren lokatzetan zikintzera behartutako poeta zapuztuari?

Poeta onak, gehienetan, itzultzaile kaskarrak izaten dira. Okerrenak, itzulpena zer den ulertu gabe ere itzulpengintzan aritzeko oilarkeria dutenak. Zorionez, salbuespenak badira, noski; hor dugu Gabriel Aresti bat, edo hor dugu itzultzaileen lana eskuzabaltasunez begiratzeko adimena zuen Jorge Luis Borges bat:

«Yo he sido inventado por mis traductores. Y los prefiero, ya que salgo muy mejorado».

Justo R. Molachino, Jorge Luis Borges, Jorge Mejía Prieto, Borges ante el espejo

Aukera elemenia dugu

Iñigo Errasti Aranbarri

Sarritan aipatzen den gauza da bide-seinale lagungarri gertatzen direla –hala esaldien katea antolatzeko nola irakurleari bidea erosoago erakusteko– kasuan-kasuan perpausen aurrean jartzen diren markak: nahiz (eta), zeren (eta), baldin (eta), nola…-(e)n, ezen

Perpaus mailako aurrekarien saila, beraz, pentsa litekeen baino ugarixeagoa da. Sintagma barruko antolaketari dagozkionak, berriz, ez dira hein berean ugari; alegia, izenaren inguruko osagaiak zurrunago-edo direla beren kokalekuetan.

Dena dela, gaurko ekarpenean, ugaritasuna adierazteko erabiltzen ditugun zenbait osagai azaldu nahi nituzke, azal-azaletik bada ere, eta erakutsi badela, haien artean, ezker-eskuin jokatzeko modua ematen duenik.

Ugaritasuna adierazteko, bada, aukeran ditugu baliabideak; zenbatzaileetatik hasi eta izen, izenondo nahiz adizlagunetaraino: asko, anitz, ugari, franko, pila, pilo, mordo, hamaika, makina bat, ezin konta ahal(a), samalda, andana, elemenia

Haietariko batzuek, leku finkoa dute izenaren inguruan: ugari, esaterako, izenaren eskuinean kokatzen dugu, nahiz eta bestela jokatzen duen adizlaguna denean.

Beste batzuek, euskalkien arabera hartzen dute posizio bat edo bestea:

Asko matel-hezur gorritu ziren eta asko begi argitu (Laffitte).

Lotsagabe begiratzen zioten kalean oztopatzen zitun mutil gazte askok (T. Agirre).

Egia esateko, hegoalde guztian ere erabili izan da (eta, inoiz, erabiltzen da) asko izenaren aurretik, baina esango nuke izenaren ostean jartzen dugula, nagusiki, gaur egun.

Hala ere, bi horiek bezain arruntak ez diren beste batzuk aipatu nahi nituen, erdaretako izen-esapide «jasoagoen» ordain legez erabiltzen direnak: multitud, infinidad, gran número, una lluvia de, une série de, une suite de

Halakoetarako, besteak beste, andana (bat), samalda (bat) edo elemenia (bat) dauzkagu. Badakit ez direla elkarren sinonimo peto-petoak, baina, adiera batean, esparru semantiko berekoak direla esan liteke.

Printzipioz, aurretik hartu ohi dute hirurek izena:

Gobernamenduak ororen sakelatik atxik bitza mota guzietako eskoletxe andana bat. (Buruxkak)

Han etorri zitzaion aingeru-arkitekto samalda bat. (Sagua, eulia eta gizakia)

Eta berehaha bidera atheratu zitzaioeten gizon elemenia batekin. (Testament zaharra – Duvoisinena)

Hirurotariko batek, ordea, badu izena eta haren osagaiak bere eskuinean kokatzeko aukera. Eta, halakoetan, aurrekari moduko bat dela esan genezake:

Bere bekhatu-oste izigarria, elemenia bat bekhatu, bereak eta bertzerenak, egundaino menturaz kontutan hartu etzituenak. (Meditazioneak gei premiatsuenen gainean)

Horrek, behar dugunean, aukera ematen digu izen sintagma konplexuagoak eskuinean kokatzeko, elemenia bat aurretik jarriz bide-seinalearena egiten nolabait; edo balio lezake, bestela ere, izen sintagma konplexu baten osagaiak elemeniaren ezker-eskuin banatzeko:

(…) jaio, hazi, ugaldu eta hilko ziren elemenia bat izakiz hornitua (…) (Sagua, eulia eta gizakia)

Ereduzko Prosa Gaur eta beste zenbait bilatzailetan begiratuta, ikusi dut ez dela andana/samalda bikotea bezain ugari agertzen elemenia, eta horrexegatik ekarri dut hona, baten bati baliagarri gerta dakiokeelakoan. Barkatu txarto esanak.

Hitzak

Jesus Maria Agirre Berezibar

ETC corpusaren berriak hitzen kontua ekarri dit gogora. Gogoratu dit, batetik, oraintsu Itzul zerrendan iraunkor, jasangarri, sostengagarri dela-eta izan dugun eztabaida luzea, eta bestetik, duela bi urte Xabier Amurizak gure gaur eguneko hiztegiez egiten zuen salaketa. Hitzen auzia, beraz.

Uste dut bide gorabeheratsua egin dugula arlo honetan batasunaren hasieratik, edo agian hobe dut esatea denborak bere bidea egin digula hitzen errealitatea inposatuz. Nondik gatozen ikusteko, gogora dezagun Euskaintzadiak 1959an, garbizaletasunari galga jarri nahirik, egindako adierazpena: «Euskal hitzak dira euskara bizian sustraituak daudenak». Gero, batasuna abiatuta, beste ertzetik, galga maileguen uholdeari ezarri nahi izan zitzaion (Ibon Sarasola, Euskal hitzez, 1989): «Gurea bezalako hizkuntza txiki eta menderatuek garbizaleak izan behar dute. Hori da munduan zehar legea. (…) Txikiak, indargabeak ezin du eskuzabalki jokatu. (…) Gaztelaniaren adigai-egitura gure hizkuntzara aldatzen ari gara, besterik gabe. (…) Euskararen erdalduntzea euskararen galtzearen prozesuaren beste aldea besterik ez da».

Hamarkadak pasa dira, eta orain Xabier Amuriza datorkigu salatzera garbizaletasunak gure artean bizirik dirauela eta gure egungo hiztegietan «sinonimoen eta antzekoen ugalmenak, argitasuna baino areago, kontzeptua zorabiatzea dakarrela» (Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 2011), eta datorkigu aldarritzera geurenagatu behar dugula eskrupulorik gabe mendebaldeko ondare komuna (gaztelania, frantses eta ingelesak erkide dutena), hitzak «argiak eta bereiziak» izan daitezen. Eta gure egoeraren diagnostiko moduko bat ere utzi digu: «Jakina da euskararen garapena estrangulaturik gelditu zela, garbizaletasun fundamentalista zela bide. Euskal hizkuntzalaritzan autoritate sakratu bat bilatu behar balitz, askok Mitxelena aipatuko lukete. Sarritan entzun dut Mitxelenak erdibidetik jo zuela. Hori egia bada, erdibidea ez ote zen leundu nahi zen mutur-bidea baino okerragoa? (…) Oraindik erdibide suizidatik irten ezinik gabiltza» (Euskara batuaren bigarren jaiotza, 2010).

Hitzena da euskaran nire ahalegintxoetan gutxien landu dudan arloa. Beste atal batzuetan bezala, lanean eta urteetan aurrera egin ahala, hemen ere ibilbide intuitibo bat egin dut, jarrera itxi edo garbizaleagoetatik jarrera ireki edo maileguzaleagoetara. Bestalde, iruditzen zait beti egongo direla garbizaleak eta ez hain garbizaleak, hizkuntzak berea baitu dialektika hori.

Nolanahi ere, inpresioa dut ikuspegi-aldaketa handi bat gertatu dela gure artean lehendik orainera: lehen erdigunea hizkuntza genuen batez ere, eta orain, ordea, hiztuna edo hizkuntza-erabiltzailea dugu gehiago. Alegia, ondorioztatu dugu hizkuntzak tresna hutsak direla, eta komunikazio-beharrizanak, ordea, hiztunek dauzkatela eta hizkuntzak beharrizanok asetzeko balio behar diela. Ikuspuntu honetatik, uste dut gaur hizkuntza-erabiltzaile asko lehen baino maileguzaleago dela ez utzikeriagatik edo setakeriagatik gehienbat, baizik eta agian helduago, jakintsuago, konformagaitzago edo libreago delako. Nik behintzat, hiztegiek ematen didatenak asetzen ez banau, mailegura jotzen dut lasai asko.

Igone Zabalak Corpusak eta hiztegiak artikuluan dio «hiztegien eta corpusen arteko harremana gurpil zoro baten modukoa dela», corpusek erabilera jasotzen dutelako, bai, baina hiztegiek baldintzatutako erabilera. Euskal hiztegiak, gaurko egoeran, oro har nahiko garbizaleak dira, euskararen argazki partziala ematen digute, baina hizkuntza-erabiltzaileok ezetsi ere egin genitzake hiztegien proposamenak. Corpusek emango digute, Igone Zabalaren hitzetan, «euskaldun asko eta askoren erabilera partekatu errealaren berri», eta horietan elikatuta osatuko dira hiztegi berriak. Eta dialektika horretan egingo dugu aurrera, beste arlo batzuetan bezala, hitzen kontuan ere, gero eta argazki osoagoa lortuz. Ongietorria, beraz, ETC corpusari.

Objxedeak eta beste…

Oskar Arana Ibabe

Abiatu naiz ikertzera ea zein den egokiena objeto del contrato emateko baliatu izan ditugun kontratuaren xede, kontratuaren gai, kontratuaren helburu eta kontratuaren objektu ordainen artean, ustez eta inkoherentziaz jokatzen genuela.

Eta ondorioa atera dut polisemia bitxi baten aurrean gaudela.

Hara zergatik:

Kontratuen teoriara jotzen badugu, eta kontratuaren objektua zer den definitu behar badugu, Deustuko Unibertsitatearen Betebehar eta kontratuei buruzko zuzenbidea [1] liburuan aipamen hau aurkituko dugu.

«Kontratuaren objektuaz ari dira KZren 1271 eta 1273. artikuluak. Horien arabera, gauzak eta zerbitzuak izan daitezke kontratuaren objektu. Horrek berez ekartzen digu gogora aurreko gaietan prestazioaren objektuari buruz azaldutakoa. KZren 1261. art.aren arabera, materiazko errealitateak eta errealitate juridikoak kontratuaren objektutzat har daitezke, baldin eta errealitate horien gainekoak badira kontratua bera eta horrek alderdiei eratxikitzen dizkien betebeharrak. Horrela definituz gero, kontratuaren objektua eta prestazioaren objektua (hau da, betebeharren muina) bat datoz.»

Horiekin bat letorke frantsesezko definizio hauetako lehena[2]:

«Objet du contrat:

a) En un sens matériel, la chose relativement à laquelle le contrat est conclu (en ce sens la vente et le bail d’un immeuble on le même objet).

b) En un sens technique, l’ensemble des droits et des obligations que le contrat est destiné à faire naître (en ce sens, la vente a pour objet de transférer al propriété d’un bien moyennant le paiement du prix convenu, le bail de conférer l’usage d’un bien moyennant le versement d’un loyer).»

Lehenbiziko definizioari, objektu legokioke. Bigarrenari, xede ez legokioke gaizki.

Eta, hala, bai objektu bai xede izango genituzke ordain egokiak, zein mailatan ari garen.

Sektore publiko Kontratuen Legea itzuli genuenean, lehen maila horri zegozkion aipamen gehienak:

Artículo 26. Contenido mínimo del contrato. 26. artikulua. Kontratuaren gutxieneko edukia.
1. Salvo que ya se encuentren recogidas en los pliegos, los contratos que celebren los entes, organismos y entidades del sector público deben incluir, necesariamente, las siguientes menciones: 1. Sektore publikoko ente, organismo eta erakundeek egiten dituzten kontratuek aipamen hauek jaso behar dituzte nahitaez, pleguetan azaltzen ez badira:
a) La identificación de las partes. a) Alderdien identifikazioa.
b) La acreditación de la capacidad de los firmantes para suscribir el contrato. b) Alderdiek kontratua izenpetzeko duten gaitasunaren egiaztapena.
c) Definición del objeto del contrato. c) Kontratuaren objektuaren definizioa.
d) Referencia a la legislación aplicable al contrato. d) Kontratuari aplikatzekoa zaion legediaren aipamena egitea.
e) La enumeración de los documentos que integran el contrato. e) Kontratua osatzen duten dokumentuen zerrenda zenbakitua.
Si así se expresa en el contrato, esta enumeración podrá estar jerarquizada, ordenándose según el orden de prioridad acordado por las partes, en cuyo supuesto, y salvo caso de error manifiesto, el orden pactado se utilizará para determinar la prevalencia respectiva, en caso de que existan contradicciones entre diversos documentos. Kontratuan hala adieraziz gero, adierazpen hori hierarkizatua izan daiteke, alderdiek erabakitako lehentasun-hurrenkeraren arabera; horrelakoetan, ageriko akatsik ezean, hitzartutako hurrenkera erabiliko da dokumentuen artean kontraesanak daudenean bakoitzari dagokion prebalentzia zehazteko.
Objeto, precio y cuantía del contrato. Kontratuaren objektua, prezioa eta zenbatekoa.
En el caso de que una parte de la prestación objeto del contrato tenga que ser realizada por empresas especializadas que cuenten con una determinada habilitación o autorización profesional, la clasificación en el grupo correspondiente a esa especialización, en caso de ser exigida, podrá suplirse por el compromiso del empresario de subcontratar la ejecución de esta porción con otros empresarios que dispongan de la habilitación y, en su caso, clasificación necesarias, siempre que el importe de la parte que debe ser ejecutada por éstos no exceda del 50 por 100 del precio del contrato. Kontratuaren objektu den prestazioaren zati bat gaikuntza edo lanbide-baimen jakin bat behar duten enpresa espezializatuek egin behar badute eta sailkapena eskatzen bada, espezializazio horri dagokion taldean sailkatuta egon ordez, enpresaburuak konpromisoa har dezake zati hori azpikontratatzeko eta, beraz, beharrezko gaikuntza eta, hala badagokio, sailkapena duten beste enpresaburu batzuen esku uzteko, baina enpresaburu horiek gauzatu beharreko zatiak kontratuaren prezioaren 100eko 50 gainditzen ez badu bakar-bakarrik.
Artículo 86. Objeto del contrato. 86. artikulua. Kontratuaren objektua.
1. El objeto de los contratos del sector público deberá ser determinado. 1. Sektore publikoko kontratuen objektuak zehatza izan behar du.
2. No podrá fraccionarse un contrato con la finalidad de disminuir la cuantía del mismo y eludir así los requisitos de publicidad o los relativos al procedimiento de adjudicación que correspondan. 2. Ezin dira kontratuak zatitu beren zenbatekoa gutxitzeko, publizitate-baldintzak edota esleipen-prozedurari dagozkionak saihestearren.
3. Cuando el objeto del contrato admita fraccionamiento y así se justifique debidamente en el expediente, podrá preverse la realización independiente de cada una de sus partes mediante su división en lotes, siempre que éstos sean susceptibles de utilización o aprovechamiento separado y constituyan una unidad funcional, o así lo exija la naturaleza del objeto. 3. Kontratuaren objektua zatitu ahal denean, eta espedientean behar bezala justifikatzen bada, zati bakoitza banan-banan gauzatzea aurreikus daiteke, kontratua lotetan zatituz, betiere loteok bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira eta unitate funtzionala osatzen badute, edo objektuaren ezaugarriek hala egitea eskatzen badute.

Baina, beste testu batzuetan, ez zen horrela itzuli:

Período exacto durante el cual podrá ejercerse el derecho objeto del contrato y, si es necesario, su duración: Kontratuaren xede den eskubidea baliatu ahal izango den denbora‑tarte zehatza, eta beharrezkoa izanez gero, haren iraupena:

Lege horretan bertan, finalidad del contrato eman beharra ere suertatu zen, kontratuaren objektuaz besteko kontzeptu gisa.

Descripción de la finalidad del contrato. Kontratuaren xedearen deskribapena.

Baina, gero, lege horiek aplikatuz egiten diren kontratuetan, objeto del contrato ematen dugunean, kontratuaren xede ematen dugu maiz, frantsesezko hiztegi horretako bigarren definizioaren arabera.

b) En un sens technique, l’ensemble des droits et des obligations que le contrat est destiné à faire naître (en ce sens, la vente a pour objet de transférer al propriété d’un bien moyennant le paiement du prix convenu, le bail de conférer l’usage d’un bien moyennant le versement d’un loyer).

Ez dakit polisemia deitu behar ote zaion horri, estu hartuta bai agian, baina oso gertu dauden adierak dira. Horregatik, ahalegin ttiki hori egitera abiaturik, ondorio ttiki hau atera dut, alegia, bereizi egin behar dugula «objeto del contrato» darabilgunean zein mailatan darabilgun, ez xede ez objektu ez direlarik baztertu beharreko ordainak. Ezingo genuke kontratuen teoriako definizio horren araberako kontzeptua xederekin eman; bestaldera, aldiz, frantsesezko bigarren definizio horren araberako kontzeptua ezingo genuke euskaraz objekturekin eman, eta horregatik behar dugu xede.

Testu juridikoak eta administratiboak itzultzen ari naizeneko zalantza bat argitzeko ahalegintxoa besterik ez duzue hau.


[1] VALPUESTA FERNÁNDEZ, M.ª R.. Betebehar eta kontratuei buruzko zuzenbidea. (2. argitaraldia). Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1996.

[2] CORNU, GÉRARD. Vocabulaire Juridique. (Troisième édition revue et augmentée). Paris: Presses Universitaires de France, 1997.

Beti itsusi?

Eneko Bidegain

Badu jadanik zenbait urte ez naizela Baionan ari lanean, eta Baionara joaten naizen aldietan, nire berri galdetzen dutenek horrela galdetu ohi didate:

– Beti Arrasaten?

Eta nik erantzunen nieke: «ez, ez naiz sekula egoten Arrasaten; Aretxabaletan egoten naiz, eta ez beti, batzuetan Eskoriatzara joaten naiz. Eta dena den, ez naiz beti han egoten, arratsetan eta asteburuetan ez naiz lantokian egoten».

Bistan da: badakit ez didatela galdetzen ea beti edo denbora guztian Arrasaten egoten naizen, baizik eta ea han jarraitzen dudan lanean. Hori adierazteko «beti» hitza erabiltzea egokia ote da? Iparraldean gaizki erabiltzen dugula entzun izan dut, frantsesezko «toujours»-en kalko gisa erabiltzen dugula. Zer erabili beharko genuke, beraz? «Oraino» edo «oraindik»? Horrek ere ez nau, alta, osoki konbentzitzen. «Oraino/oraindik Arrasaten?». Lerroen artetik erran nahi luke pentsatzen dela egoera hori behin behinekoa dela, eta luzatzen ari dela. Beste testuinguru batean: «Oraino hor? Ez zara aspertu?». Beste aukera bat izan daiteke: «Arrasaten segitzen duzu?». Baina hori ez dea gazteleraren kalko bat? Orotariko Euskal Hiztegian ez dut aurkitu horren baliokide perfekturik, segitu aditzarekin eraikitako esaldiak beste gisakoak baitira. Adibide hurbilena hauxe:

Apaiz segitzen al du edo utzi al zuen?

Jarraiki edo jarraitu aditzarekin ere berdintsu. Inesiboarekin, adibide bat dago aski hurbil interesatzen zaigun kasutik: «Lan berean jarraitu zuten.»

Baina ez dut aurkitu horrelako adibiderik toki batekin loturik. Dena den, malgutasun gehiagorekin har dezagun esaldia: Arrasaten jarraitzen duzu [lanean]?

Baina, itzul gaitezen hastapeneko gaira. «Beti» gaizki da? Segur izateko, OEHn ibili naiz bila, berriz ere. Eta bi adibide hauek aurkitu ditut:

Aur naiz baiña, beti bizi dut aita, ni gisaz iagoteko
Beti birjina zelarik, / Maria zen amatu, / eta aren sabeletik / salbatzailea sortu.
Eta horra hor «beti», ez «siempre» edo «toujours» errateko, baizik eta «todavía» edo «encore». Eta zer dio, bada, Elhuyarren hiztegiak?

2 adb. aún, todavía. Herria beti bizi den seinale: señal de que el pueblo vive todavía.

Frantsesez, horrela:

2 adb. encore. Herria beti bizi den seinale: c’est signe que le peuple est encore vivant.

Hots, nahiz eta Hegoaldean bitxi iruditzen zaien Iparraldekoen «beti»-ren erabilera hori, ez dugu gaizki erabiltzen. Besterik da, komunikazio ekintza batean, ulermen arazoak sortzen baditu. Zer egin? Erabilera horri uko egin? Zergatik egin behar genioke, bada, uko? «Beti»-rena, adibide bat baizik ez da, zorigaitzez.

Ariketak I

miel a. elustondo

Pierre Menard, Kixoteren egilea
(Jorge Luis Borgesen ipuinaren ataltxoa)

No quería componer otro Quijote —lo cual es fácil— sino el Quijote. Inútil agregar que no encaró nunca una transcripción mecánica del original; no se proponía copiarlo. Su admirable ambición era producir unas páginas que coincidieran ­palabra por palabra y línea por línea­ con las de Miguel de Cervantes.

“Mi propósito es meramente asombroso”, me escribió el 30 de septiembre de 1934 desde Bayonne. “El término final de una demostración teológica o metafísica —el mundo externo, Dios, la causalidad, las formas universales— no es menos anterior y común que mi divulgada novela. La sola diferencia es que los filósofos publican en agradables volúmenes las etapas intermediarias de su labor y que yo he resuelto perderlas.” En efecto, no queda un solo borrador que atestigüe ese trabajo de años.

* * *

Ez zuen beste Kixote bat egin nahi –erraza baita hori–, Kixotea baizik. Alferretan esango da inoiz ez ziola aurre egin jatorrizkoaren transkribapen mekanikoari; ez zuen kopiatzeko asmorik. Haren anbizio miragarria zen Migel de Cervantesenekin hitzez hitz eta lerroz lerro bat egingo zuten orrialdeak osatzea.

“Nire asmoa ez da harrigarria besterik”, idatzi zidan 1934ko irailaren 30etik Baionatik. “Frogapen teologiko edo metafisiko baten azken terminoa –kanpoko mundua, Jainkoa, kausalitatea, unibertsoko formak–, ez da nire nobela ongi dibulgatuaren gutxiago lehenagokoa eta komuna. Ezberdintasun bakarra da filosofoek liburuki atseginetan argitaratzen dituztela beren lanen tartekako aldiak, eta nik haiek galtzea erabaki dudala’. Halaxe da, ez dago zirriborro bat bera ere urteetan egindako lanaren lekuko”.

Ariketa egin ondoren, Juan Garziaren itzulpena: Ipuin hautatuak, Jorge Luis Borges / Juan Garzia. Ibaizabal, 1998.

Ez zuen nahi beste Kixote bat konposatu —aski gauza erraza—, «Kixotea» baizik. Ez dago esan beharrik ez ziola sekula jatorrizkoaren transkribapen mekaniko bati ekin; ez zen kopiatzea noski haren asmoa. Miguel de Cervantes-enekin —hitzez hitz eta lerrorik lerro— bat etor zitezen orrialde batzuk sortzea zen Menard-en gutizia miresgarria.

«Nire asmoa harrigarri hutsa da», idatzi zidan 1934ko irailaren 30ean Bayonne-tik. «Frogabide teologiko edo metafisiko baten azken jomuga —kanpoko mundua, Jainkoa, halabeharra, forma unibertsalak— apenas den nire nobela jende artean hain zabaldu hori baino antzinakotasun eta arruntasun gutxiagokoa. Alde bakarra da filosofoek liburuki atseginetan argitaratzen dituztela beren lanaren tarteko urratsak, eta nik, berriz, haiek galtzea erabaki dudala.» Hain zuzen ere, ez dago zirriborro bakarrik ere urtetako lan horren testigantza eman lezakeenik.

Berbak eremuka itzultzea: Musika aldarteak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Kanta bat deskribatu nahi dugunean, hainbat bidetatik jo dezakegu. Frank Sinatraren klasiko hau entzun, eta esan dezakegu balada bat dela, swing eta jazz ukitukoa. Eta horri gehitu diezazkiokegu sortzen dizkigun emozioak ere: atsegina, amultsua, erromantikoa, kitzikagarria, dotorea… Edo musikari eta hitzei dagozkien ezaugarri teknikoagoak.

Ingelesez, musikaz diharduten irrati eta webguneetan, nahiko finkatuta daude kantak deskribatzeko aldarteak. Allmusic atarian, esaterako, zerrenda luzea darabilte kanten eta diskoen gaineko informazioa emateko.

Gure irrati esatariek horren beharrizana bazutela jakitun, EITBko Euskara Zerbitzuan lanean ekin genion. Oinarria, ingeleseko 285 berba. Asko eta asko, sinonimoak. Edo eremu semantiko berekoak. Gehienak, adjektiboak.

Hitz hutsak ez ezik, musika bera ere bageneukan, kontzeptu bakoitzarekin zer adierazi behar zen zehazteko. Baina berehala konturatu ginen, kontzeptuak apur bat antolatu ezean, galduta geundela. Alde batetik, ezinezkoa zen ingeleseko zerrendako berba guztietarako oso-osoko sinonimoak topatzea. Eta bestetik, euskarazko ordain askok ingeleseko hainbat kontzeptutarako balio zuten. Beraz, berbak banaka barik multzoka aurkeztea pentsatu genuen.

Hiru multzo handitan sartu ditugu: aldarte positibokoak (alaia, lasaia, delikatua…), aldarte negatibokoak (iluna, zaila, lehorra…) eta bestelako ikuspegia dutenak (erritmoa, soinua, asmoa eta mezua). Eta multzo handi bakoitzaren barruan, poltsa txikitxoagoetan batu ditugu hurreko esangurakoak. Zerrenda osoa hementxe duzue ikusgai.

Ingelesetik euskarara ekartze horretan, hiru arazo nagusi topatu ditugu:

  1. Ingeleseko ugaritasun horretarako behar adina ordain ez dago hiztegietan. Kasurako, ingelesez perky, jolly, animated, cheerful, joyous, sunny, merry eta gleeful eduki, eta euskarazko ordainetan alaia, animatua eta bizia baino ez jasotzea.
  2. Kasu askotan, euskarazko hitza beste sinonimo batekin «hartuta» geneukan, eta eskura genituen bitartekoekin bete ditugu hutsuneak, erabateko sinonimoak izan ez arren. Esaterako: eztia / gentle; goxoa / warm; sosegatua / mellow; lasaia / calm; leuna / smooth.
  3. Zerrendako hitz guztiak euskaraz adjektibo bidez ematea ezinezkoa zen. Zelan konpondu arazoa? Aditz batzuk adjektibo bihurtu ditugu: urratua / heartbreak; atsekabetua / regretful… Beste hainbatetan, aditz edo izenari –(z)ko erantsita eraiki ditugu izenlagunak: pentsatzekoa / pensive; garaipenezkoa / triumphant; gomutazkoa / wistful; haur-ukitukoa / child-like; astindu handikoa / shacking; adore ematekoa / encouraging… Eta lotsa barik mailegatu ditugu baten batzuk: kapritxosoa, errebeldea, fluitua

Banaka beharbada ez, baina multzoka bederen bete egin ditugu eremu guztiak, eta irrati esatariek eskertu egin dute eskura eman diegun tresna. Eta guk geuk ere, buruhausteak buruhauste, jolas polita daukagu harrezkero entzuten ditugun kantak sailkatzen.