Artzain-gazta

Iñaki Segurola

Aspaldi honetan jabetua nengoen, begiz jabetu ere, nola dabilen artzain-gazta/gasna idatzirik bazterretan; ez dabil ahotik belarrirako hizkuntzan, baina bai etiketa, izendapen eta abarretan. Zer esan? Ba, beste harako hura bezala, bat bitan banatzen dela, eta batek bi belarri edo aditze-klase dituela gutxienez: nolazpait esateko, belarri otxana eta belarri bihurria dituela batek.

Belarri otxanak ulertzen du ulertu behar dena, hots, errealitateak agintzen duena; gaurko kasuari gagozkiola, zer izango da ba artzain-gazta, ez bada nonbaiteko artzainak egindako gazta? (eta ez gazta-fabrika erraldoi batek, auskalo non, etab.) Gero, bestalde, belarri otxana txintxoa eta informazioz jantzia ere izaten da, eta aise iristen da jakitera, konparazio batera, gure erdaretan badaudela fromage de berger eta queso de pastor bezalakoak, eta beharbada horiek itzuli beharretik sartua izango dela artzain-gazta euskara ikusizkora, zeren bai baitaki gure erdarak direla gutako gehienon benetako hizkuntzak.

Belarri bihurria, aldiz, belarri umea edo haur-tankerakoa da, itsua eta errealitateaz axola gutxi duena; informaziotik barau antzean bizi ohi da, eta, kasu batzuetan, erdarazko jakite eskasa izaten du. Belarri horri iruditzen zaio maiz entzun edo, hobeki, maiz ikusi dituela ardi-gazta edo behi-gazta (ardi-esnea edo behi-esnea baino hagitzez gutxiagotan, nolanahi ere), eta orduan artzain-gazta ikustean aditzen duena da “artzain-esnearekin egindako gazta”. Eta jabetzen da artzainari “esnea” bi tokitatik jaio dakiokeela: edo bere titietatik (emakumea baldin bada, errazago eta ugariago), edo, bestela, jakina, hanka-artetik, hots, zakiletik. Esne hitza holaxe erabiltzen aditu duelako jabetzen da jabetu beharrekoaz. Zer esanik ez, atzerakada haundi xamarra ematen dio belarri bihurriari delako artzain-gazta horrek.

Belarri otxana eta bihurria, errealista eta gramatikala, mundutiarra eta hizkuntzarena, literaturakoa eta berbaturakoa, begietakoa (begizkoa?) eta belarrietakoa. Biak darabiltzagu barruan dantzan eta borrokan, eta nik uste dut aspaldian bigarrena ari zaidala gailentzen, eta hargatik, gaurko kasuari gagozkiola, gazta hutsari baino errazago egiten diot kolpe ardo hutsari, badaezpada ere.

6 erantzun “Artzain-gazta” bidalketan

    1. Aupa Asier,
      belarriak, belarriak, ardi-txakurra nireak (partziala, lokala, bai noski), arratoi-txakurra diogun bezala, logika horrexekin.

  1. Konposaketako osagaien artean edozelako erlazioa egon daiteke eliptikoki adierazia (instrumentala, soziatiboa, ergatiboa…), literala nahiz metaforikoa. “Andere gasna”, “andere txakur” eta “andere mahats” ere baditugu (“artzain txakurra”z gain). Nik belarriak trankil asko ditut.

  2. Nik “ardi-txakurra” eta “ardi-gaztaia”. Osterantzean “behi-gaztaia” esateko zer esan behar dugu, “unai-gaztaia” ala? Eta “ahuntz-gaztaia” esateko? “ahuntzain-gaztaia”?
    On egin!

Utzi erantzuna