Agur-gutuna maitasun-gutun bihurtu zuen itzultzailea

Koro Garmendia Iartza

Gogoan dut behinola, duela zenbait urte, artikulu polit bat irakurri nuela aldizkari batean. Hizkuntzak jakiteak itzultzaileari aitortzen dion boterearekin eta askatasunarekin lotua. Eta, era berean, egoera aintzat hartuta, itzulpen fin-fina edota zertxobait moldatua egitearen zilegitasunarekin.

Artikulu haren idazleari, aspaldi eta halabeharrez, itzultzaile-lanak egitea egokitu zitzaion. Gerra-urteak ziren. Hainbat hizkuntza zekizkienez, kontrako bandoaren mezuak itzultzen aritzen zen. Behin batean, mutil gazte bat hurreratu zitzaion, gutun bat eskuetan zuela. Ez edonolakoa: maitasun-gutuna zen, neska-lagunak idatzia. Mutilak menderatzen ez zuen hizkuntzan. Bertan izkiriatutako hitzak ezin ulertu, eta idazlearengana jo zuen gazteak, maiteak zuzendu zizkion esaldiak entzuteko irrikaz. Hartu zuen, bada, idazleak eskuetan eskuizkribua, eta isilean irakurtzen hasi zen. Baina, oh! Maitasunezkoa ez! Agur-gutuna zen hura! Polita izan zela haien artekoa, mutil aparta zela, baina beste bat ezagutu zuela… Idazlea, ondoan zuen gaztearen urduritasunarekin eta ezinegonarekin hunkituta, zer egin ez zekiela gelditu zen. Nola eman mutilari halako berri iluna? Gerrarekin nahikoa zorigaizto ez, eta gainera halako albisteak iritsi behar! Mutil gaixoa! Zergatik kolpatu haren bihotza? Zalantzak piztu zitzaizkion idazleari… Gutunak egiaz zioena adierazi, ala kontrako mezua helarazi? Mutilaren nahigabea eragin, ala maitearen lausenguaz poztu? Buruak bide bat hartzeko esaten zion, eta bihotzak beste bat aholkatzen.

Errukituta, gaztea ez nahigabetzearen aldeko hautua egin zuen. Alderantzikatu egingo zuen gutunaren mezua. Bi hizkuntzak menderatzearen botereaz baliatuz, muzin egin zion egia krudelaren mezulari izateari. Traduttore traditore. Baina fede onekoa.

Idazlearen irudimenak sorturiko azken esaldia bukatzearekin bat, malkotan hasi zen mutila. Triste. Pozik. Maiteminduta. Gutuna eskuetan hartu, eta eskerrak eman zizkion itzultzaileari. Noiz arte iraungo ote zuen gaztearen gezurrezko hitz gozo haien ametsak? Bada, segur aski, berriz ere esaldi polit horiek entzuteko grinak bultzatuta, beste itzultzaile batengana jo arte… Tamalez, ez dakigu bigarren horrek zer bide hautatu zuen…

2 erantzun “Agur-gutuna maitasun-gutun bihurtu zuen itzultzailea” bidalketan

  1. Ederra pasadizoa, eta gogoeta egiteko bide zabala eskaintzen duena. Gogora ekartzen dit betiereko kontu filosofiko hura: zer nahiago, egiaren sufrikarioa edo engainuaren poza?

  2. Eskerrik asko, Iñaki. Hain zuzen ere, aipatu duzun dikotomia filosofikoa dago muin-muinean. Eta ez da samurra izaten bide bat aukeratu behar izatea…

Utzi erantzuna