Apain-orrazia ez den peineta

Iratxe Goikoetxea Langarika

Futbolari sutuek egiten dute. Edo manerak galdutako erregeek. Oraingoan, politikari-edo batek egin du. Hor dabiltza gaztelaniazko hedabide guztiak, Barcenasek egindako itsuskeriarekin bueltaka: «Les ha dedicado una peineta a los periodistas». Googlen begiratzea besterik ez dago horrek ekarri duen soka luzea ikusteko.

Gaur Egun albistegian ere aipatu zen, eta neke handi barik kontatu zuen berriemaileak Barcenasek egindakoa: irudia sartu, eta «keinu honekin, dena adierazi du» esan.

Hain zuzen, zeharbidetik jotzen dugu normalean inoren ekintzak edo esanak euskaraz adieraztea gaitz egiten zaigunean. Azalpen orokorragoa edo zehatzagoa ematen dugu: keinu itsusia/iraingarria/lizuna egin du.

Jakina, hobe litzateke euskarazko bete-beteko ordaina ematea, baina sarritan ez daukagu ordainik finkatuta. Ez pentsa, gaztelaniaz ahorik aho dabilen hacer la peineta hori ere berri samarra omen da tradizio anglosaxoikoa omen den keinu horretarako. Oraintsu arte, levantar un dedo esaten bide zen; ingelesez, to give someone the finger, eta frantsesez, faire un doigt (d’honneur) à quelqu’un esaten den antzera.

Ordainik finkatuta ez daukagula esan dut, baina euskaldunok ere ez gara hatz-motzak, eta hiztegietan jaso barik badago ere, internetek nolabaiteko adostasuna badagoela erakusten du: erdiko hatza (atzamarra, behatza) atera (erakutsi, luzatu, jaso, altxatu, zutitu).

Zehazki hiztegiak corte de mangas esapidearen ordainetan proposatzen duen popatik keinua ere baliagarria da hainbat testuingurutan, albistegietan «Popatik hartzera bidali ditu kazetariak» esango ez badugu ere.

Atzamar erakuste honek baditu punta gehiago ere. Erakutsi, eta sit and spin esaten ei dute ingelesek. Monta aquí y pedalea letxe. Edo monta aquí y verás París.

Paris erakusteko modu xelebrea. Lehen, umeei, lokietatik oratu eta goratuaz erakusten zitzaien Paris. Edo Bilbo.