Zuzenbide- eta administrazio-itzulpengintza, ahatetxo itsusia?

Oskar Arana Ibabe

Batek nahi izaten du jakin lanean egiten duen hori zertarako den, norentzako den, nola dabilen, direla arropa-garbigailuak, ontzi-garbigailuak, nahiz autoak edo zuzenbide- eta administrazio-testu euskarara bihurtuak. Bezeroen gogobetetzea, esaten diote. Edo ez, gerta liteke ez jakin nahi izatea.

Literatur itzulpengintzan ere bai, nahi izaten du batek jakin; eta, hor, benetan, gauzarik pozgarrienetakoa izaten da baten batek esatea “hi, oso gustura irakurri nian hik itzulitako liburua”, edo “kaka zuan, bai istorioa, bai itzulpena.” Bietakoak entzun ditut, erdi eta erdi esango nuke, estatistika eginez gero; nahiz eta bigarren iruzkin hori ez den aurrez aurre esaten, bizkarretik baizik, edo zeharka, edo kalean pasaeran entzuteko ozentasun kalkulatuaz, edo elkarrizketan aritzeko plantak egiten ari diren bik zu pasatzean ozen aipaturik (baina begiratu gabe, edo zeharbegiratu oso zeharkakoaz), edo norbaitekin bestelako elkarrizketa batean zabiltzala solaskideak ahotsaren lastertasuna eta bolumena doitu eta zinemako iragarki subliminal haien antzeko efektua eraginez ahapetik esanik, zer entzun duzun oso ondo ez dakizula, Athleticen partidaren gaineko iruzkinen artean beste hori ahapetik zergatik tartekatu den ez dakizula, gogoan edo garunean edo bihotzean edo zelularen batzuetan halako zirkuitulabur bat eraginez, eta, iruzkinak berak ez, baizik eta jokabide doilorrak sortutako nahigabea kentzen lanak hartuta joaten zara etxera, zeure buruari galdez ea hipersentikorra ote zaren, ea horiek ote diren gaurko manerak, ea hori ote den gaurko gizalegea, edo literatur irakurleen unibertsoko ethosa. Ea galdu egin ote dugun egia minik eragin gabe edo minik eragin nahi izan gabe esateko antze diplomatikoa. Ondorio garbirik atera ezinik, burumakur ‒jakina‒, joaten zara etxera. Eta, alditxo bat igaro ostean, sentitzen duzu arnasa bere onera itzultzen eta barruko ahots horrek, sugandila belarritik berriro aterarazita, zauritxoa eztitzen eta esaten: “ez, ondo eramaten duzu zure lana edo zu zeu norbaiten gustuko ez izatea,… min emateko asmoak egin dizu min, ez dakizu zergatik esan behar diren halakoak modu horretan, ez zabiltza droga-trafikoan edo mafiako kideekin tratuan gauzak ahapeko manera hain harrigarri horretan esateko,… lasai, ez zara hain egolatra, nartzisismo onaren eremuan zabiltza oraindik… Eta, okerrenean, bizirik zaude, gustuko duzu jendeari gustu ematea lan txukunarekin, edo lana txukun egiten saiatuz. Badakizu porrotak kirol-legez irensten, eta, bizirik zaude, okerrenean bizirik, axolazko kontua delako ahalegin hori norbaiten gogobetegarri izatea”.

Baina bizimodua (orain arte) administrazioan itzultzaile arituz ateratzen duen honek ez daki oso zuzen nork irakurtzen dituen gure testuak, ea betetzen ote diogun gogoa irakurleari, bihotza nekez beteko diogu-eta, edo, beharbada bai, beharbada gaztelaniazkoak baino argiago ulertzen ditu euskarazko testu juridikoak, eta esaldiak hain luze ezin emanez eta paragrafoak euskararen antolamoldeetara ekarririk goxoagotu ere egiten dugu testua (hala esaten diogu geure buruari) balizko irakurlearentzat. Gero, badakigu baliokidetasun juridikoaren ezpataren pean itzultzen dugula, eta hori ez da txantxa, jaun-andreak, ez baita txantxa… alegia, garbitzen ote duten garbigailuek arropa…

Gaur, asmo gaiztoko iruzkinak gorabehera, trinkoturik dago euskarazko literatur unibertsoko irakurleen komunitatea, geroz eta sofistikatuagoa da ‒behar duen gisan‒, geroz eta zabalagoa, askotarikoagoa, geroz eta profesionalagoa da literatur itzultzaileen kalitatea (nahiz ezin lanbidetik bizi, gainerako profesionalak bezala), aro onean dago sail horretako lurra, ematen ditu fruituak, eta emango ditu hor ereiten den haziak ere, seguru, geroz eta hobea da-eta. Bada irakurle-komunitate bat, eta ezagutzen du itzultzaileak, zelanbait, komunitate hori.

Eta zuzenbideko, administrazioko eta politikako komunitate euskaldunak zer dio gure beste testuez? Baliokidetasun juridikoaren ezpataren beldurra, ez ote dugu besterik sentitzen sail horretan gabiltzanean? Edo ezaxola? Feedbackik ez dugula darabilt buruan aspaldian. Geu gara geure testuak juzgatzen ditugunak, galbahetik iragazten, baina komunitate hori ez dago aski trinkoturik edo antolaturik. Hala, corpusa eratzen gabiltzalako fedearekin egiten dugu aurrera, baina, beharko genuke, literatur itzulpengintzan bezala, norabide argiago bat, koordinazio sendoago bat, premia eta lehentasunen mapa argiago bat. Iruditzen zait.

Urte batzuetatik hona, korredakzioa sartu zaigu mapa horretan. Euskarak eremu horretan egin dezakeen normalizazio-bidean urratsik handienetako bat. Berriki, Ugartemendia terminologia-jardunaldietan, nanogunearen zuzendari Jose Maria Pitarkek esan zuen, esparru horretan euskarak duen presentziari buruz, euskaraz egiten dutela eta egin dezaketela lan arlo horretan euskaldunek, elkarren artean ari direnean, beste edozein arlotan bezala, nahiz eta nazioarteko komunitate zabala ingelesez jardun. Komunitate juridiko euskaldunaren kasua bestelakoa da. Gaztelaniazko mundua du alboan, edo gainean itogarri, edo beraren neurria, gaztelaniazkoaren aldean, nano-nanoa da. Ba omen dira munduan, Kanadan kasu, legea sortzetik bi eletan ematen duten gizarteak. Litekeena da gizarte horiek bereiztea, Kanada eta Quebec bereiztea, eta gizarte elebakar bana eta komunitate juridiko elebakar bana sortzea. Baina, bitartean, badabil eredu hori hango gizartean. Hemen, ez dakit zer leku izango lukeen korredakzioak. Lekurik izanez gero, itzulpengintzak beste era batera kokatu beharko luke bere burua mapa horretan. Ekarriko lukeen abantailetako bat, ez makala, gure hizkera juridiko eta administratiboak autonomia handiagoa izatea sortzetik, berezko hizkera juridiko eta administratibo bat lantzeko aukera, hor ere, gure tradizioa, berria, urria edo eskasa izanik. Hala aipatu izan dute lankide batzuek noizbait, susmo lauso baten moduan, zehazteko areagoko ahaleginik gabe.

Susmoak baino ez, momentuz.

2 erantzun “Zuzenbide- eta administrazio-itzulpengintza, ahatetxo itsusia?” bidalketan

  1. Oso gogoeta interesgarria, Oskar. Euskal sektore juridiko-administratiboa trinkotu gabe dago oraindik. Oraingoz hor dabiltza euskal itzultzaile batzuk, euskal irakasle batzuk, eta euskal politikari batzuk (hauek pasaerakoak izan ohi dira), baina ez dira benetako operadore juridikoek, eremu honetako praktikan agintzen dutenak (horiek izan ohi dira epaile, fiskal eta abokatuak, exekutiboetako teknikari juridikoak, eta abar). Zer egin daiteke? Ahal dena. Hots, eremutxoak irabazten joan: auziaren tramitazio osoa euskaraz izatea posible egin, korredakzioan urrats gehiago egin, hizkera juridikoa gehiago landu (koordinazio bidez batuz, erraztuz), testu-liburuak gero eta hobeak egin… Nolabait kate euskaldun bat sortzen joan mundu juridiko-administratiboan. Edonola ere, kontu interesgarria plazaratu duzuna.

    1. Bai, gai zabalegia da artikulutxo batean hor beharko liratekeenak eta ahal direnak eta egin direnak eta egiteko daudenak zehazteko.
      Beharbada, literaturan testu sortuek eta itzuliek nola, halakoa edo antzerakoa beharko luke zuzenbidean ere testu sortuen eta itzulien arteko erlazioak. Baina ados gaude, antza, eremu autonomo, itzulpenaz besteko bat ere behar duelako horretan, eta pozten naiz. Bitarten, ahal duguntxo hori egiten jarraituko dugu, ahalik eta txukunen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude