Juan Luis Zabala Artetxe
–¿Y el txiki?
–Está con su abuela.
Azken hitz hori ahoskatzearekin batera, «abuela», zerbait oker esan nuelako irudipen lausoa izan nuen. Berehala jabetu nintzen zergatik: gure auzoan –Donostiako Txomin-Enean–, inguruko beste herri eta auzo denetan bezala, inork ez du gaur egun «abuela» esaten, «amoñi» baizik; «amoña» edo «amona» bestela.
Orduantxe berean erabaki nuen, ordea, barruak hala eskatuta, gaztelaniaz aritzean nik beti «abuela» esango nuela. Trapuzko panpina zaharkitu beldurgarri baten irudia ekartzen dit niri burura «amoñi» hitzak; baina ez da hori baztertzeko dudan motibo bakarra.
Facebooken izan nuen eztabaida moduko bat gaiari buruz. Blog honetarako, oraingoan, gaia poema baterako aitzakia bihurtzea otu zait. Gaztelaniaz, nik beti «abuela» izan liteke poemaren izenburua:
Zure hizkuntzan ari natzaizu
nirean ez dakizunez
nik zurean dakidan bezala.
Baina barkatu beharko didazu
ez badut «amoñi» esaten
edo «amoña» edo «amona»;
barkatu beharko didazu
«abuela» ahoskatzen dudanean
arrotz sentiarazten bazaitut,
edo delitu preskribitu bat
gogoraraziko banizu bezala;
barkatu beharko didazu
«sidrería» esaten badizut,
gordin, zakar, bihotzik gabe,
«caserío», «niña» edo «niño»,
«padre», «madre» edo «escuela»,
limosna bati uko egiten dion
eskale ardozale baten antzera.
Bakoitzak nahi duena egin dezake, baina egitateak hor daude.
1. Hizkuntzen arteko interferentziak gauza normala dira, eta hiztuna ohartu ere ez da egiten sarritan. Bilbon, adibidez, euskarazko berba asko bizi izan dira gaztelaniazko hizketan: «pista», «birichindor», «choto», «gocho»… Nik horiek guztiak eta gehiago erabili ditut, jatorriz euskarazkoak zirela jakin barik.
2. Hizkuntzak eta identitatea intrintsekoki lotuta daude, eta lotura horren ageriko aurpegia hizkuntza bera izan daiteke, edo hitz soil bat baino ez. Frankismoaren garaian, Bilbon behintzat, gaztelaniaz aritzean «ama», «aita» eta «agur» esatea Ikurrin bat aireratzea zen. Gaur egun, berriz, «ama» eta «aita» dira norma, eta «mami» eta «papi», eta «abuela» / «yaya» eta «abuelo» / «yayo» esatea bandera gorri-beilegia ateratzea da (eta umeei «Bruno» eta «Jimena» ipiniz gero, kaio batzuk sumatzen dira hegaldatzen).
Niri ere horrelaxe ateratzen zait, Juan Luisi bezela, eta ez da batere kontzientea, agian euskaraz ari naizelako euskaraz ari naizenean eta gazteleraz gaztelerazkoan. Ez dut nahita egiten, zin dagit. Gerta daiteke gazteleraz gutxiagotan mintzatzea. Kontua da arrotz egiten zaidala abuela, madre, padre, hijo, esposo… aipatzea, baina ez hitzagatik, etiketagatik (horrela ateratzen baitzait espainolez) baizik eta haiekin euskaraz bizi naizenez, arrotz egiten zaidalako haiei erderaz egitea erreferentzia. Ez zait ordea kontrakoa gertatzen; amaginarreba aipatzea ez zait gogorra egiten naiz eta neure suegreak euskara jakin ez. Eta maileguak mailegu, arrazoi duzu Asier, modak ere egoten dira eta zenbaitzutan hauek eta Juan Luisek aipatutako sidrería, caserío, escuela, clase/aula, reunión eta beste irudikatzen ditut haurren sasihizkera moduko txitxi, mama, apatx-en antzera (hau da haurrak 6 urte bete eta horrela hitz egiten egoskortzen garenean bera lotsatzeraino).
Eta bai, nik ere erabili izan ditut jatorriz erdarazkoak zirela jakin gabe mesanutxia, derrigorrezkoa, apropos,…
;-))
Kaixo, Juan Luis. Facebooken nirekin izan zenuen eztabaida (beste norbaitekin agian ere bai, ez dakit, baina nirekin behintzat bai), guk etxean gazteleraz egiten dugulako eta “amoñi” esaten dugulako, eta iraingarria gertatzen zitzaizula esan zenidan. Ederki iruditzen zait gazteleraz beti “abuela” esatea, noski, “voy a la sagardotegi” eta antzekoak niretzat ere azkazalak arbeletik pasatzea bezalakoak direlako. Baina uste dut ulertu behar duzula hain garbi eta erraz bereiz daitezkeen giro euskaldun ala erdaldunez gain, badirela tartean beste nahasmen batzuk. Gure familian nire belaunaldikoek bakarrik egiten dugu euskaraz (anai-arrebok eta gure adineko lehengusuek, alegia: gurasoek eta aiton-amonek pixka bat uler dezakete/zezaketen baina ez dute hitz egiten, lau esaldi bakarrik. Gazteleraz egin dute beti eta gu hasi ginen ikastolan euskara jasotzen, baina etxeko hizkuntza gaztelania izan da beti).
Normala denez, Donostiako familia erdaldunetan euskararen interferentziak gertatzen dira, Asierrek dioen bezala. Eta nik ez dakit nondik datorren, noiztik esaten den, niri ere ez zait hitz polita iruditzen, baina gure etxean amonei beti “amoñi” esan diegu. Erabilera intimo bat da. Testuren batean aipatzen badut, intimotasun horretaz jardun nahi dudalako da. Hori da testuingurua.
Beraz, “amoñi” hitzak zuri trapuzko panpina beldurgarri bat dakarkizu gogora, eta niri, aldiz, gehien maitatu dudan pertsonetako bat. Bi pertzepzioak zilegiak dira, jakina, hain muturrekoak izanda ere. Baina ni asko harritu nintzen, guk amonarentzat erabiltzen dugun hitz hori zuretzat iraina zela irakurri nizunean. Jesus! Iraina! Eskalearentzako limosna! Ez dugu zure aurrean erabiliko, Juan Luis, ez zaitugu iraindu nahi. Baina utziguzu esaten, gurekin haserretu gabe!
Horixe ba: gure amona Pepi “amoñi” izango da beti guretzat, eta ez bazaizu ondo iruditzen, geldituko gara egunsenti batez, bakoitzak pistola bana hartuta, hamar pauso eman eta nik tiro egin eta “Eusko Txikano Pride!” oihua botako dizut. Edo Jaizkibelen gora egingo dugu desafioa.
Besarkada bat,
Ander
Badakit inork ez duela gaztelaniaz ari denean euskarazko hitzik sartzen ni iraintzeko, ezta euskararen aurka dagoelako ere; alderantziz da kasu gehienetan: aldekotasuna agertzeko modu bat da, kasu askotan zintzoa eta benetakoa.
Baina uste dut, sakonean, badagoela pobreari limosna ematearekin pareka daitekeen zerbait hautu linguistiko xume horretan.
Dena den, ez naiz ari inoren hautu pertsonalaz, ez naiz ari inongo familiaren ohiturak kritikatzen. Nirea ez da, edo ez du izan nahi behintzat, hautu hori egiten dutenen aurkako kritika bat.
Kontua da gaztelaniaz aritzean “amoñi”, “aita”, “ama”, “aitas”, “sagardotegi” eta abar erabiltzea gaur egun norma dela gure inguruan, gure gizartean, eta “abuela”, “padre”, “madre” eta abar erabiltzea salbuespena. Zergatik? Bada gizarte honetan euskara pobre estimatua delako, hain estimatua non ez den nahi pobrea izateari utz diezaion, orduan akaso ez baita hain estimagarria izango.
Gizarteak horrelako normak ezartzen dituenean, normalena (hitzak berak dioen moduan) men egitea da, gaztelaniaz aritzean “amoñi” esatea, alegia. Hain da normala, neu ere arraroa sentitzen naiz “abuela” esan ondoren. Beraz, ez daukat ezer gaztelaniaz mintzatzean “amoñi” esaten duenaren aurka, deskuidatzen bazara neuk ere horixe egingo baitut noiznahi, inertziak hartaratuta, konturtatu gabe.
Baina ez zait gustatzen joera horrek gizarte honi buruz erakusten duena. Eta ezta ere hedabide batzuek —ez soilik espainiarzaleek— niri euskararentzat iraingarria iruditzen zaidan joera hori bultzatu eta indartzea.
Jaizkibelen desafioa gustura jokatuko nizuke, Ander, baina abataila handia eman beharko zenidake lehia parekatu samarra izateko. Bi urte daramat bizikletan ganoraz ibili gabe, eta hori, badakizu, poltsikoetan beruna eramatearen parekoa da.
Besarkada estu bat zuri eta zure amoñi Pepiri. Urte askoan.
Nik, familiako erabilera horiek kenduta, gazteleraz ere “mis padres” eta “voy a la sidrería” eta “mi abuela” esan ohi dut, ez zaizkidalako batere gustatzen zuk kritikatzen dituzun horiek. Sekula ez nuke esango “mi amoñi”, nire familiakoa ez den norbaiten aurrean. Baina anai-arrebon artean ez nuke esango “la abuela” inolaz ere.
“Voy a Iruña” eta “he estado en Gasteiz” ere… puf. Ez ditut esaten. “Donosti” bai, “estoy en Donosti” normalago esaten dut, XME-ri batere atsegin ez zaion arren, horrelakoak oso sartuta daudelako, egia da.
Baina hiru urte daramatzat frantsesa ikasten eta hor ere ikaskideon artean “los ejercicios del cahier” esaten dugu konturatu gabe, “cahierreko ariketak” ere bai ikaskide euskaldunen artean, eta baten batek “las ariketas del cahier” ere esaten du… Esango nuke kutsadura normalak direla, ez diot ikusten zuk diozun sakontasun hori, limosna emate hori, baina tira, gai konplexua da.
Jaizkibelgo krono-jaitsiera egin beharko dugu, beraz, Txitxarrokoa bezala.
Jaitsierarako beti pronto.
“Gaztelania xede” izeneko mintegi batean aritu nintzen behin irakasle, eta han zeuden ikasleei fatxek bahitutako “vascuence” hitza (“euskera” edo “euskara” beharrean), bai eta “padre”, “abuela” etab. gaztelaniaz ari garenean erabiltzearen zilegitasun eta ia obligazioa aipatu nien. Ikasle gehienek zur eta lur begiratu zidaten, Martitzetik-edo iritsi berria banintz bezala. Nik “berniz-hitz” deitzen diedan hitz horiek alboratzea da, nire ustez, euskararen biziraupenerako gakoetako bat.