Iñigo Errasti Aranbarri
Oso zabalduta dago gure artean betiere adizlaguna ematea gaztelaniazko siempre que baldintzazko lokuzioaren ordain gisa. Nik neuk ere egin izan dut aldaketa hori, jakina. Baina ez dakit, ba, ez ote dugu hor oker txiki bat egiten, eta ez ote den oraingo-oraingoa, gainera, parekatze hori.
Adibide bila, «baldin + betiere» idatzi dut bilatzailean, eta Arabako Foru Aldundiaren orri bat atera zait lehen-lehenik, baina berdin eman ziezadakeen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren nahiz Donostiako Udalaren orri bat… denean agertzen da eta bikotea. Hemen duzue adibidea:
Uno o dos ascendientes y dos hijas e hijos, siempre que al menos uno de estos sea discapacitado/a o esté incapacitado/a para trabajar.
Aurreko ahaide bat edo bi eta bi seme-alaba, betiere, gutxienez horietako bat ezindua bada edo lanerako ezintasuna badu.
Ez diot itzulpenaren egokitasunari begiratu nahi; «siempre que = betiere» ekuazioaren erakusgarri besterik ez dut ekarri.
Batek baino gehiagok pentsatuko zuen honezkero ea non ikusten diodan nik horri arazoa, eta hona, beraz, nire kezkaren iturriak:
Batetik, RAEren hiztegira jo dut, siempre sarreraren laugarren azpisarrerara:
~ que. 1. loc. conjunt. En todos los casos en que. 2. loc. conjunt. condic. con tal de que. Mañana comeré en tu casa, siempre que tú comas hoy en la mía.
Horren arabera, bi esanahi ditu siempre que lokuzioak, eta haietariko bat da baldintzazkoa; bestea ez, ordea.
Gero, euskarazko hiztegietara jo dut, eta, haietan ikusi dudanagatik, betierek hiru-lau esanahi ditu, edo izan ditu, baina haietariko batean ere ez da ageri baldintzazko esaldien ezaugarri legez. OEHn ez dut aurkitu horren adibiderik. Bestalde, hiztegietan erraz ikusten denez, lehenengo adieran badatoz bat, «beti, beti eta beti» omen da eta betiereren adiera nagusia.
Susmoa dut, beraz, gaztelaniazkoaren bi esanahion artean egiten dugula jauzi, eta, automatismoz edo, komeni zaigulako erabiltzen dugula betiere baldintzazko partikula balitz bezala: batzuetan, mendeko perpausaren hasieran jarrita, aurrekari lana ondo-ondo betetzen digulako, eta, beste batzuetan, atzean jarrita ere, baldintzazkoak ezartzen duenaren sendogarri aproposa izaten delako.
Tira, ez dakit benetan den kalko okerra (eta, baldintzazko esaldietan aurrekari bat nahi izanez gero, ez ote dugun nahikoa baldin eta-) ala nire arrazoibidea den okerra, eta guztiz zilegi, beraz, gaur egun denera zabaldu zaigun/dugun erabilera hori.