Julia Marin Arteaga
Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860 – Badenweiler, Alemania, 1904). Herriaren dramaturgoa.
2005. urtean, Txekhoven heriotzaren mendeurrena zela eta, Vaiven konpainiak Nasdrovia, Txekhov obra estreinatu zuen idazle errusiarraren omenez. Baina aukeratu beharrean haren antzezlan ezagun bat (Antxeta, 1895; Osaba Vanya, 1899; Hiru Ahizpak, 1900; Gereziondoen Baratza, 1903), nahiago izan zuten idazlearen sei ipuinetan oinarritu ikuskizuna (Audizioa, Funtzionario baten heriotza, Eskasa, Ezkontza eskaera, Seduktorea eta Izaki babesgabea). Dramaturgia lana Alberto Iglesiasek egin zuen, Fernando Bernues ibili zen zuzendari, eta euskarazko bertsioa Ritxi Lizartzak idatzi zuen. 2006an, Espainiako Arte Eszenikoetako Max sari bat ere eskuratu zuten lan bikain honi esker: Errebelazio saria.
Zazpi urte geroago, 2012an, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean, Vaivenen bertsio hori bera eraman genuen oholtzara 3. mailako ikasleekin, Belen Cruzen zuzendaritzapean. Niri egokitu zitzaidan euskarazko bertsioa gidatzea, Testu interpretazioa euskaraz gaia irakasten baitut antzerki eskola horretan. Abiapuntutzat Ritxiren egokitzapena hartu genuen, euskara batuan idatzia, eta 80 bat ordu eskaini genion testuaren interpretazioa jorratzeari.
Taularatze prozesuan, pertsonaiak eraikitzen joan ahala, haien intentzioak eta gorputz inpultsoak finkatuz eta egoerak eta harremanak argituz gindoazen neurrian, euskara batua motz geratzen hasi zitzaigun berehala. Bizkor ohartu ginen nekez erakutsiko genituela arimaren oinazeak eta kontraesanak pertsonaia guztiak modu berean hitz egiten jartzen bagenituen: ezin zuten denek hizketa bera erabili egoera guztietan.
Izan ere, Txekhovek herritar xumeen bizimodua erakutsi zigun bere lanen bidez: funtzionarioak, jendarmeak, merkatariak, lurjabeen emazteak eta alargunak, arrakastarik gabeko idazleak, aginterik gabeko militarrak, neskameak, eskola maisuak… Haren obrak pertsonaien izaeragatik ziren dramatikoak, tramagatik baino gehiago. Giza auzi nagusiek harrapatuta bizi baitira guztiak: maitasuna, gorrotoa, handinahia, desengainua, egia, heriotza… Hala, Txekhovek kritika egin nahi izan zion XIX. mende amaierako gizarte errusiarrari, betiere umore ukitu batekin: «Umorea eta barrea bazter zikin eta lohitsuenetik sor daitezkeela ikasi nuen, bizitzari kolorea ematen, bizitza bera argiz betetzen, bai, argiz betetzen».
Eta, bizitzari kolorea eman eta barrea eragiteko, zer hoberik euskararen jolas ahalmen guztia eta aktoreen hizkera bizia baliatzea baino?
Nasdrovia, Txekhov obraren ipuin bat ekarri nahi dut hona, adibide ona delakoan hizkuntz trataeraz gogoeta egiteko: Funtzionario baten heriotza.
[youtube http://www.youtube.com/watch?v=gA_KjWMuGdU]
Trama
Txerviakov funtzionarioak, egun batean, doministiku egiten dio antzokian aurreko lerroan eserita daukan jeneral bati, eta guztiz zipriztinduta uzten dio garondoa. Jakina, gure protagonista zeharo izutzen da, gertaera zoritxarrekoak ondorio ikaragarriak ekar baitiezazkioke bera bezalako langile soil bati. Txerviakovek barkamena eskatzen dio behin eta berriz jeneralari, harik eta honek, bere onetik aterata, kalera botatzen duen arte. Txerviakov gaixotu egiten da tragediaren eraginez, etxera itzuli eta hil egiten da.
Hizkuntz trataera
PERTSONAIA | EGOERA | ERREGISTROA |
Txekhov | ipuina idazten, ahots gora | batu literarioan – hizkera poetikoa |
Txerviakov funtzionarioa | emaztearekin etxean | euskalkian, informala – Goierriko hizkera |
jeneralarekin, apal-apal (operan eta bulegoan) | batu jasoan / berorika | |
jeneralarekin, oilartuta (bulegoan) | batuan, informalagoa / zuka | |
Jenerala | Txerviakovekin | batu neutroan / zuka |
emaztearekin | batu neutroan / zuka |
Txerviakov izaera burokratikoa duen hezur-haragizko pertsonaia da, boterearen menpe hazita patuaren beldur bizi dena. Jeneralarekin ari denean, morrontza gehiegizko batek eraginda, berorika hitz egiten dio eta batu jasoan (“y” ahoskatuz), erakutsi nahian bezala bera ere badela gauza goi mailako gizartearen parte izateko. Baina, une batean, klase kontzientzia esnatzen zaio (Internazionala kantatzen du mitin labur bat egin ondoren), eta zukara pasatzen da, errespetua galdu diola adierazteko edo. Jeneralak aurre egiten dionean, ordea, kikildu eta berorika hasten zaio berriro ere.
Emaztearengana doanetan, berriz, bere izaera benetakoa erakusten digu, konplexuz betetako funtzionario xumea baita. Etxeko hizkeran aritzen da berarekin. Edozein euskalkik balio zezakeen efektu hori lortzeko, baina obra Gipuzkoa aldean bakarrik taularatu behar genuenez, gipuzkera komeni zitzaigun, eta bi aktoreak goierritarrak direla aprobetxatu genuen.
Abantaila handiak ditu modu honetara lan egiteak. Aktoreak heldulekuak aurkitzen ditu pertsonaia ñabarduraz jantzi eta bolumena emateko. Eta publikoak leku jakin batean kokatzen dituenean pertsonaiak gertuago sentitzen ditu, sinesgarriago, bere burua ikusten baitu islaturik haien barne gorabeheretan.
Barkatu, Julia eta irakurleok: orain arte ikusgai zegoena ez zen testu osoa. Gure hutsa.
Lasai: ez da zaila horrelakoak gertatzea.
Azkar asko konpondu duzue.
Eskerrik asko eguneroko zuen ahaleginagatik!
Kaixo, Julia:
“baina obra Gipuzkoa aldean bakarrik taularatu behar genuenez…” esan duzu, eta kasu hau gainditzen duen gogoeta baterako puntua eman dit horrek. Antzeko kasuak asko eta asko baitira, zoritxarrez.
Asko eta asko dira, benetan, probintzia baten mugetan geratzen diren era honetako ekimenak, gehienbat Bizkaian eta Gipuzkoan, jakina. Alegia, ez dago inolako zirkuitu “nazionalik” era honetako kultura ekintza asko beste lurraldeetara eramateko. Eta Gasteizen, adibidez, oso gutxitan ikus eta goza ditzakegu, dela hemengo Udalak interesik ez duelako, dela dagokion taldeak ez duelako. Horrela geratu gara Gasteizen ikusi gabe, adibidez, Bergarako talde batek duela urte pare bat prestatu zuen “Olentzero” musikala, Bilboko ABAO Txikik azken bi urteotan antolatu eta prestatu dituen euskarazko operak (Bilbotik kanpora ez baitituzte inon eman), duela gutxi Bilboko zineetan bai baina Gasteizkoetan ikusi ez dugun pelikula bat (izenburua ahaztu egin zait, baina herensugeei buruzko film euskaldun bat zen) eta abar (kasu honetan benetan luze bat esango dut, Euskaltzaindiak Euskaltzaindi).
Niri behintzat pena eta amorrazio ikaragarria ematen dit. Norbaitek egiten du film bat, opera bat, antzerki lan bat edo dena delakoa, halako edo holako laguntzatxo bat jasotzen du eta emanaldi bat edo bi egiten dira, hiri batean bakarrik, askotan.
Ez dakit zuen kasuan ere hala den ala ez; baina iruditzen zait era honetako ekimenek nolabaiteko laguntza publikoa izaten dutela (agian txikia, ez dakit) eta Jaurlaritzak edo Aldundiek edo Udalen arteko lankidetzak edo ez dakit nork baldintzak ipini behark lituzke lan horiek euskal zirkuitu batean jartzeko. Zoritxarrez, horrelakoa da gure politika kulturala: euskara ere probintziaka puskatuta.
Kaixo, Koldo:
Bai, egia borobila esan duzu oraintxe!
Gure kasuan, arte eszenikoen eskola bat gara, Gipuzkoan dagoen handiena: aktore profesional ezagun asko eta asko hemen formatu dira. Eskola bezala jasotzen dugu diru laguntza txiki bat Jaurlaritzatik eta beste bat Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta beste laguntzatxo bat euskarazko muntaia egiteko (600 euro), Donostiako Euskara Patronatuak emana. Dena dela, laguntza horiek eskolak emateko erabiltzen ditugu, eta ez gure lanak erakusteko.
Jakingo duzunez, Euskadin Arte Eszenikoek ez dute oraindik tokirik aurkitu unibertsitatean. Hor dabil Eszenikaren goi mailako proiektua, inork ez dakiena sekula santan martxan jarriko ote den (lehengo asteko albistea da eraikin berriaren obrak geldiarazi dituztela). Bitartean, eskola batzuk ari gara lanean (3 probintzietan) hutsune hori bete nahian. Baina gure errealitatea da Jaurlaritzarentzat ez garela existitzen, Kultura sailean kokatzen gaituzte, eta ez Hezkuntzan. Gure ikasketak ez dira ofizialak.
Garai batean, Donostiako Kultura Patronatuak laguntza ematen zigun erkidegoko eskola arteko zirkuitu batean parte hartzeko, eta horri eskerrak bospasei emanaldi egiten genituen probintziatik kanpo ere. Baina, 2008an, bertan behera gelditu zen ekimena. Geroztik, emanaldi bakarra egin ohi dugu, Donostian.
Eta egoera tamalgarri hori ez da bakarrik eskolena. Gaur egun, talde amateur pila bat dabil Euskal Herriko bazter guztietan euskara hutsean lanean, musu-truk jardun ondoren antzezlana erakutsi gabe gelditzen dena. EHAZEn (Euskal Herriko Antzerki Zale Elkartea) antzerki zale sare bat eratzen ari gara, taldeek beren eskualdean behintzat emanaldiak egin ditzaten, eta publikoak aukera izan dezan ostiralero antzezlan bat ikusteko. Gipuzkoatik hasi gara, eta Bizkaira zabaltzeko bidearen bila gabiltza. Baina elkarteak ere oso baliabide urriak ditu.
Bien bitartean, gure antzoki dotoreak eta kultur etxeetako aretoak erdi hutsik, gehienbat konpainia profesionalentzat erabiltzen dira. Programatzaileen esku bizi gara…
Gure politika kulturala: plangintza falta ikaragarria.
Agian izen ingeles moderno eta kul batez bataiatu bazenute elkartea, eta ez euskara zaharkituan, askoz erakargarriago bilakatuko zinatekete Jaurlaritzako Denborapasa Sailarentzat (zer Kultura eta zer Hezkuntza!).
Performing arts and theater Basque center-ekin egin saiakera adibidez, eta ikusiko duzue zeinen ongi doakizuen!
Eta aurretik “bilingual” edo “multilingual” bat txertatzen badiozue, arrakasta segurua! Bolo-boloka emango duzue urtea.
Bi guota, mai friens
Jaja…
Ez da ideia txarra